Udalbatzan eta kalean gaitzetsi dute haur eskolen kudeaketa

Navarra Sumaren «gardentasunik eza» txarretsi du udalbatzak. Guraso talde batek protesta zaratatsua egin du

Haur eskoletako gurasoen protesta.  ÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Belarritik tira egin diote Navarra Sumari, Iruñeko euskarazko haur eskolen auzian izandako jokabidearengatik. Zehazki, Fernando Sesma Hezkuntza alorreko zinegotziaren «gardentasunik eza» kritikatu du oposizioak mozio batean, eta haren kargugabetzea ere eskatu dute. Oposizioko talde guztiak ados jartzea eragin du auzi honek, atzoko osoko bilkuran, Sesmaren gaitzespenaren alde bozkatu baitzuten EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik.

 

Udaletxeko bilkura aretoan ez ezik, kalean ere kargu hartu zioten koalizio espainiazaleari: dozenaka gurasok elkarretaratze zaratatsua egin zuten Udaletxe plazan, eta seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatzeko eskubidea aldarrikatu zuten. «Maia, entzun, Iruñea euskaldun» eta «haur eskolak euskaraz» leloak oihukatu zituzten, eltzeak, zartaginak eta bestelako tresnak gogor astintzen zituzten bitartean.

Familia horietako talde batek ere parte hartu zuen udal osoko bilkuran, EH Bilduk gonbidatuta. Iñigo Otxoak hartu zuen hitza, Goizeder guraso elkartearen izenean. Navarra Sumari gogorarazi zion 2016an ezarritako 0-3 eskaintzaren aurkako sententzia batek ezin duela familia askoren ongizatea kolokan jarri: «Epaiak ez du behartzen euskarazko haur eskolak kentzera; beste era batera egin zitezkeen gauzak, euskarazko eskaintza zeharo murriztu gabe». Lau eskolatan eskaintzen zuten euskarazko murgiltze eredua orain arte; aurrerantzean, eskola bakarrak izanen du eredu hori, eta beste batean plazen erdiak eskainiko dituzte euskaraz. «Bularreko haurren kasuan, hogei plaza eskainiko dituzue euskaraz, Iruñe osoan. Hori neurrikoa iruditzen al zaizue?», galdetu zien. Horregatik, mobilizazioaren bidetik segituko dutela iragarri zuen: «Ez goaz etxera».

Eztabaida gogorra

Gurasoek hitz egin ostean, ika-mika latza izan zuten talde politikoek. Hezkuntza zinegotziak argudiatu zuen «sententzia bete» besterik ez duela egin: «Gustatuko litzaidake eskaintza bidezkoago bat egitea, baina epaitegiek behartuta egin behar izan dut leheneratzea». Hori entzutean, oihu egin zuten aretoan ziren guraso batzuek: «Lotsagabea!».

EH Bilduko Maider Belokik Sesmari leporatu zion familiei bizkarra eman izana, eurekin biltzeari uko eginda. Joseba Asironek, berriz, «opakutasunez» aritzea aurpegiratu zion Navarra Sumari, haur eskoletako eredu aldaketa justifikatuko lukeen inkestaren datuak ezkutatzeagatik: «Hasieran esan zenuten ez zenutela datu horiek emateko asmorik; gero, ez zenituztela; eta orain, inkestaren inpartzialtasuna bermatu nahi duzuela. Bietako bat: kudeatzaile arduragabeak zarete, ala okerrago: informazioa ukatu nahi diguzue».

Argudio horrekin bat egin zuten Geroa Baik eta PSNk ere, eta «oposizioaren lana oztopatu nahi izatea» egotzi zieten Sesmari, Navarra Sumari eta baita Enrique Maia alkateari ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.