Koronabirusa

«Askatasuna» ospakizun, birusak gakotutako Ingalaterran

COVID-19aren kontrako ia neurri guztiak indargabetu dituzte Ingalaterran. Eguneko 50.000 kasuren bueltan dabiltza datuak oraindik, eta Osasun Ministerioak espero du 100.000raino igo daitezkeela

Gobernuak ezarritako neurrien kontrako manifestariak debekuak deuseztatu izana ospatzen, atzo, Erresuma Batuko Parlamentuaren aurrean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Handira jokatu du Ingalaterrak. Gobernuak indargabetu egin zituen atzo, aurrez iragarria zuena betez, pandemiaren kontrako neurri ia guztiak, hedabideek Askatasunaren eguna deitutakoan. Atzotik, maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa, ez dago mugarik elkartu daitekeen gehienezko jende kopuruan, eta urruntze sozialak birusaz kutsatutakoei soilik eragingo die, besteak beste.

Halaber, berriz ireki dituzte diskotekak, hamasei hilabetez itxita egon ostean —irail amaieratik aurrera ziurtagiri bat beharko da sartzeko—. Herrialdetik kanporako bidaietan ere badira aldaketak: COVID-19aren hedapenaren arrisku maila kontuan hartuta, laranja kolorea —arrisku maila handienetan bigarrena— duten herrialdeetatik bueltan iritsi diren eta txertaketa pauta osoa betea duten bidaiariek ez dute berrogeialdia egin beharko. Salbuespena dira Frantziatik Erresuma Batura itzuli behar duten bidaiariak: haiek itxialdia egin beharko dute oraindik ere. Arintzeek eraginda, %400 handitu dira Ingalaterrako biztanleek atzerrian egindako erreserbak.

Birusik gabeko jokaleku batera gerturatu da herrialdea, baina birusa hanpatuta dabil aspaldian. 50.000 kutsaturen langa gainditzen ari da azken egunetan, eta, Osasun Ministerioaren aurreikuspenen arabera, 100.000rainokoa izan daiteke gorakada neurrien deuseztapenaren ondorioz. Alabaina, kutsatuen eta ospitaleratuen artean aldea handitzen ari dela uste du Londresek: Erresuma Batuko ospitaleetan 550 ziren atzo gaitzaren ondorioz zainketa intentsiboen unitateetan zeudenak, eta 4.000 urtarrilean, birusaren bigarren olatuaren garai gorenean. Txertatutako biztanleriaren proportzioan hartu du sostengu Boris Johnsonen gobernuak, erabakia azaltzeko: Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Nazionalak heldu guztiei eskaini die txertoa. Horietatik %88k, gutxienez, hartua du dosi bat, eta %68k, biak.

Uda neurri murriztaileak kentzeko garairik onena dela ere argudiatu du gobernuak, eta lehenago edo geroago hartu beharrekotzat duen erabaki hori geroratzeak ez lukeela lagunduko. «Geure buruari galdetu behar genioke noiz itzuliko garen normaltasunera, ez bada orain», adierazi zuen Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, aitortu ondoren «zoritxarrez» COVID-19ak eragindako heriotzek gora egingo dutela datozen asteetan. Paradoxikoki, konfinatuta zegoen bitartean egin zuen ofizial Johnsonek neurriak baliogabe geratuko zirela, bere Twitter kontuan eskegitako bideo batean. Gaur zortzira arte egongo da bakartuta lehen ministroa, positibo eman duen Sajid Javid Osasun ministroarekin kontaktuan izan delako.

Zientzialarien bizkar

Komunitate zientifikoaren irizpideen kontra hartutako erabakia izan da neurriak ezabatzekoa. Horren erakusle, Erresuma Batuko eta AEBetako 122 zientzialarik izenpetutako gutun bat publikatu zuen duela bi aste The Lancet aldizkariak. Erabakia «arriskutsua» eta «goizegi hartutakoa» zela zioten.

Txertaketa tasa handiak «babes hormaren» funtzioa egingo duela azaldu zuen iragan astean Sajid Javid Osasun ministroak, baina, kutsatzeen gorakadak ohikoan dakartzan arriskuez ez ezik, aldaera berriak sortzeko aukerak areagotzeaz ere ohartarazi dute zientzialariek, baita gaitza biztanleriaren zati bati kroniko bilakatzeaz ere.

Eskoziako Gobernuak ere arindu ditu zertxobait orain arteko neurriak. Maskararen erabilera beharrezkoa izango da espazio publiko itxietan, hala ere, eta tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira gauerditik aurrera. Galesen, murrizketei eutsiko diete, gutxienez abuztu hasierara arte. Ipar Irlandan, berriz, ostegunean erabakiko dute orain arteko neurriak mantendu ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.