Airbusek Erresuma Batua uzteko mehatxu argia egin du berriro

Konpainiako presidente Tom Endersek dioenez, «oker dabiltza» uste dutenak Airbus ez dela joango. Erresuma Batuan 110.000 enplegu ematen ditu aeronautika konpainiak

Theresa May eta Tom Enders (eskuinean) Farnboroughko aeronautika azokan, iazko uztailean. ANDY RAIN / EFE.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Mota guztietako presioak jasotzen ari da Erresuma Batua brexit-aren inguruko akordioa onar dezan Europako Batasunarekin; bada, atzo, industriaren erraldoi batek egin zuen bere ekarpena presio lan horretan, eta ez hala moduzkoa. Izan ere, Airbus ez da edozein konpainia, herrialdeko industriarik handienetakoa baizik. Aeronautika enpresa horretako presidente Tom Endersek garbi baino garbiago esan zuen konpainiak Erresuma Batua utz dezakeela brexit gogor bat baldin badago. Theresa Mayren gobernuari egoera argitzeko eskatu zion, akordiorik gabeko irteera balego Airbusek «beste herrialde batzuetara» eramango lukeelako jarduera.

Airbusek 14.000 langileri ematen die enplegua bere fabriketan Erresuma Batuan. Industriaren motorrik handienetakoa da, harentzat aritzen baitira beste 4.000 enpresa hornitzaile. Kalkulatzen da 110.000 direla Airbusek eragiten dituen lanpostuak uharteetan; Erresuma Batuko BPG barne produktu gordinari 9.000 milioi euroko ekarpena egiten diote urtero, eta 2.000 milioi euro pagatzen ditu zergetan. Beraz, Tom Endersen abisuak badu pisua. Airbus ez dela sekula Erresuma Batutik aterako uste dutenak «oker» dabiltzala esan zuen, garbi utzita konpainiaren fabrika handiak han egotea ez dela zertan oztopo izan jarduera lekuz aldatzeko.

Airbuseko buruak onartu zuen ezin direla planta horiek «berehala» lekuz aldatu, baina azaldu zuen aeronautika sektorea epe luzeko negozioa dela, eta, Airbusek bere burua «derrigorturik» ikusten badu, «etorkizuneko inbertsioak aldatzeko erabakia» har dezakeela; brexit gogor bat balego, derrigorturik ikusiko luke bere burua, alegia. «Herrialde mordoa dago Airbus hegazkinen hegoak eraikitzeko prest», erantsi zuen. «Erresuma Batuko aeronautika amildegiaren ertzean dago, brexit-a mehatxua delako mende bateko garapenarentzat». Endersek uste du Erresuma Batuarentzat «erabaki kaltegarriak» hartu beharko lituzkeela konpainiak, brexit gogorra balego.

Enpresa askoren kexuak

Ez da Airbusek brexit-ari buruzko oharra ematen duen lehen aldia. Iazko ekainean ere, Erresuma Batua uztea benetako aukera zela ohartarazi zuen, betiere akordiorik gabeko irteerari erreparatuz. Esplikatu zuen konpainiak arazo larriak lituzkeela brexit gogor baten ondorioengatik.

Baina beldur horrek ez du bakarrik Airbus jo azken egunetan. Konpainia askotan hasi dira aktibatzen kontingentzia planak akordiorik gabeko aukeraren aurrean. Sonyk iragarri du Amsterdamera eramango duela Europako bere egoitza, eta P&Ok Mantxako kanala gurutzatzen duten bere ferryek Zipreko bandera eramango dutela. Bentley luxuzko autoen enpresak brexit-a «mozkinen hiltzailea» dela esan du, eta patronalak koska bat igo du bere presioa no deal aukeraren aurka: «Akordiorik gabeko irteera baztertu egin behar da berehala. Modu bakarra da egindako kalteari etena jartzeko, eta enpresek konfiantza berreskuratzeko». Carolyn Fairbairn Industria Britaniarraren Konfederazioko (CBI) zuzendariaren hitzek sektoreak bizi duen larritasuna islatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.