Ekialde Hurbileko gatazka. AEBen proposamena

Bakerik ez dakarren plana

Trumpen Ekialde Hurbilerako egitasmoak kritika oldea eragin du. Proposamenak ontzat ematen ditu Israelen aldarri ia guztiak, eta ukatu egiten ditu palestinarrenak.

arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen AEBetako presidente Donald Trumpen Ekialde Hurbilerako egitasmoak ezer gutxi duela bakezaletik, eta asko politikotik. Proposamena Israelgo bozen atarian aurkeztu izanak eta idatzian Israelen urteetako aldarrikapenak jasotzeak ez du uzten kontrakoa pentsatzeko tarterik.

Ez da lehen aldia errepublikanoek Israelen aldeko jarrera erakusten dutena, baina Trumpen azken hilabeteetako erabakiek amildegi bihurtu dute bi aldeen arteko arrakala. Hasi palestinarrentzako eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoarentzako diru laguntzak etetetik, Jerusalem Israelgo hiriburu aitortu eta AEBetako enbaxada bertan jartzeraino; eta guztia nazioarteko araudi eta gaitzespenei entzungor eginez.

Eskuineko bi buruzagien arteko harremana —Trump eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa— estutuz joan da azken lau urteotan, harik eta bigarrenaren agintaldia kolokan ikusita, lehenak palestinarren gaineko nagusitasuna aitortzeraino, orain arteko negoziazio eta akordio guztien gainetik. Hori baita, buruzagi estatubatuarrak Mendeko plana deitu duena, Netanyahuri bozak irabazten lagundu eta orain arteko politikekin jarraitzea ahalbidetu nahi dion egitasmoa, eta ez balizko elkarrizketen oinarria. Izan ere, gaur gaurkoz Israelgo bi alderdi nagusiek soilik hartu dute begi onez proposamena; gainontzekoek, Palestinako Aginte Nazionalak, Europako Batasunak, NBEk edota Zisjordaniako kokaguneetako buruak biltzen dituen Yesha batzordeak, aurka egin dute.

Proposamenak bazterrean uzten du palestinarren eskari nagusietako bat, Israel 1967ko mugetara itzultzea, argudiatuz estatu juduak dagoeneko itzuli dituela orduan okupatutako lurren %88: Hala, Israelen okupazioari zilegitasuna ematen dio idatziak, eta gaineratzen du estatu juduak eremu horien gaineko «eskubide historikoa» duela, antzina «herri juduaren aberria» izan zelako; palestinarren lurraldea ere badela aipatzea saihestuz.

Subiranotasuna, oztopo

Washingtonen iritziz, subiranotasun kontzeptua «moldegabea» da, eta oztopo izan da orain arteko negoziazioetan. Horregatik hura alde batera uztearen alde egiten du, eta segurtasun eta aberastasuna jartzen ditu lehentasun.

Aldiz, adierazten du «zentzugabea» dela milaka herritar «judu edo arabiar» euren etxebizitzetatik mugiaraztea, urte luzeetako okupazioaren ondoren eraikitako kokaguneak zilegitzat joz. «Trukean», dio, Palestinarrek Gaza eta Zisjordania elkartuko dituen errepide bat izango dutela, zeinak «Israelgo estatu subiranoa» zeharkatuko duen.

Planak, baina, zehazten du Israelek izango duela palestinarren bi eremuak lotzen dituen errepideen gaineko segurtasunaren ardura; alegia, bere gain izango duela horiek nahierara eten edo zabaltzeko eskumena.

Jordan ibaiaren harana ere Israelen menpe geratuko litzateke, «haren segurtasunerako oinarrizkoa» dela iritzita, eta bi aldeek hitzartu beharreko akordio bati lotuta. Tel Aviven kontrolpean geratuko lirateke, halaber, palestinarrek bertan dituzten nekazaritza eremuak. Berdin gertatuko litzateke Gazako itsas eremuarekin ere, «Israelgo herritarren segurtasunaren» izenean kasu honetan ere.

Gazari dagokionez, berriz, Hamasi eta «bestelako erakunde terroristei» egozten die bertako herritarren egoera txarraren erantzukizuna; eta nabarmentzen du Israelek ahaleginak egin dituela «egoera hobetzeko», segurtasun neurriak zorroztuz eta oinarrizko lehengaiak «sartzen utziz». Hala, indarkeria baztertu eta Israelekin negoziazioak abiatzeko eskatzen die buruzagi palestinarrei.

Errefuxiatuak

«Arabiarren eta israeldarren arteko gatazkak errefuxiatuak eragin ditu bi aldeetan», dio idatziak, eta gaineratzen du Israelgo estatua sortu zenean asko izan zirela «arabiarren lurretatik kanporatutako juduak; palestinar errefuxiatuak adina». Ez du zehazten azken horiek 7,2 milioi inguru direla, eta asko bi edo hirutan desplazatuak izan direla gerren ondorioz —hori da Siriara ihes egindakoen kasua—. Izan ere, Israelgo estatua urtez urte handitzen joan den bitartean, palestinarren eremua murriztuz joan da, ezinezko bilakatzeraino errefuxiatuak etxera itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.