Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Sutea gaur itzaltzea espero dute

Hondakindegitik ateratzen ari diren materiala alboko harrobi batera eramango dute, baina erakunde arteko mahaiak ez du argitu nora bideratuko diren Zaldibarren jaso beharreko zabor kamioiak

Hamar egun daramatzate zabortegiko sutea amatatu ezinik; gaur itzaltzea espero dute. MIGUEL TOÑA / EFE.
Maite Asensio Lozano.
Zaldibar
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun

Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) piztutako sutea itzaltzeko eta desagertutako bi langileak aurkitzeko aurrerapauso esanguratsuak ematen ari dira azken orduotan. Hilaren 6an gertatutako luiziari buruzko erakunde arteko mahai teknikoaren arduradunek atzo eguerdian adierazi zuten garrak ordu batzuetan amatatzea aurreikusten zutela, eta atzo iluntzerako ke zutabe bakarra ageri zen; beraz, gaur itzaltzea espero dute. Era berean, lurrak egonkortzeko eta bi beharginak lurperatuta dauden eremura hurbiltzeko lanak ere aurrera doazela berretsi zuen Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak: «Orain arte ingurua prestatzen aritu gara, eta gaur [atzo] jada bilaketa gunean gaude».

Luizia gertatu eta biharamunean piztu zen sutea Verter Recycling 2002 SM enpresaren hondakindegian, eta itzali ezinik aritu dira hamar egunez. Airetik ura botaz saiatu ziren lehenik, baina lurretik jardutea erabaki zuten gero: makinen bidez, garretara lurra botatzen ari dira, «sua itotzeko». Horretarako, baina, sutea dagoen tokira iritsi behar dute. «Zabortegiaren goiko aldean dago sua, gune oso ezegonkorrean. Hara heltzeko, egonkortze plataformak eraikitzen ari gara», azaldu zuen Ura agentziako zuzendari Ernesto Martinez de Cabredok. Hala, zapatuan lortu zuten garren fokuetako bat itzaltzea; sutearen ingurura heltzeko bi pista eraikitzen jardun dira azken orduetan, eta gaur espero dute garrak amatatzea. Dena den, ez dute baztertu sua berpiztea, beraz, zaintza talde bat mantenduko dute han.

Bycam enpresa ari da lan horiek egiten; Ekaitz Beitia bozeramaileak zehaztu zuen geologoen laguntza dutela une oro: «Material horiek berriz eror daitezke». Martinez de Cabredok nabarmendu zuen «konplexutasun tekniko handiko» abagune batean ari direla lanean, eta bertan dabiltzan beharginen lana txalotu zuen: «Ezin ditugu baliabide asko erabili; pertsonen segurtasuna kontuan izan behar dugu». Atzo euria hasi zuela eta, zalantza piztu zen sutean edo lurra egonkortzeko lanetan eragina izan zezakeen urak, baina kezkak uxatu zituen Urako ordezkariak: «Asko botako balu, arazoa litzateke, baina ez du ematen hala izango denik».

Suteak itzaltzearekin batera, airearen kalitatea hobetzea espero dute, baina dioxinen eta furanoen presentziari buruzko datu berririk ez dute emango ostegunera arte, orduan jasoko baitituzte CSIC Espainiako ikerketa zentroak aztertutako emaitzak; herenegun gauean jaso zituzten azken laginak. Horiek hala, suak zabaldutako kutsadurarekin lotutako osasun gomendioak bere horretan mantenduko ditu oraingoz Jaurlaritzak.

Halere, lasaitzeko mezua igorri nahi izan zuen atzo Osasun sailburuorde Iñaki Berraondok. Ermuko farmazietan maskak agortu direla eta, esan zuen ez dagoela horiek erabiltzeko premiarik: «Gure gomendioak dira etxeko leihoak ixtea eta kalean kirolik ez egitea». Ermuko, Eibarko eta Zaldibarko bizilagunei eman dizkiete aholku horiek, baina kezka inguruko herrietara ere hedatu da: Durangon ere airearen kalitatea neurtzeko eskatu du bertako udalak. Osasun Sailak atzo arratsaldean jakinarazi zuen ez duela baztertu gomendio horiek aplikatzeko eremua zabaltzea.

Uraren kalitateari dagokionez, Jaurlaritzak ohar bidez adierazi du zabortegiaren inguruan jasotako laginetan ez duela lindanorik atzeman, baina «lixibatuen emaria» handitu egin dela. Hilaren 11ra arte egindako neurketetan, «ez dira gainditu ingurumen kalitatearen inguruko arauak», parametro batean izan ezik: gehiegizko amonioa aurkitu dute Aixola eta Ego erreketan.

Mahai teknikoaren beste lehentasuna da desagertutako beharginak aurkitzea. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran bilatzeko lanetan ere aurrera ari dira, Zubiagaren arabera: luiziaren unean langileak non zeuden eta lurrak nola mugitu diren kontuan hartuta, bilaketarako «lehentasunezko zona» bat ezarri dute, eta ingurua egonkortu ostean, bilaketa gunean sartzeko moduan izango dira datozen orduetan.

Zaborrarekin zer egin

Obra horietan mugitzen ari diren lurrarekin eta hondakinekin zer egingo duten ere argitu zuen Zubiagak: orain arte AP-8 autobidearen alboan pilatu dituzte, baina aurrerantzean zabortegiaren sarreran dagoen harrobi zahar batera eramango dituzte. Halere, bada beste zalantza bat: nola joango dira Verter Recycling-ek jaso beharko lituzkeen hondakin kamioiak? Jesus Peña Lehendakaritzako idazkariak berretsi du material hori bideratzeko plan bat lantzen ari direla: «Asmoa da ahalik eta gutxiena mugitzen saiatzea». Zaldibarrera iritsi behar zen zabor hori aztertuko ote duten ere ez dute argitu mahai teknikoko kideek. Izan ere, igandeko BERRIAn kamioilari batek kontatutakoaren arabera, zabortegi horretara «denetik» eramaten zuten, eta hondakinak bereizi gabe isurtzen zituzten, kontrolik gabe. Ingurumen Saileko ordezkaririk ez zen izan atzoko agerraldian, eta horri buruzko adierazpenik ez zuten egin. «Arrazoizko galderak dira; bihar [gaur] erantzungo diete Eusko Legebiltzarrean», adierazi zuen Peñak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.