Konponbiderako saioak nabarmendu dituzte Plak eta Sorzabalek Parisen

Atzo hasi zen ETAko bi kide ohien kontrako epaiketa Parisko Auzitegi Korrekzionalean. Auzipetuek adierazi dute atxilotuak izan arte Frantziarekin eta Espainiarekin elkarrizketak abiatzen saiatu zirela
Iratxe Sorzabal eta David Plari babesa erakusteko Euskal Herritik joandako herritarrak, Parisko auzitegiko sala aitzinean, atzo arratsaldean.
Iratxe Sorzabal eta David Plari babesa erakusteko Euskal Herritik joandako herritarrak, Parisko auzitegiko sala aitzinean, atzo arratsaldean. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI

Ekhi Erremundegi Beloki - Berriemaile berezia

2019ko otsailak 5
«Bake prozesu bat eraiki ahal izateko esperantzarekin lan egin dugu». David Pla ETAko kide ohiaren hitzak dira, Parisko Auzitegi Korrekzionalaren aitzinean. Atzo hasi zen bera eta Iratxe Sorzabalen kontrako epaiketa. 2015eko irailean atxilotu zituzten biak, Baigorrin (Nafarroa Behera), ETAko kideak izatea leporatuta. Gaizkile taldeko kide izatea eta armak eta dokumentu faltsuak ukaitea egozten diete; gehienez ere hamar urteko zigorraren arriskua dute. Haien militantzia aitortu zuten atzo, iazko maiatzaren 4an ETA desegin zenetik ez direla gehiago erakundeko kide argudiatuta.

2015eko sarekadan, Pantxo Flores eta Ramon Sagarzazu ere atxilotu zituzten, baina, testuinguru politiko berria onartuta, bien auziak artxibatu zituen epaileak udazkenean. Sagarzazuren kasuan, epaileak azaldu zuen ez dela delitua ETAko kideekin «bake prozesuaz eztabaidatzea». Hori baita aferaren funtsa: Sagarzazurekin ETAren elkarrizketarako ordezkari gisa elkartu zela adierazi zuen Plak atzo, «prozesuaren blokeoa ikusita nola aitzinatu zitekeen aztertzeko. Militante ohi gisa, Sagarzazuren iritzia entzun nahi genuen». Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak egiteko klandestinitatean egin zuten azken bilkura izan zen. Helburu berarekin aitzinetik egindako ibilbidea ezagutzeko aukera izan zen atzoko auzialdia.

Aieteko Konferentzia aitzin egindako urratsak esplikatu zituen Plak. Azaldu zuen 2010etik aitzina ETAren elkarrizketarako ordezkari izendatu zutela, eta nazioarteko eragileekin bilkurak egiten hasi zela, «bake prozesu bat abiatzeko aukerak ikusi eta ondorengo urratsak aztertzeko». 2010eko otsailean onartu zuen su etena ETAk —ez publikoa—, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa prozesu bat abiatzeko helburuarekin. Nazioarteko bitartekarien bidez Espainiari mezua bidali, eta aurre akordio batera iritsi zirela kontatu zuen. Hala, 2011ko urrian ETAren ordezkaritza Europako herrialde batera mugitu zela adierazi zuen, Frantzia eta Espainiarekin negoziazioak irekitzeko. «Ordezkaritza ez zegoen klandestinitatean; ordezkaritza ofizial gisa zegoen, herrialdeko autoritateek onartuta».

Plak azaldu zuenez Espainiako Gobernuak egin zion eskaera herrialde horri (Norvegia), baina ondoren ez zuen urratsik egin erakundearekin elkarrizketak abiatzeko. 2013ko otsaila arte egon zen han ETAren ordezkaritza, nazioarteko eragileekin. Irlandako eta Hego Afrikako prozesuen esperientziak aztertzeko aukera izan zela esplikatu zuen atzo. Artean, bi gobernuekin egindako saiakeren berri eman zuen Plak:2012ko udazkenean, armategiaren zati handi bat suntsitzeko proposamena egin zion Frantziako Gobernuari, hark, elkarrizketak abiatzeko ordezkari bat bidali zezan. «ETAk ez zuen baldintzarik eskatzen. Lehen blokeoa gaindituta, pentsatzen genuen elkarrizketaren bidez akordioetara iristea. Borondate osoa genuen konfrontazioaren amaierara iristeko», azaldu zuen Plak. Proposamena «serioa» zela erantzun zuen Frantziak, baina zerbait egitekotan Espainiari zegokiola. Urte berean, Espainiako Gobernuak bitartekari bat bidali zuen, ETArekin «elkarrizketa iraunkor, egonkor eta diskretua» abiatzeko. Ez zen gobernuko kide bat, Eliza Katolikoarekin harremanean den pertsona bat baizik, beste bake prozesu batzuetan jardun duena. «ETAk baiezkoan erantzun zion proposamenari, baina bitartekariari eskatu zion Espainiak argitu zezala zer helburu zuen». Hortik aitzina, bidea itxi zuen Espainiak. «ETAk borroka armatua uztearekin, Espainiak ez ditu hartutako engaiamenduak bete».

Armak eta klandestinitatea

Epaitegiak egindako galdera guziei erantzun zieten Plak eta Sorzabalek, baina ez zuten haien eskuetan aurkitutako, arma, dokumentu faltsu eta bestelakoen xehetasunetan sartu nahi izan. «Kontua ez da arma horiek norenak diren, baizik eta, ez zutela gehiago urte batzuk lehenago zuten helburu bera». Zertarako zeramatzaten eskatuta, beren burua babesteko zela adierazi zuen Plak, urteetan ETAko kideak «erasotuak eta hilak» izan direla ohartarazita. Besteak beste, GALen garaiak eta Jon Anzaren desagerpena eman zituen adibidetzat. 2011ko irailean Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin hartutako engaiamendua zela adierazi zuen. Xantiana Cachenaut abokatuak ohartarazi zuen orduz geroztik ez duela nehork armarik erabili.

Klandestinitatean eta armekin bizi zirela azpimarratu zuen magistratu batek. «Zer aldatu da 2010etik?», galdetu zuen. «Aldatu ez den bakarra funtzionamendu klandestinoa izan da», erantzun zion Plak. «Ez da izan ekintza armaturik, ez da bilatu ekintza armatuen helbururik, ez da lehergailurik prestatu, eta ez da zerga iraultzailerik jaso». Kolonbiako prozesua adibidetzat hartuta, adierazi zuen klandestinitatea ez dela egun batetik bestera uzten, eta hori zela konponbide prozesuaren helburuetako bat. ETAk egindako ekintzei buruz ere galdetu zieten bi akusatuei. «ETAko kide gisa, ekintza guziak asumitzen ditut. Nahiagoko genuen Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko indarra erabili behar izan ez bagenu, eta jadanik ETAk publikoki adierazi bezala sentitzen dugu eragindako mina».

Sorzabalen aurrekariak zerrendatu zituen epaileak, Espainiar justiziaren dokumentuak aipatuz. Hunkituta, torturapean egindako deklarazioetan oinarrituak direla erran zuen Sorzabalek. Istanbulgo Protokoloa aplikatu diote auzi honetarako, eta jasandakoa baieztatzen duela berretsi zuen Cachenautek.

Lekukoek ere hartu zuten hitza. Anne Marie Borde Sud Ouest-eko kazetari ohia eta Bake Bideko kideak, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak gatazkaren konponbidearen alde hartu zuen hitza, eta Jean Pierre Massias zuzenbide irakasleak justizia trantsizionaleko neurrien beharra azpimarratu zuen.

Jende andana hurbildu zen Euskal Herritik bi auzipetuei babesa erakustera, tartean, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea eta Graxi Etxebehere. EH Baik eta EH Bilduk ere ordezkaritza bidali zuten: «ETAren amaiera prozesua Plak eta Sorzabalek gidatu zuten, Frantzia eta Espainiako gobernuen oztopoen gainetik», adierazi zuen Julen Arzuagak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna