PP bakarrik gelditu da

PPk ez beste alderdi guztiek bat egin dute Memoriaren Eguneko ekitaldiekin. Alderdi Popularrak ez du parte hartu Eusko Legebiltzarreko ekitaldian, «biktima guztiak» oroitu dituztelako eta ez ETAkoak soilik

Eusko Legebiltzarra. Talde politikoetako bozeramaileak, atzo, Eusko Legebiltzarrean, biktimen omenezko lore eskaintzan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Iraganari buruzko desadostasunak agerikoak dira alderdi politikoen artean. Ez dago euskal gatazka politikoari lotuta, gizarteari erasaten dion —eta oraindik erasaten dion— indarkerien gaineko kontakizun bateraturik. Hala ere, bizikidetza eraikitze aldera, eta iragana errepikatu ez dadin, bada alderdien arteko adostasun eremurik. Adostasun horrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkari politikoen gehiengo zabala biltzen du, Memoriaren Eguneko ekitaldiek islatu ohi dutenez. Aurten, PP izan da argazki horretatik kanpo gelditu den bakarra.

Alderdi Popularrak ez beste guztiek parte hartu zuten, atzo, Eusko Legebiltzarrak Memoriaren Egunaren harira eginiko ekitaldian. «Biktima guztiak» aitortzeko ekitaldia izan da. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko legebiltzarkideez gain, ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak ere.

Legebiltzarreko ekitaldian, adierazpen bat irakurri du Bakartxo Tejeria presidenteak; Eudelek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei Memoria Egunerako proposatu dien testu berbera. Idatzi horren bidez eskatzen da «iragana ez ahazteko» eta «gogoeta kritikoa» egiteko, eta azpimarratzen da biktimei elkartasuna, hurbiltasuna, egia, aitortza eta ordaina zor zaiela ere. «Beharrezkoa da aitortzea haien mina ez zela bidezkoa izan».

Bakea eta elkarbizitza sustatzeko «borondate eraikitzailea» aldarrikatu dute parte hartzaileek; «ideia aniztasuna, oinarri demokratikoak eta giza eskubideen defentsa» oinarri. «Bide baketsu eta demokratikoetan sakontzean datza», idatziaren arabera, elkarbizitza eraikitzeko bidea.

Adierazpenarekin bat egin duten taldeek nabarmendu dutenez, indarkeria eta terrorismo ekintzak sekula ezin dira gehiago gertatu eta justifikatu; eta edozein giza eskubide urraketari «sendo» aurre egiteko konpromisoa ere jaso dute. Adierazpena irakurri ondoren, legebiltzarkideek lore bana utzi dute Gauerdiko iparrorratza eskulturaren parean jarri den loreontzian, eta ekitaldia elkarretaratze isilarekin amaitu da.

Adierazpena ez da PPren gustukoa izan. «ETAren bihozgabekeriak sekula gaitzetsi ez dituztenak eroso egon daitezen» eginiko ekitaldia izan dela deritzo Alfonso Alonsok, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak.

Alfonsok deitoratu egin du legebiltzarrean «indarkeriaren biktima guztientzako» omenaldia antolatu izana, eta beste ekitaldi bat egin du PPk; ordubete geroago, aurrekoaren toki berean, ETAren indarkeriaren biktimak bakarrik oroitzeko.

Memoriaren Egunaren bidez,ETAren biktimak «esanahi politikoz hustu nahi» direla salatu du Alonsok. «[ETAren biktimak] Arrazoi politikoengatik hil zituzten. Beraz, terrorismoaren biktimak esanahi politikoz husten direnean, funtsean esaten dena da ETAren bitartekoak zirela gaizki zeudenak, baina ez dira helburuak zalantzan jartzen».

Eusko Legebiltzarreko ekitaldian egin bezala, PPk ez du parte hartu Jaurlaritzak Bilbon antolatu duen omenaldian ere. Uko egin die, halaber, Gasteizko eta Getxoko udalek eginikoei. Aldiz, ordezkaritza bat bidali du Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Donostiako Udalak eta Bilbokoak antolatutakoetara. PPk adierazi duenez, alderdiko karguek parte hartu dute Eudelek proposatutako testua irakurri ez den eta «terrorismoaren biktimei» eskainitako oroitarrietan egin diren ekitaldietan.

Eusko Legebiltzarreko ekitaldiak izen du bestelako kritikarik. Omenaldia hasi aurretik, Etxerat elkarteko kideek elkarretaratzea egin dute legebiltzarraren parean, «biktima eta sufrimendu guztiak» aitortuak izan daitezela eskatzeko. Euskal presoen sakabanaketak loturik, hamasei lagunek bizia galdu dutela gogoratu du Etxerat-ek, eta haiek ere biktima gisa aitortzea galdegin du. EH Bilduko legebiltzarkideak elkarretaratzera hurbildu dira, elkartasuna adieraztera, eta Elkarrekin Podemoseko zenbait batzarkidek ere bat egin dute.

«Urterik urte handitzen»

Memoria Egunaren inguruko adostasuna «urterik urte handitzen» ari dela azpimarratu du Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak. PPk parte hartzeari uko egiteko argudioari erantzunez, Fernandezek argitu du terrorismoaren biktimak omentzeko badela egun bat ezarrita: martxoaren 11.

Gogora ekarri duenez, alderdi politiko guztiek parte hartu zuten terrorismoaren biktimak oroitzeko aurtengo ekitaldian. Horrez gain, PPk polizia gehiegikerien biktimak aitortzeko ekitaldian eta frankismoko biktimei babesa adierazteko antolatutakoan parte hartu zuela ere nabarmendu du. «Alderdi Popularrak hiru ekitaldi horietan parte hartu du aurten Donostian, Europako kultur hiriburutzaren harira. Hori da, nire ustez, garrantzitsuena: alderdi guztiak daudela ados funtsezko gai horietan».

«Memoria demokratiko eta barneratzailea» galdegin du Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea eta indarkeriaren biktima ere badenak —GALek anaia Joxi Zabala hil zion1983an—, eta «batasuna» eskatu die alderdi politikoei. Haren esanetan, «sufritu duten pertsona guztiei entzutea da bidea, epaitu gabe, pairatu duten indarkeria edozein dela ere».

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak gogora ekarri du azaroaren 10ean biktimak oroitzeko erabakia Patxi Lopezek gidatutako Jaurlaritzak hartu zuela, 2010ean. «Terrorismoaren» biktimak omentzeko ezarri zuen egun hori Lopezen gobernuak. PPri mintzatuz, Mendiak adierazi du, orduan, ekitaldietan parte hartzeko arazorik ez zutenek, orain, «distantzia ezarri nahi» dutela biktimen artean. «Jazarpena eta izugarrikeria pairatu dugun guztiak hartu behar ditugu aintzat», adierazi du.

Mendiaren iritziz, Memoriaren Eguna ez da oroitze ariketa bakarrik. «[Indarkeriak] sekula ez zuela gertatu behar onartzea ere bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.