Korrika

Euskal Herritik mundura

Etxepare institutuak eta diasporako euskal etxeek antolatuta, munduko hainbat txokotan egingo dituzte aurten ere euskararen aldeko lasterketak.

Boiseko herritar talde bat, 2019an, euskararen aldeko lasterketa egin ondoren. BOISEKO IKASTOLA.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herria eskuz esku eta pausoz pauso zeharkatzen duelako da berezia Korrika. Urrats horiek egindako bideak, ordea, urrunago ere iritsi ohi dira aldiz aldi. Aurtengoa ez da salbuespena izango, eta euskararen oihartzuna munduko beste hainbat txokotara ere helduko da. Egunotan, esaterako, Boise (AEB), Berlin, Tokio eta Quebeceraino iritsiko da euskararen aldeko mezua, Etxepare institutuaren, AEKren eta diasporako euskal etxeen bidez.

Korrikaren lehen asteburua baliatuko dute Euskal Herritik kanpoko hainbat hiritan euskararen aldeko lasterketari bultzada emateko. Aurten, kasurako, mundu osoko 50 bat herritan antolatu dituzte Korrikaren inguruko ekitaldiak, eta horietako bakoitzak egitarau bat prestatu du.

Korrikaren aurreko aldietan, ohikoak ziren Boiseko eta New Yorkeko irudiak: jendea Korrikaren aldeko kartelak eskuetan eta lasterka. Eta, aurten ere, esperientzia bera errepikatu dute. Boise State unibertsitatean, esaterako, herenegun egin zuten Korrika, goizeko bederatzietan. Ziortza Gandarias eta Nere Lete euskal ikasketen programako irakasleak aritu ziren antolaketa lanetan, Etxepare Institutuarekin elkarlanean. Bihar, gainera, Korrikari buruzko saio berezi bat ere eskainiko dute, Boiseko taupada irratsaioan. «Gure ikasleek Euskal Herriarekin konektatzea lortu nahi dugu, diaspora eta Euskal Herriaren arteko lotura indartzeko eta transmisioa eten ez dela erakusteko», kontatu du Gandariasek. Baina beste asmo bat ere badute, Leteren esanetan: «Halako egitasmoen bitartez, euskarak muga geografikorik ez duela erakutsi nahi dugu, gure hizkuntza globala dela». Boiseko Euskal Museoak antolatutako lasterketa izaten da bertako herritarren artean arrakasta gehien duena, eta hori larunbatean egingo dute.

Berlinen ere etzi izango da Korrika, larunbatez. Eguerditik hasita, 1,8 kilometroko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek hiri osoan barrena, eta, Maddalen Subijana antolatzailearen esanetan, euskarari ikusgaitasuna ematea izango da asmo nagusia: «Berlinen hitz egiten diren hamaika hizkuntzen artean euskara ere badagoela erakutsi nahi dugu». Hala ere, ez da ekitaldi bakarra izango. Datorren ostiralean, hiru euskal talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango da: Tatxers, Txakurrak eta La Rekba. «Berlinen eta Euskal Herriaren arteko loturak sendoak dira, eta hala izaten jarraitzea espero dugu», kontatu du.

Tokion, berriz, igandean egingo dute Korrika, Yoyogi parkean. Eta, ondoren, bazkaria antolatu dute. Halako egitasmoek euskal komunitatea indartzen dutelakoan dago Gari Ortigosa antolatzailea: «Japoniarrek euskararen berri izateaz gainera, atzerrian bizi garen euskaldunak batu eta hizkuntzarekiko konpromisoa sendotzeko aukera emango digu».

Quebecen, berriz, larunbatean egingo dute. Beñat Urrutia antolatzaileak jakinarazi duenez, lasterketa egin ondoren, parte hartzaile guztiak ostaturen batean bilduko dira: «Korrikaren mezua irakurriko dugu, eta euskal giroa izango da nagusi: bertsoak, musika herrikoia...». Gorriz markatutako eguna izaten da Korrika Euskaldunak Quebecen elkartearentzat, eta pozik daude herritarren artean izaten duten harrerarekin: «Korrika da euskara, gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena, eta, Euskal Herritik urrun egonda ere, hori defendatzen dugu».

Bideo lehiaketa martxan

Urtero legez, Etxepare Institutuak euskara ikasleen bideo lehiaketa bat ere jarri du martxan Korrikaren aitzakian. Mundu osoko ikasleek euskararen aldeko aldarriak bidaliko dituzte bideo formatuan, eta AEKren Youtubeko kanalean egongo dira ikusgai. Atsegin dut gehien dituzten bi bideoek lortuko dute saria: online barnetegi bat egiteko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.