Boko Haram Nigeriako mugatik botatzeko operazioa hasi du Txadek

Idriss Deby presidenteak «plan bat» egin du iragan astean muturreko talde islamistak egindako erasoari erantzuteko; ia 100 militar hil zituen

Idriss Deby Txadeko presidentea, artxiboko irudi batean. FABIO FRUSTACI / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Idriss Deby Txadeko presidentea prest dago Boko Haram muturreko talde islamistaren aurkako borrokan pauso gehiago emateko. Herenegun gauean jakinarazi zuenez, «plan bat» prestatu du Boko Haram Txadeko laku ingurutik eta, beraz, Nigeriarekiko mugatik botatzeko, eta atzodanik abian dago hori gauzatzeko operazio militarra. Gune estrategikoa da eremu hori, han elkartzen baitira Txadeko, Nigeriako eta Kamerungo mugak.

Berez, muturreko talde islamistak Nigerian jarduten du, baina azken urteotan muga pasatu, eta Txaden ere hasia zen erasoak egiten. Kasurako, iragan astean egindakoa: eraso bat egin zuen Txadeko armadaren postu baten aurka, eta gutxienez 98 militar hil eta 47 zauritu zituen, Azem Bermendoa Agouna armadaren bozeramaileak jakinarazi zuenez. Horren aurkako erantzuna da atzo abiaturikoa, Debyren hitzetan, «Boko Haram eremu horretan amaitzeko».

Txadeko presidentea bera egon da egunotan lakuaren inguruan, erasoaldia antolatzen; izan ere, Deby jeneral izandakoa da bere herrialdeko armadan, eta, besteak beste, Txadeko gerra zibilean parte hartu zuen.

«Terrorismoa garaitu behar dugu gure herritarrei eta batez ere Txad lakuari bakean bizitzeko modua emateko. Moral aldetik, oso ondo gaude», adierazi zuen Txadeko presidenteak erasoa hasi aurretik. Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, lakuaren inguruko herritar guztiak ebakuatu egin zituzten erasoa abiatu aurretik; eta, horrekin batera, Fulli eta Kaya departamentuak «gerra eremu» izendatu zituen, gero horietan larrialdi egoera dekretatzeko.

Lerro hauek idazteko orduan, Txadeko armadak ez zuen operazio militarraren ondorioen berri eman.

EIrekin lotura

Boko Haramek kontrolpean zuen eremuaren parte handi bat galdu zuen iaz, eta agintariek uste dute aurten ere horretan sakonduko dutela. Muturreko talde islamistak dagoeneko lau herrialdetan egin ditu erasoak: Nigerian, Txaden, Kamerunen eta Nigerren.

2015ean, gainera, Boko Haramen buruzagiak aliantza bat egin zuen Estatu Islamikoarekin (EI) eta, harrezkeroztik, talde horren ordezkaritzat dute Afrikako eremu horretan. Denera, Boko Haramek ia 30.000 lagun hil ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak