Albistea entzun

Gatazkaren konponbidea. Euskal presoak

Parisekin elkarrizketa «etenda» dagoela dio euskal ordezkaritzak

Justizia Ministerioak urritik ez du presorik hurbildu, emakumeak oraindik batzeke ditu, eta ez du eman baldintzapeko askatasunik; «agenda blokeatuta» dago. Euskal ordezkariek mobilizatzera deitu dute
Vincent Bru, Jean Rene Etxegarai, Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin, atzoko agerraldian.
Vincent Bru, Jean Rene Etxegarai, Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin, atzoko agerraldian. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola. Jon O. Urain -

2018ko abenduak 15 - Baiona

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioak euskal presoen auziko «elkarrizketa etena» dute «une hauetan». Hala esan du Anaiz Funosas Bake Bideko presidente eta euskal ordezkaritzako kideak, Baionan, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariarekin, Vincent Bru Frantziako diputatuarekin (Martxan) eta Mixel Berhokoirigoin bakegilearekin emandako prentsaurrekoan. Azken hilabeteetan ez dira ados jarri Parisekin mahai gainean izandako gaiez. «Agenda blokeatuta da. Elkarrizketa ez da hautsia, baina bai etena», adierazi du Funosasek, Euskal Elkargoan egindako agerraldian. Prozesuari «bultzada bat» emateko, beharrezkoa ikusi dute berriz ere indar bat egitea Ipar Euskal Herriko instituzioek eta gizarte zibilak, eta, kasurako, dei egin dute urtarrilaren 12ko Baionako manifestaziorako —Bilbon ere izango da—.

Iazko apirilean ETA armagabetu ondotik —Frantziak azkenerako jarrera erraztailea izan zuen—, Orain presoak! aldarrikatu zuten Bakegileek, eta, agintean jada Emmanuel Macron (Martxan) zela, uztailean bilera egin zuten Justizia Ministerioarekin. Ofizialki, urrian jakinarazi zuten bi aldeek mahai bat eratu zutela presoen auzia lantzeko. Batzuei DPS estatusa kendu ondotik, Paris aurtengo otsailean hasi zen presoak gerturatzen. Harrezkero, euskal ordezkaritzarekin adostuta, 24 hurbildu ditu Mont-de-Marsango eta Lannemezango kartzeletara, eta beste bat Muretekora, baina horren kokapena euskal taldearekin adostu gabe. Mugimenduon berri izan du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, ordezkaritzak harekin hartu-eman bat hasi zuelako, gobernuak bazekiela eta ontzat joa zuela.

Ministerioarekin izandako hartu-emanen errepasoa egin du Bruk: «Helburua zen ohiko zuzenbidea ezartzea presoei, ez erabiltzea salbuespen legeria. Arrisku bat ez diren heinean, zergatik ezarri neurri baztertzaileak?». Aitortu duenez, «zailtasunak» izan zituzten «Parisen» zenbait eskaerarekin ulerkor azaltzeko, baina erantsi du bilerak «konfiantza giroan» eta «diskrezioan» egin zituztela.

Orain arte, hurbilketa izan da «pausorik ikusgarriena», Funosasek azaldu duenez. Datu bat eman du: iaz, abenduaren 9an Parisen manifestazioa egin zutenean, Mont-de-Marsanen euskal preso bat zegoen eta Lannemezanen sei, eta, orain, hamalau eta hamahiru daude, hurrenez hurren —aldi honetan, hara eramandako batzuk libre gelditu dira—. Dena dela, azkeneko bi hurbilketak urriaren erdialdera egin zituen Frantziak.

Baldintzak betetzen direlako beste preso batzuk ere bi espetxeotara eramateko eskatu izan du ordezkaritzak —Jakes Esnal, Garikoitz Aspiazu, Aitzol Iriondo eta Mikel Karrera; lehen hirurak bakarrik daude euren kartzelan—, baina Parisen ezezkoa jaso du.

Frantzian preso dauden hamar euskal emakumeak kartzela batean batzeko ere galdegin dute —haientzako modulurik ez dago Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen—, baina Parisek ez du baikorki erantzun oraindik. Halaber, gaixorik dauden euskal presoak ez ditu askatu Frantziak. Baldintzapeko askatasunik ere ez die eman Ion Parot, Jakes Esnal, eta Frederic Aranbururi —29 urte daramatzate kartzelan—, eta baldintzapeko askatasunerako lege ezaugarriak betetzen dituzten besteentzat ez du legedia moldatu. Gainera, oraindik hamabi presok daukate DPS estatusa.

Gaur egun, hiru euskal preso daude epaiketa egin gabe —Xabier Goienetxea, Iñaki Reta eta David Pla—, eta, behin-behinekotasuna dela medio, Paris aldean dauzkate gatibu. Goienetxeak eta Retak datorren astean izango du epaiketa, eta Plak, urte hasieran.

Funosasek esan du urtebete pasa honetan Justizia Ministerioaren eta ordezkaritzaren artean «konfiantza» izateko lan egin dutela, baina ikusi dute hau zela garaia «etena» publiko egiteko.

Izan ere, ministerioarekiko etena Espainiako Gobernura PSOE iristearekin lotu du Etxegaraik: «Ez dut esango kausa-efektu bat dagoenik, baina ministerioaren partetik zalantza batzuk antzematen ditugu harrezkero». Antzera mintzatu da Berhokoirigoin ere. Haren esanetan, bistan da Frantziako eta Espainiako egungo gobernuak «hurbilago» daudela espetxe politikaren ikuskeran, baina ez dakite bideak bateratzeko ustez denbora bat hartu behar izateak eragin duen Parisen geldialdia. Funosas: «Gure lehentasuna orain da hemen zer egin dezakegun prozesua bultzatzeko». Armagabetze prozesua jarri du eredu modura. Berhokoirigoinenek adierazi du «elkarrizketa eta mobilizazioa» ez daudela «kontrajarriak», eta ordezkaritzak orain arteko hiru printzipioekin segituko duela lanean: «Aniztasuna, kontsentsua eta transbertsaltasunarekin».

«Funtsezkoa egiteke dago»

Urtarrilaren 12rako antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzera deitu du Etxegaraik, argudiatuta «dinamika berri bat» abiatu behar dela bake prozesuan: «Ez da gertatu behar azken hilabeteetan gertatu dena; guztiz kontrakoa baizik». Gogora ekarri ditu konponbide prozesuan urteotan igarotako «fase oso garrantzitsuak», Aieteko konferentzia (2011), Luhusoko armagabetze saioa (2016), ETAren armagabetzea (2017), ETAren desegitea (2018) eta Kanboko topaketa, kasurako; «asko» egin dela uste du Etxegaraik, baina baita «funtsezkoa egiteke» dagoela ere: «Gatazkaren ondorioak —hots, biktimen eta presoen egoera— lantzen ez ditugun bitartean, ez dugu gatazka behin betiko konponduko».

Etxegarairen iritziz, «bake iraunkorra» lortzeko baldintzak daude, baina beste pauso bat emateko beharra nabarmendu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zazpi alkateak, gaur goizeko agerraldian. ©EH BILDU

EH Bilduko alkateek txosten bat eskatuko dute Ingurumen Administrazioko Legeak udalen eskumenetan izango duen eraginaz

Jone Arruabarrena

EAJ eta PSEri leporatu diete «demokraziaren kontrako erasoa» dela legeari egin nahi dioten aldaketa, eta udalen eskumenak urratzea dakarrela. Hamabost eguneko epean txostena aurkezteko galdegin diote EUDELi.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.