'Cabacas auzia'. Epaia

Sei akusatuetatik bakarra zigortu dute 'Cabacas auziko' epaian

Bi urteko kartzela ezarri diote ertzain bati, eta beste bostak absolbitu egin dituzte. Epaileek diote Ertzaintzaren oldarraldiak ez zuela «justifikaziorik», eta oso kritiko azaldu dira ikerketa «eskasarekin»
Iñigo Cabacasen auziko epaiketako lehenengo saioa, joan den urriaren 15ean, Bilbon, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Epaimahaiaren aurrean eserita, akusatuetako batzuk.
Iñigo Cabacasen auziko epaiketako lehenengo saioa, joan den urriaren 15ean, Bilbon, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Epaimahaiaren aurrean eserita, akusatuetako batzuk. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko azaroak 30
Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaian akusatu bakarra zigortu dute: Juan Jose de Pablo Ertzaintzaren ofizial erretiratua. Bi urteko kartzela eta lau urteko inhabilitazioa ezarri diote, «zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa» delitu batengatik. Gainerako bost ertzain auzipetuak —ofizialorde bi eta hiru ertzain—, absolbitu egin dituzte. Aho batez hartu dute erabakia Reyes Goenaga, Juan Manuel Iruretagoiena eta Jesus Agustin Pueyo Bizkaiko Lurralde Auzitegiko lehen sekzioko epaileek.

Epaia, bestela, oso gogorra da Ertzaintzaren jokabidea baloratzean; izan ere, epaileek diotenez, Ertzaintzaren oldarraldia «neurrigabea eta bidegabea» izan zen —2012ko apirilaren 5ean jazo zen, Bilbon—, polizia operazioan «deskoordinazioa» izan zen nagusi, ez da egia «objektuak masiboki jaurtiki» zizkietenik, Ertzaintzaren ikerketa «eskasa» izan zen, eta epaiketan deklaratu zuten ertzainen testigantzak «espiritu korporatiboz eta ardurak saihesteko asmoz» beteak ziren.

Epaileek diotenez, «inolako zalantzarik gabe» Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen Cabacas. Hala ere, ezinezkoa iruditzen zaie pilota nork bota zuen zehaztea; tiro egiteaz akusatutako hiru ertzainez gain, uste dute haien hiru furgonetetan zihoazen ertzain gehiagok ere egin zutela tiro, eta ez dute baztertzen beste bi furgonetatan zihoazenek ere tiro egin izana. Beraz, hiru ertzain horiek absolbitzea erabaki dute. Buruan pilotakada bat jaso zuen Cabacasek, eta egun batzuetara zendu zen.

Edozein modutan, tiroaren egilea nor izan zen ezin zehaztu izana, beste arrazoi batzuen artean, Ertzaintzaren jokabidearen ondorio dela diote epaileek: «Ezin dugu jakin nork egin zuen biktimaren heriotza ekarri zuen tiroa (...) besteak beste, gertaerak jazo zirenean begizko ikuskatzerik egin ez zelako, lekua babestu ez zelako, eta erabilitako armak gorde eta ez zituztelako aztertu».

Auzipetuta zeuden bi ofizialordeak ere errugabetu dituzte. 1283 agentearen kasuan, ez dago frogatuta tiro egiteko agindu zuenik. 5351ren kasuan, aldiz, epaileek uste dute tiro egiteko agindu zuela «tokira iritsi aurretik ere», ez zela zain egon aginduak jaso arte eta ez zuela egoera ongi neurtu, baina, hala ere, ezin frogatuzkoa denez hark agindutako tiro bat izan zela Cabacas hil zuena, hura ere absolbitu egin dute.

Desberdina izan da De Pablo ofizialarekin erabilitako irizpidea. Epaileen arabera, hura zen mailarik gorena zuen ertzaina han zeudenen artean, eta, hortaz, operazioaren arduraduna sektore hartan. Ez zuen tiro egiteko agindu, baina tiro egiteari uzteko agindurik ere ez zuen eman, ez zien benetako egoeraren berri eman bere goikoei, eta furgonetatik jaitsi ere ez zen egin. Epaileen iritziz, arduradun nagusia izanik, «omisioa» edo gertatzen ari zena geldiarazteko ezer egin ez izana zigortzeko modukoa da; are gehiago, kontuan izanik «omisio hori gertatu izan ez balitz, ondorioa ere [Cabacasen heriotza]» ez zatekeela gertatuko. Horregatik, bi urteko kartzela zigorra ezarri diote. Ondorioz, ez dute espetxeratuko.

Bitxia bada ere, zigortutako ertzaina izan zen ahozko epaiketan Ertzaintzaren bertsio ofiziala zalantzan jarri zuen bakarra: esan zuen hara iritsi zirenean kalezuloan ez zela ezer larririk gertatzen ari, bera ez zela kalezuloan sartzearen aldekoa, eta ertzainak hara bidaltzeko erabakia «okerra» izan zela, «edo sarraski bat egiteko nahia». Baina goi mailako ertzain guztiek —Jorge Aldekoa Ertzaintzaren arduradun nagusiak eta Ugarteko ezizeneko ertzainburuak, bereziki— euren deklarazioetan De Pablo egin zuten guztiaren errudun, eta, orain, epaileek deklarazio horiek erabili dituzte hura erruduntzat jotzeko.

«Objektu zaparradarik» ez

Epaian epaileek gertaeren kontakizun kronologikoa egin dute, frogatzat aurkezturiko bideo eta audioak erabiliz. Ondorioa argia da: iritsi zirenean botilak, harriak eta bestelakoak bota zizkietela esan zuten ertzainen bertsioa, erabat gezurtatu dute. «Gehienez ere, han-hemenka objekturen bat bota zieten, baina ezin da inola ere objektu zaparradaz edo jaurtiketa masiboaz hitz egin». Hori ez zen izan ertzain askok deklaratutakoa, baina epaileek uste dute deklarazio horien «sinesgarritasunaz» zalantza egin daitekeela, «horietako asko subjektibotasunez, erantzukizunak saihesteko nahiaz eta nolabaiteko espiritu korporatiboz» egon zirelako.

Ertzain haietako batzuen deklarazioak aztertu dituzte epaileek, eta ondorioa da haietako askok bertsio bati eusten diotela, irudietan kontrakoa agertzen den arren, edo esaten dute ez zutela zerbait ikusi, ondo-ondoan zeudela frogatuta egon arren.

Hainbat adibide eman dituzte epaian. Esaterako, hiru furgonetetan zihoazen ertzain gehienek esan izan dute ez zituztela lankideak ikusi tiro egiten. «Badakigu hori ez dela egia, bideoak argi erakusten digu furgonetak non zeuden, eta ezinezkoa da handik tiro egin dutela aitortu duten ertzainak ez ikustea», diote Goenaga, Iruretagoiena eta Pueyok.

Epaileek uste dute ertzainen deklarazioak «gertatutakoaren larritasunak eta leporatu ahal zieten erantzukizunak baldintzatuta» egon direla. Aldiz, gainerako lekukoen testigantzak ere aztertu dituzte —Cabacasen lagunenak, Ertzaintzaren erasoaldia gertatzean kalezuloan zeudenenak, inguruetako bizilagunenak...—, eta ondorioa kontrakoa da: ñabardurak ñabardura, ez dago arrazoirik horien sinesgarritasunaz duda egiteko». Gehienek zioten han ez zela istilurik izan.

Ustez, polizia baliabideak kale hartara bidaltzearen arrazoia izan zen liskar bat gertatu zela gazte batzuen artean. Baina lehen patruila iristean, liskarrean nahastutako gazteak alde eginak ziren, eta egoera normala zen. Epaileen ustez, operazioa orduantxe amaitu behar zen: «Operazioaren arduradunak jakin behar zuen baliabideak hara bidali izanaren arrazoiak ordurako ez zuela zentzurik», azaldu dute epaian. Hori egin beharrean, ondorioa izan zen «polizia baliabideen kopuruaren neurrigabeko igoera, poliziaren jardunak eragindako tentsioaren igoera, eta kontrol falta eta deskoordinazio sentsazioa».

Ertzaintzaren ikerketaz eta armak jagoteko moduaz ere oso kritiko dira epaileak. Diotenez, gau hartan erabilitako armak gordetzea «ez zen hain zaila», eta horrek ahalbidetuko zuen tiro egin zuten ertzain guztiak auzipetzea, eta are Cabacas hil zuen ertzaina identifikatzea. «Hori egin beharrean, armak garbitu zituzten, eta horien gainean egin zitekeen edozein ikerketa ezinezko bilakatu».

«Inpunitatea bermatzeko»

Sortuk dio epaiketak «ertzainen inpunitatea bermatzeko» balio izan duela, ez «justizia egiteko». «Ausardia» eskatu die Ertzaintzaren arduradun politikoei, «eragindako mina onartzeko». Julen Arzuagak (EH Bildu) esan du heriotzaren arduradunek zigorgabe jarraitzen dutela.

Cabacasen lagun eta senideek elkarretaratzea egingo dute gaur, 17:00etan, Bilboko Justizia jauregiaren aurrean, eta epaiaren inguruko iritzia emango dute.

Pagaburua

Epaiaren lehen erreakzioak, sarean

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Gotzon Hermosilla

Informazio osagarria