Asier Amondo. Korrikaren arduraduna

«Gaitasuna erakusten ari gara gauzak elkarrekin egiteko»

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Euskararen aldeko ekitaldi nagusietako bat da Korrika, eta AEK-ko kideek denbora daramate datorren urtekoa prestatzen. Asier Amondo da arduraduna (Laudio, Araba, 1969). Osasuntsu nabari du Korrika, eta ez du uste epe laburrean aldaketarik egin beharko denik. «Sorpresak» iragarri ditu.

Berritasunak izan ziren aurreko Korrikan. Esanguratsua izan zen Santiago zubiko kilometroa: elkarrekin euskalgintza eta erakundeak. Argazkiaz haratago, mugitu dira gauzak harrezkero?

Sinergiak batu dira: gaitasuna erakusten ari gara gauzak komunean, elkarrekin egiteko. Euskaraldia izan da horren adibidea: instituzioek laguntza eta bermea eman dute. Korrikan ausart jokatu genuen, eta urrats txiki horrek ekarri du urrats gehiago egitea; oraindik ez dira nahikoak urrats horiek, baina urratsak izan dira.

Aurten izango da horrelako kilometro sinbolikorik?

Pentsatzen ari gara. Buelta batzuk emango dizkiogu, eta ahalegina egingo dugu.

Euskaraldia hastear da. Mezuaren aldetik badago lotura.

Koordinazioa egon da; haiekin kontrastatu dira mezua eta leloa. Koordinazioa erabatekoa izan behar da euskalgintzan ari garenon artean, ekimen batek bestea ez zapaltzeko. Gure ondoan daudenak zaindu behar ditugu.

Txillardegi omenduko duzue. Donostian mugimendu bat sortua da liburutegiak haren izena izan dezan, eta Euskaltzaindiari ere eskatu diote keinu bat egiteko. AEKren keinua da oraingoa?

Printzipioz ez dugu keinu gisa ulertzen. Gustatuko litzaiguke Donostian gauzak bere onera etortzea eta aitortza publikoa egitea Txillardegiri. Pentsatzen dugu Txillardegi bat zetorrela gure leloarekin: klika egin zuen bere sasoian, buelta bat eman zion literaturari, euskara batua sortzeko prozesuan buru-belarri ibili zen... Asko zor diogu Txillardegiri. Gaur egun daukagun euskara batuaren ondarea hari zor diogu, neurri handian. Ondorengoek jakin behar dute Txillardegi existitu zela, eta ikusten dugu bere figura galtzeko arriskuan egon daitekeela.

Datorren urtean 21. aldia izango du Korrikak. Osasuntsu dago? Aldaketarik baduzue buruan?

Pentsatzen dugu oraindik ere osasuntsu dagoela. Beti egoten dira sorpresak, eta aurtengo Korrika ez da gutxiago izango. Garesen hasteak emango dio indarra, eta marko polit bat ere bai; Gasteizko argazkia ere izugarria izaten da. Tartean egongo dira sorpresak, noski. Orain dela bi Korrika ibili ginen aztertzen aldaketa batzuk —luzatzea edo—, baina erabaki genuen ondo dagoela momentu honetan dagoen bezala. Korrika Kulturalak ere betetzen ditu espektatibak eta laguntzen dio Euskal Herriko sortzaile talde handi bati, Korrika txikiak ere oso sustraituak daude... Momentu honetan, beraz, aldaketarik ez, baina sorpresak, seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.