Marra gorriarekin gora eta behera

Kataluniako erreferenduma giltzarri bihurtu da berriz ere Espainiako kanpainan. Podemosek baldintzarik ez duela esan badu ere, independentistek auzitan jarri dute hori

TONI GARRIGA / EFE.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Carles Puigdemontek mezu irmoa bidali die marra gorria gora eta behera erreferenduma etengabe ahotan duten politikariei. Kataluniako Generalitateko presidentearen hitzetan, «berandu baino lehen» iritsiko da independentzia: «Katalunia botoak egiteko makina gisa erabiltzeko baliabidea ere amaituko da orduan».Presidenteak uste du Espainiako politikak «eraginkortasun eta sinesgarritasun eskasa» erakutsi duela azken hilabeteotan, eta, kontrara, bere nazioaren «adorea eta kemena» aldarrikatu ditu.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian, enpresariekin elkartu da Puigdemont. Eta Kataluniak bere etorkizuna galdeketa baten bidez erabakitzeko eskubidea defendatu du berriro ere, eta zehaztu du galderak bi aukera baino ez lituzkeela eman behar «nahasterik ez sortzeko»; «Estatu Independentea, edo berdin jarraitzea, alegia, gain behera».

Bi aukera horietaz hitza emateko eguna iritsi bitartean, oraindik ere zeresan handia emango du erreferendumak bai Katalunian eta bai Espainian. Datorren igandeko hauteskundeen aurretik, eta baita ondoren ere, are gehiago, hirugarren hauteskunde batzuen balizko gertalekua egia bihurtzen bada .

Mariano Rajoyk, Pedro Sanchezek, Pablo Iglesiasek eta Albert Riverak kanpaina bete-betean daudela maiz hartu dute hizpide galdeketa, modu irmoan edo anbiguoan. Iglesiasek «negoziaziorako marra gorririk» ez dela egongo erran zuen iragan asteleheneko lauko eztabaidan. Eztabaida horrek, bide batez, itzalean utzi du aste honetan bertan Kataluniako Generalitateko Iritzi Ikerketa Zentroaren azken barometroa: En Comu Podem-en aldebozkatuko dutenen %42k bozkatuko omen du «Bai» aukeraren alde ustezko erreferendum batean.

Inkesta guztiek Katalunian En Comu Podem koalizioak irabaziko duela iragartzen dute, bainaazken astean indarra hartu du koalizio horren eta independentziaren aldeko koalizioaren arteko liskarrak.

Ekainaren 26ko hauteskundeen kanpaina abiatzeko bezperan,CUPek babesik gabe utzi zuenKataluniako Parlamentuaren aurrekontu proposamena, eta, ondorioz, uda ostean, konfiantza mozio bat aurkeztuko duela iragarri zuen Puigdemontek. Argi dago holakoek mesede gutxi egiten diotela independentziaren aldeko prozesuari. Junts Pel Siren eta CUPen arteko desadostasunek, bestalde, barne krisia eragin dute CUPen barruan; atzo, zuzendaritza taldearen berregituraketa hasi eta hiru egun lehenago, Poble Lliureko sei kidek dimisioa aurkeztu baitzuten.

Boto independentista

Kataluniako Parlamentuan independentziaren aldeko alderdien batasuna kolokan dago, baina aurrera doa Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainak. Ikusteko dago zenbateraino errepikatuko diren iragan abenduaren 20ko emaitzak; baina, sorpassoa egon edo ez, litekeena da zeharo ezberdinak ez izatea. Pablo Iglesias Podemoseko zerrendaburuak berak aitortu bezala, En Comu Podem koalizioak ezustean garaitu zituen independentziaren aldeko alderdiak, eta, datorren asteko hitzorduari begira, litekeena da Xavier Domenech buru duen hautagaitzak, azken emaitza berdindu bakarrik ez, baizik eta hobetzea.

En Comu Podemeko zerrendaburuaren hitzetan, PSOEk ezin du erreforma erabili gobernua osatzeko eragozpen gisa. BERRIAri adierazi dio, halaber, «ulertezina» dela hainbat indar subiranistak En Comu Podem «eraitsi beharreko etsaitzat hartzea». Haren hitzetan, «Rajoy kanporatzea lortzen badugu, izango baita estatuak egun duen krisi soziala, demokratikoa eta lurraldetasunarena gainditzen dituen gobernu hitzarmena lortzen dugulako, eta azken hori erreferendumaren bitartez lor daiteke bakarrik».

Baldintzak

Domenechek, era berean, «onartezintzat» jotzen du alderdi subiranistek kanpaina erabiltzea «Espainiako politikaren agendan erreferendumaren gaia baldintza gisa jarri duen alderdi bakarraren kontra egiteko, aurkari bakarra Rajoy eta PP» izanik.

Madrilgo zerrendalagunek garaipena lortzen badute, erreferenduma egin egingo dela argi du, beraz, Domenechek. Pablo Iglesiasen lehentasunen inguruan galdetuta, —Rajoy kanporatzea edo erreferenduma gauzatzea aukeratu behar izatekotan— azaldu du ez dutela «halako dikotomiarik jartzen mahai gainean». Alde horretatik, bitariko galdeketa proposatzen dute: «Estatu Independentea eta Estatuaren proposamen berria».

Espainiako ezkerren koalizioaren eta independentziaren aldekoen elkartasuna lortzeko aukera erabat baztertuta, Gabriel Rufian ERCeko zerrendaburuak egunkari honi azaldu dio zer-nolako jarrera aldaketa izan duen Podemosek: «Duela bi egun arte, erreferenduma zen baldintza, marra gorria; baina inkesta guztien arabera, PSOErekin gobernua osatzeko aukera izango dutela ikusita, baldintza guztiekin ahaztu dira». ERCeko zerrendaburuak argi du ez dituztela «aliatuak izango herritarren subiranotasuna onartzen eta gauzatzen ezduten bitartean».

Horren haritik, Fransesc Homs CDCko zerrendaburuak adierazi du Katalunian «asebeterik» daudela, «Espainiako hauteskundeak gerturatzen direnean alderdi espainolek egiten dituzten promesak ikusita».

Bozen atarian, marra gorriak gorabehera, badirudi Unidos Podemos hautagaitzari babesa emango dion koalizioaren eta independentziaren aldeko alderdien arteko gatazkak baldintzatuko duela, hein handi batean, azken emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.