Donostiako Klasikoa

Alaphilippen gurpilari begira

Frantziarrak pedal kolpe bikaina erakutsi du Tourrean, eta bera da faborito nagusia gaur Donostiako Klasikoa irabazteko. Primoz Roglic, Tony Gallopin eta Izagirre anaiak ere sasoiko iritsi dira. Bero sapa espero da
Klasikoko tropela Kontxako hondartza albotik pasatzen.
Klasikoko tropela Kontxako hondartza albotik pasatzen. JUAN HERRERO / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 4
Donostiako Klasikoa Frantziako Tourreko 22.etapa dela esan ohi da maiz, eta aurtengo ekitaldiaren atarian uste horrek are indar handiagoa hartuko du. Ez Tourrean aritu diren txirrindulari askok parte hartuko dutelako gaur, baizik eta oso zaila dirudielako han lehiatu ez den norbaitek besoak altxatzea Bulebarreko helmugan. Faboritoen multzoan, beraz, Tourrean nabarmendu diren izenak sartu behar dira, eta guztien gainetik bat: Julin Alaphillippe (Quick Step).

Alaphillippek esana da Klasikoa lehiatzeko asmoz datorrela, eta antzera hitz egin dute Quick Stepeko buruek. Bi etapa eta mendiko sailkapena irabazi ditu Frantziako Tourrean, eta jaitsiera bikainak egin ditu. Klasikoa irabazteko, garrantzitsua da beldurrik ez izatea Murgil tontorrean behera arriskatzeko. Hori gutxi ez, eta Alaphilippek Fleche Walonne irabazi du aurten, eta azkenean Klasiko handi bat irabazi beharraren zama kendu zuen. Horri guztiari Euskal Herrian duen bolada ona gehitu behar zaio, Itzulian bi etapa baitzituen.

Alaphilippe faborito nagusia dela esateko argudioak ugariak dira, eta ibilbidea bera ere primeran datorkio. Hori bai, aurkaririk ez zaio faltako, eta Primoz Roglic (Lotto Jumbo) da haren mehatxu nagusia. Harentzat ere ibilbide aproposa da, eta laugarren izan zen Tourrean. Hark ere maite du Euskal Herrian lehiatzea; Itzulia irabazi du aurten, eta, erlojupekoan erakustaldia emateaz gain, bi etapatan bigarren izan zen. Bai, bietan Alaphilippen atzetik.

Klasikoak bi faborito handi ditu, eta hutsune asko. Besteak beste, azken bost irabazleetako hiru ez dira egongo: Michal Kwiatkowski (Sky), Adam Yates (Mitchelton) eta Alejandro Valverde (Movistar). Beste biak, aldiz, bai: Bauke Mollema (Trek) 2016ko irabazlea eta Tony Gallopin (Ag2r) 2013koa. Gallopinek ere merezi du kontuan hartzea. Berak irabazi zuenean ibilbide zaharra zegoen oraindik, baina, azken bi urteetan, Murgil tontorrerako igoerarekin, bigarren izan da helmugan.

Eta hortik atzera, zer? Bada, Greg Van Avermaet (BMC), Mikel Landa (Movistar) edo Izagirre anaien (Bahrain) profileko hautagaiak. Landa bosgarren izan zen iaz, Ion Izagirrek bigarren parte hartzea du, eta Gorka anaiak inoiz ez du zorterik izan. Iraganak ez die laguntzen, baina ibilbidea aproposa da eurentzat. Ezustekoa litzateke izen horietatik kanpo dagoen norbaitek irabaztea.

21 euskal txirrindulari

Klasikoko tropelan hogeita bat euskal txirrindulari egongo dira. Euskadi-Muriasen lehen parte hartzea izango denez World Tourreko klasiko batean, zarata egingo du. Nabarmentzekoa da, halaber, Alex Aranburuk (Caja Rural) Getxoko zirkuitua irabazi berri duela, eta baliteke bere burua erakustea. Markel Irizar ere izango da irteeran, Trekekin kontratua urte baterako luzatu berritan.

Ibilbideari dagokionez, ia ez da aldaketarik egon, eta, ondo bidean, Murgil tontorrerako azken igoeran erabakiko da irabazlea. Antolatzaileei dagokienez, azkenean ezingo dute aplikatu aurtengo prestaturiko berritasun nagusia. Txirrindulari bakoitzak dortsalean GPS gailu bat eramango zutela esan zuten aurkezpenean, baina Velon elkartean dauden UCI World Tourreko taldeek uko egin diote eramateari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria