Bilboko geltoki intermodal berriak askotariko garraioak uztartuko ditu

Lur azpiko egitura bat izango da. Aldirietako trenak, autobusak, metroa, tranbia, taxiak eta bizikleten udal zerbitzua hartuko ditu geltoki berriak. Egitasmoak 40 milioi eurotik gorako aurrekontua izan du

Bilboko geltoki intermodalaren lanak, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Datorren astean zabalduko ditu ateak Bilbo Intermodal izeneko geltoki berriak. Asteazken goizean izango da inaugurazio ekitaldi ofiziala, hilaren 27an. Asteazken arratsaldean eta ostegun goizean irekirik egongo da, hura ezagutu nahi duten herritarrek horretarako aukera izan dezaten; ostegun arratsaldez itxi egingo dute, geltoki zaharretik berrirako azken aldaketak egin ahal izateko; eta ostiral goizean, 06:00etan, normal funtzionatzen hasiko da, eta lehenengo autobusak handik abiatuko dira. Aurreikusten da geltoki zaharretik irtengo diren azken autobusak ere ostiral goizaldean aterako direla.

Orain abian jarriko dena lur azpiko egitura bat izango da. Izan ere, lur arras dagoen plaza ez dago oraindik amaiturik —inguruetan hotel bat eta ikasleentzako egoitza bat eraikitzeko asmoa dute—.

Azpiegitura horrek 40 milioi eurotik gora balio izan du, eta udal agintariek nabarmendu dute lan guztiak amaitu ostean Basurtu auzoak 7.500 metro koadroko gune bat irabaziko duela.

Lanak 2017. urtearen amaieran hasi ziren, eta aurreikusi baino bi hilabete geroago amaitu dituzte. Hiri Plangintzako Saileko zinegotziak «guztiz normaltzat» jo du bi hilabeteko atzerapen hori, «lanen konplexutasuna» aintzat hartuta: «Ez dut inoiz ezagutu hain azkar burutu den munta honetako azpiegiturarik», azaldu du.

Lanen tamainaren adibide gisa, Abaunzak esan du 300.000 metro kubo lur atera behar izan dutela lur azpian egongo dirensolairuak eraiki ahal izateko. «Hain lan zaila izanik, edozein atzerapenek hurrengo faseetako lanei eragiten die; ez da egon arrazoi bakarra lanak atzeratzeko, arazo txiki askoren kateatzea baizik», azaldu du Abaunzak.

Lau solairu

Azpiegiturak lau solairu izango ditu, den-denak lur azpian. Lur arrasean, 700 metro koadroko areto bat egongo da, eta han izango dira geltokirako sarbideak ere. Horretaz gain, merkataritza gune bat ere egongo da, oraindik erabat amaitu gabe dagoena. Geroan, merkataritza gune horrekin batera, hotel bat, gimnasio bat eta ikasleentzako egoitza bat ere egingo dituzte han.

Lehenengo solairuan, geltokiaren zerbitzu nagusiak kokatuko dituzte: txartelak erosteko leihatilak, bulegoak, poltsak gordetzeko kutxak eta abar. Bigarrenean nasak egongo dira, 30 orotara; gune hori beiraz inguratuta eta isolatuta egongo da.

Hirugarren eta laugarren solairuetan, berriz, txandakako aparkalekuak egongo dira, bostehun baino gehiago, bai eta autobusak uzteko, zaintzeko eta garbitzeko guneak ere, autobus horiek bidaldirik ez dutenean erabiltzekoak. Asier Abaunza zinegotziak esan duenez, autobusetako gune horrek aukera ematen du, gaur egun dauden 30 nasak aski izango ez balira, nasa moduan erabili eta geltokiak eskaintzen dituen zerbitzuak handitzeko.

Azpiegiturak bi sarbide nagusi izango ditu, eta, horretaz gainera, hirugarren sarrera bat ere edukiko du, gauez iristen diren autobusek erabiliko dutena. Hortaz, autobus horiek sartu ahal izango dira geltokia itxita egonda ere.

Aurrerantzean, garraio publikorik garrantzitsuenak eskura eta leku bakar batean izango dituzte bilbotarrek eta hiriburura jotzen duten bisitariek; Bilbo Intermodalak, izan ere, aldirietako trenak, metroa, tranbia, autobusak, taxiak eta bizikleten udal zerbitzua bilduko ditu. Loiuko aireportuarekin ere lotura zuzena izango du intermodalak.

Gainera, Bilbobus Bilboko autobus zerbitzua ere hara eramango dute. Udal agintariek esan dute aldaketa hori «apurka-apurka» egingo dutela, erabiltzaileei ahalik eta enbarazu gutxien eragiteko asmoz, eta iragarri dute datorren astean Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Sailak agerraldia egingo duela Bilbobuseko aldaketa horien berri emateko.

Teknikariek kalkulatu dutenez, urtean zazpi milioi bidaiarik erabiliko dute azpiegitura berria —«aireportua baino bi milioi gehiagok», Bilboko alkateJuan Maria Aburtok zehaztu duenez—.

Udal agintariek azaldutakoaren arabera, azpiegituraren erabiltzaileek ere aldatu egin beharko dute jokatzeko modua: izan ere, geltokiak «aireportu baten modura» funtzionatuko du, eta, aireportuetan gertatzen den bezala, garraioetako bat erabiltzeko txartela dutenak bakarrik sartu ahal izango dira nasetako gunera, gehienez ere garraiobidea hartu baino hamabost minutu lehenago. «Segurtasun arrazoiak» aipatu dituzte horretarako. Gune hori beiraz estalirik egongo denez, bidaiarien zain daudenek barruko esparrua ikusi ahal izango dute bertara sartzeko beharrik izan gabe, aireportuetan gertatzen den antzera.

«Modernoak eta seguruak»

Bilboko alkate Juan Maria Aburtok esan du datorren astean zabalduko dituzten azpiegiturak «modernoak eta seguruak» izango direla, eta haien funtzionamendua oso desberdina izango dela orain arte Bilbon zuten Termibus geltokiarenarekin alderatuta: «Intermodalitatea, segurtasuna eta modernitatea dira hiriaren proiektu honen gakoak».

Gainera, Aburtoren arabera, «hazteko ahalmena» izango du azpiegitura berriak, eta ziur agertu da orain aurreikusten duten zazpi milioi bidaiariren kopuru hori laster txiki geldituko dena. «Hiriak nazioartean kokatzeko elkarrekin lehian aritzen garen honetan, azpiegitura honek beste bultzada bat emango digulakoan nago», azaldu du.

Aburtok gogorarazi du badagoela AHT abiadura handiko trena Abandoko geltokira iristeko egitasmoa ere: «Horrek, hegazkin bidezko konexioek eta orain aurkezten ari garen azpiegiturak abantaila handiko egoera batean kokatzen gaituzte».

Bilboko alkateak eskerrak eman dizkie Basurtuko eta inguruetako auzotarrei, «erakutsi duten pazientzia» dela eta: «Badakigu ez dela erraza izan Basurtuko auzotarrentzat obrekin bizi behar izana». Haren esanetan, azpiegitura berriak Basurtuko auzotarren «bizi kalitatean» ere eragin ona izango du, «ezabatu egingo baititugu lur gaineko autobus geltoki batek eragiten dituen eragozpen guztiak, ez bakarrik zirkulazioarenak, baita zaratarenak ere». Aburtoren ustez, Bilboko Udalak «auzoen alde egiten duen hautuaren adierazgarri» da hori.

Edonola ere, Bilboko alkateak gogorarazi die Basurtuko auzotarrei oraindik ere bolada batez jasan behar izango dituztela lanek eragiten dizkieten eragozpenak, lur gaineko lanak amaitu gabe daudelako. Teknikariek kalkulatu dute urtebete inguru iraungo dutela plaza atontzen bukatzeko lanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.