NAVALEN IBILBIDEA

2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Zergatik iritsi da Naval likidaziora?

2017ko udan hasi zuen hartzekodunen konkurtsorako bidea, eta likidaziora iritsi da. 2014tik, 80 milioi euroren galerak pilatu ditu, eta 150 milioiko zorra bankuekin. Tax lease-aren auziak hutsik utzi zituen ontziolaren nasak pare bat urtez. 2014an, finantzaketa sistema berriarekin, kontratuak iristen hasi ziren. Baina lan horiek lortzeko oso prezio txikiak eta epe estuak onartu behar izan zituen, eta hortik galerak. Langileek kudeaketa txarra egotzi diote jabeei.

Zeintzuk dira Navalen jabeak?

2006an egindako pribatizazioaren ondoren, Murueta ontziola eta Ingeteam ingeniaritza enpresa dira akziodun nagusiak, bakoitza %38,07rekin. Akzioen %12,18 ditu, berriz, Iniciativas Navales del Nortek; %10,15 Naviera del Nervionek; eta %1,5 Lairak. 2017ko udaberrian, jabeek konkurtsora jotzea erabaki zuten, 42 milioi euro jarri eta aurrera egin beharrean. Argudiatu zuten ontziola ez dela errentagarria.

Zer gertatu da hartzekodunen konkurtsoan?

Ia urte eta erdian ez da inbertitzailerik agertu, eta, beraz, azken fasera ailegatu da konkurtsoa. Behin beharginak kaleratuta, likidaziora joango da; funtsean, enkante batean sartuko da. Fase horretan aukera gehiago egon daitezke inbertitzaileak agertzeko.

Zenbat langile ditu ontziolak?

Zuzenekoak, 173, baina zeharkakoak 1.600 inguru ziren konkurtsoan sartu aurretik.

Zer gertatuko da langileekin?

Kalte-ordainak jaso eta kalera joan daitezke, edo Navantiaren egituretan has daitezke lanean. Sestaoko ontziola 1891n sortu zuten, eta publikoa izan zen 1979tik 2006ra. Pribatizatu zutenean, Espainiako Gobernuak klausula bat eskaini zien langileei, porrot eginez gero aukera emateko Navantiaren ontziola publikoetan lan egin ahal izateko. Navantiak ontzi militarrak bakarrik egiten ditu, eta ez dauka ontziolarik Euskal Herrian. Beraz, aukera hori onartuz gero, Navaleko beharginek Ferrolera (Galizia), Cadizera eta Cartagenara (Espainian) joan beharko dute lanera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.