Korrika

Lekuko bakoitza, garai baten ispilu

AEK-k 1980an antolatu zuen lehen aldiz Korrika, eta, urtetik urtera, euskararen aldeko lasterketa sustraituz joan da Euskal Herrian. 42 urteko ibilbideak euskalgintzan izan diren gertakarien errepasoa egiteko balio izan du.

Julen Kaltzada AEKren sortzaileetako bat, lekukoarekin, Bilbon, 1980ko Korrikako azken kilometroan. BERRIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Oñatin (Gipuzkoa) egin zituen lehen urratsak Korrikak, 1980an, eta haren ondoren egin diren 21 lasterketetako bakoitza berezia eta bakarra izan da. 42 urte horietan askotariko egoerak izan dira, baina, aurrekoetan eginiko bideari erreparatu gabe, nekez uler daiteke orain arte lortutako guztia: euskalgintzan izan diren gertakarien isla da Korrikaren historia. Hona, ekitaldiz ekitaldi, lehenengo Korrikatik 21.era arteko laburpen bat.

1. KORRIKA (1980)

Oñatin abiatu zen lehenengo Korrika, 1980ko azaroaren 29an, Korrika Euskal Herria! leloa hartuta, eta Bilbon bukatu zen, abenduaren 7an. Guztira, 1.820 kilometro egin zituen, eta, lekukoa Bizkaiko hiriburura iritsi zenean, konturatu ziren barruan eraman behar zuen mezua falta zela: Rikardo Arregik Euskaltzaindiari idatzitako eskutitz bat zen. Arregiren mezua irakurri ez izanak eta diskurtsoaren edukiek gaiztotu egin zituen AEK-k Euskaltzaindiarekin eta Euzko Alderdi Jeltzalearekin zituen harremanak. Xabier Peña idazle eta irakaslea omendu zuten.

2. KORRIKA (1982)

Iruñetik Donostiara artekoa izan zen, eta 1.822 kilometro egin zituzten, maiatzaren 22tik 30era. AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde izan zen orduko leloa. Lehenengo Korrikako okerra konpontzeko asmoz, Rikardo Arregi omendu zuten, eta, bigarrengoan, iritsi zen haren mezua helmugara. Lasterketa arriskuan izan zen, Nafarroako Gobernadore Zibilak herrialdea zeharkatzeko baimena ukatu baitzion Korrikari. Azkenean, baina, amore eman zuen. Bestalde,EAJren zuzendaritzak Korrika diruz ez laguntzeko eskatu zuen.

3. KORRIKA (1983)

Euskaraz eta kitto! lelopean, 1.960 kilometro egin zituen hirugarren Korrikak. Baionan hasi zen, abenduaren 3an, eta Bilbon amaitu zen, abenduaren 11n. Hiriko poeta berritzailea omendu zuten: Gabriel Aresti.

4. KORRIKA (1985)

Atharratzetik (Zuberoa) Iruñera, 1.927 kilometro egin zituen euskararen aldeko lasterketak, martxoaren 31tik apirilaren 9ra. Herri bat, hizkuntza bat esaldia hartu zuten lelotzat, eta Piarres Lafitte euskaltzaina omendu zuten, hura hil eta hilabetera.

5. KORRIKA (1987)

Hendaiatik (Lapurdi) Bilbora, 2.085 kilometro egin zituen Korrikak, apirilaren 3tik 12ra. Euskara zeurea leloa zabaldu zuten Euskal Herrian barrena. Balendin Enbeita omendu zuten, eta, amaierako ekitaldian, haren seme Jonek abestu zuen aitak idatzitako mezua.

6. KORRIKA (1989)

Euskara Korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK leloak 2.100 kilometroko bidea egin zuen, apirilaren 14tik 23ra, Iruñearen eta Donostiaren artean. Jose Miguel Barandiaran antropologoa eta euskaltzalea omendu zuten, hura oraindik bizi zela.

7. KORRIKA (1991)

Lehenengoz, Gasteizen hasi zen Korrika, martxoaren 15ean, eta aurreneko aldiz egin zituen azken metroak Bidasotik iparraldera. 2.100 kilometroko bidea Baionan amaitu zen, martxoaren 24an. Euskararen aldeko lasterketak Remigio Mendiburu Korrikaren lekukoaren sortzailea omendu zuen, hura hil eta hurrengo urtean.

8. KORRIKA (1993)

Iruñean hasi, eta Bilbon amaitu zen 8. Korrika, 2.120 kilometroko bidea eginda. Martxoaren 26tik apirilaren 4ra bitartean egin zen, eta Denok maite dugu gure herria euskaraz izan zen leloa. Martin Ugalde kazetari, historialari eta idazlea omendu zuten, Euskaldunon Egunkaria sortu zuen taldearekin batera. Mezua, berriz, Joxemi Zumalabek idatzi zuen. Korrika Kulturala ere urte horretan sortu zen.

9. KORRIKA (1995)

Donibane Garazin hasi zen, martxoaren 17an, eta Gasteizen amaitu, hilaren 26an. Jalgi hadi euskaraz lelopean, 2.150 kilometro egin zituen. Mikel Laboa omendu zuten aldi hartan. Laboak berak eraman zuen lekukoa azken metroetan, eta harena izan zen lekukoaren barruko mezua.

10. KORRIKA (1997)

Lehenengo Korrika gogora ekarri, eta ibilbide eta lelo bertsuak aukeratu zituzten hamargarrenerako. Arantzazuko santutegitik (Oñati, Gipuzkoa) abiatu, eta Bilbora egin zuen bidea, martxoaren 14tik 23ra. Euskal Herria Korrika! izan zen leloa. Luis Villasante omendu zuten, hemezortzi urtez Euskaltzaindiaren gidari izandakoa, eta hark egin zituen lehen metroak. Azkenak, berriz, Joan Mari Torrealdaik egin zituen, AEK-ko kideekin batera. Torrealdairena izan zen lekukoaren barruko mezua.

11. KORRIKA (1999)

1+1= hamaika. Zu eta ni euskaraz hautatu zuten lelotzat, eta 11 omendu izan zituen: Pedro Miguel Etxenike, Joxe Ramon Etxebarria, Jose Angel Iribar, Maitena Araguas, Etxepe enpresa, Mendia optika, Laudioko ikastolaren sortzaileak, Argiñe Iturregi, Euskalerria irratia, Arantza udalerria eta Maiatz editoriala. Horietako bakoitzari bere arloan euskararen alde egindako lana aitortu zioten. Iruñetik Donostiara joan zen Korrika, eta martxoaren 19tik 28ra egin zen. Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz parte hartu zuen modu ofizialean, 1997an AEK-k eta gobernuak harremanak bideratu ondotik. Azken metroak Ramon Labaien euskaltzale eta Donostiako alkate izandakoak egin zituen, eta hark idatzi zuen mezua bera ere.

12. KORRIKA (2001)

XXI. mendeko lehenengo Korrikak globalizazioaren gaiari heldu zion. Mundu bat euskarara bildu izan zen leloa, eta Gasteiztik Baionara joan zen, martxoaren 29tik apirilaren 8ra. Juan Jose Ibarretxe izan zen Korrikaren lekukoa eraman zuen aurreneko lehendakaria. Andoni Egañak egin zuen azken kilometroa, eta berak idatzitako mezua kantatu zuen. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea omendu zuten.

13. KORRIKA (2003)

Maulen hasi eta Iruñean bukatu zen. 2.150 kilometro egin zituen, eta, apirilaren 4tik 13ra, AEKrekin euskara lantzen leloa zabaldu zuten. Euskaldunon Egunkariaren kontrako polizia operazioak eta haren itxierak eragin zuzena izan zuten aldi hartan, eta Martxelo Otamendik idatzi zuen lekukoaren barruko mezua. Nafarroako Gobernuak Korrika Iruñean sartzea debekatu zuen, baina antolatzaileek, auzitara jo, eta debekua indargabetzea lortu zuten. Bestalde, Ez Dok Amairu mugimendua omendu zuten, eta, harekin batera, euskal pizkundea bultzatu zuen belaunaldi oso bat.

14. KORRIKA (2005)

Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! lelopean, beren burua euskalduntzeko erabakia hartu zutenak omendu zituen 14. Korrikak. Haiekin batera, Andolin Eguzkitza euskaltzaina ere omendu zuten, hilabete batzuk lehenago hil baitzen. Lekukoaren barruko mezua, berriz, Tere Irastorza Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izandakoak irakurri zuen. Euskararen aldeko lasterketak Orreagan (Nafarroa) hasi zuen ibilbidea, martxoaren 10ean, eta Bilbon bukatu zen, hilaren 20an. 2.350 kilometro egin zituen guztira.

15. KORRIKA (2007)

Heldu! zioen 15. Korrikaren leloak, eta hainbat mezuri bide eman zien: heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari…2.360 kilometro egin zituen, Karrantzatik (Bizkaia) Iruñera, martxoaren 22tik apirilaren 1era. Euskal emakumeak omendu zituen Korrikak, euskararen transmisioan izaniko garrantziarengatik. Xabier Amuriza eta Miren Amuriza izan ziren mezuaren egileak, eta, azken metroetan lekukoa eraman ondoren, Iruñeko ekitaldian kantatu zuten.

16. KORRIKA (2009)

Ordura arteko Korrikarik luzeena izan zen: 2.503 kilometro egin zituen, Tuteratik (Nafarroa) Gasteizera, martxoaren 26tik apirilaren 5era. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira izan zen leloa. Euskara ikasi eta gero ondorengo belaunaldiei transmititu dietenen ahalegina omendu zuen AEK-k. Era berean, gai hura jorratu zuen Bidaia intimoak izeneko dokumentalean; Jon Maiak zuzendu zuen. Pirritx eta Porrotx pailazoek idatzi zuten aldi hartarako mezua, eta haiek irakurri zuten amaierako ekitaldian.

17. KORRIKA (2011)

Euskalakarien Korrika izan zen, euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen dutenena. Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari lelopean, Trebiñutik (Araba) Donostiara egin zuen bidea, apirilaren 7tik 17ra bitarte. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz telebistako aurkezleek idatzi zuten mezua. Euskaltzaindia omendu zuten urte hartan.

18. KORRIKA (2013)

Euskara batasunerako elementu gisa aurkeztu zuen Korrikak, Eman euskara elkarri leloarekin. Andoaindik (Gipuzkoa) abiatu zen, eta Baionarainoko bidea egin zuen, martxoaren 14tik 24ra. Euskara ikasten ari zirenak omendu zituen AEK-k.

19. KORRIKA (2015)

Martxoaren 19an hasi zen, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta Bilbon amaitu zen, hilaren 29an, 2.500 kilometro egin ostean. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak idatzi zuen amaierako mezua, eta euskara erabiltzearen garrantzia nabarmendu zuen. Hain zuzen, Euskahaldun izan zen 19. Korrikaren leloa, eta Durangoko Azoka omendu zuen AEK-k.

20. KORRIKA (2017)

Otxandiotik (Bizkaia) abiatu zen Korrika, martxoaren 30ean, eta 2.355 kilometro eginda iritsi zen Iruñera, apirilaren 9an. Batzuk izan zen orduko leloa, bat eta zuk uztartzen zituen hitz jokoa. Lehenengo Korrika antolatu zutenak omendu zituzten, eta Joseba Kanporen senideak arduratu ziren lehen metroetan lekukoa eramateaz —lau urte lehenago zendu zen Kanpo—. Lekukoaren barruko mezua Joseba Sarrionandiak idatzi zuen, eta audio baten bidez entzun ziren haren hitzak Sarasate pasealekuan. Apirilaren 4an, euskalgintzako ordezkariek eta Euskal Herri osoko instituzioetako kideek kilometro bateratua egin zuten, elkarlanaren garrantzia irudikatzeko asmoz.

21. KORRIKA (2019)

Klika lelopean, euskararen aldeko klika egitea izan zen 21. Korrikaren helburu nagusia. Apirilaren 4an hasi zen, Garesen (Nafarroa), eta Gasteizen amaitu zen, hilaren 14an, 2.560 kilometro egin eta gero. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omendu zuten, euskara batuaren sortzaile nagusietako bat izan zelako. Lekukoaren barruko mezua, berriz, Maialen Lujanbio bertsolariak idatzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.