ELAren arabera, gizarte babeseko inbertsioa EBren «oso azpitik» dago Hegoaldean

joxerra senar
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Ez gaude gizarte oasi batean». Mikel Noval ELAko ikerketa bulegoko arduradunak ondorioztatu du gizarte babeserako inbertsioan Europako Batasunaren «oso azpitik» dagoela Hego Euskal Herria. Eusko Jaurlaritzak gizarte babesean asko inbertitzen duela adierazten duenean, «propaganda egiteari eta gezurra esateari» uzteko eskatu zion atzo Novalek. «EBko herrialdeen artean atzealdean gaude, eta Europako batezbestekora ailegatu ahal izateko %16 gehiago [2.758 milioi] jarri beharko lituzke Jaurlaritzak». Nafarroaren kasuan, are esfortzu handiago egin beharko luke batezbestekora heltzeko, ELAren arabera: %33 gehiago (1.334 milioi) bideratu beharko luke.

Sindikatuak landutako txosten baten ondorio nagusiak dira horiek. Eustat estatistika erakundearen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 17.820 milioi joan ziren gizarte babesera; barne produktu gordinaren %24,2. Sindikatuak nabarmendu duenez, aurreko bost urteetan behera egin du eginahal horrek %25,8tik %24,2ra. «Bistan dago instituzioek gero eta garrantzi gutxiago ematen diotela gizarte babesari, eta, hortaz, behar handienak dituzten pertsonei», dio txostenak. Nafarroan, 2015era arteko datuak baino ez ditu eman herrialdeko estatistika erakundeak, baina ehunekoa apalagoa da:%21ekoa.

EBn %28,1, batez beste

Aldiz, Europako Batasunean, batezbestekoa %28,1 izan zen 2016. urtean. «Asko dira Europako herrialde garatuenekin lehian gaudela dioten ahotsak. Halere, ikus dezakegu herrialde horiek urrun geratzen zaizkigula. Hortaz, saltzen diguten diskurtsoa eta errealitatea erabat desberdinak dira», dio txostenak. Gainera, Frantziarekiko (%34,3) edo Finlandiarekiko (%31,8) aldea are handiagoa dela azpimarratu du.

Novalen ustez, politika neoliberalak EBko beste herrialdeetan baino indartsuago ezarri dira Hego Euskal Herrian. Gobernuen politikak aldatzeko mobilizatu beharra dagoela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.