Bakearen sendotzean eragin «negatiboa» izan du Ipar Irlandako krisi politikoak

Sinn Feinen eta DUPen desadostasunek paramilitarismoaren amaiera oztopatu dute, auzia ikertzeaz arduratzen den IRC taldearen arabera

Ander Perez Zala -

2018ko urriak 24
Ipar Irlandako gatazka armatuaren eragile nagusietako batek, paramilitarismoak, bizirik jarraitzen du. 1998an adosturiko eta sinaturiko Ostiral Santuko Akordioak talde paramilitar guztien su-etena jarri zuen baldintzatzat, baina horietako batzuk ez zituzten kontuan hartu, 1997ko menia «hainbatetan urratu» zutela argudiatuta. Iragan apirilean bete zituen hogei urte akordioak, baina ekintza paramilitarrak ez dira eten; horregatik, eta arazo horri irtenbidea eman nahian, Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuek IRC Informatze Independenterako Batzordea eratu zuten abuztuan, orain dela bi urteko akordio baten harira. Egungo egoeraz lehen txostena plazaratu zuen atzo, eta bi ondorio nagusitu dira: batetik, paramilitarismoa «errealitate gordina» dela Ipar Irlandan; eta, bestetik, Sinn Fein errepublikanoaren eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren arteko gobernu krisiak eragin «negatiboa» izan duela bakearen sendotzean.

IRCren egitekoa da paramilitarismoaren amaierara bidean egin diren pausoen berri ematea; horretarako, urtean behin jakinaraziko du ikerketen emaitza, eta atzokoa, beraz, orain arteko lehena da. Han, goraipatu egin ditu paramilitarismoa amaitzeko ahaleginak egin dituzten herritarrak, baina, aldi berean, aurreko zorionekin lotuta, deitoratu egin ditu politikari errepublikano eta unionistak, ados jartzeko gaitasunik ezagatik.

Izan ere, botere partekatua, gizarteari egonkortasuna transmititzea helburu duen sistema politikoa, kolapsatua dago iazko urtarrilaz geroztik, eta ez du hobetzeko zantzurik erakutsi azken hilabeteotan. Horren ondorioz, zalantzak sortu dira bake akordioari esker sorturiko gobernu sistema bideragarria ote den, kontuan harturik bi alderdi nagusiek eskualdearentzat kontrako etorkizun politikoa dutela helburu. Beraz, ia bi urteotan, botere hutsune horren ondorioz, ezinezkoa izan da, besteak beste, talde paramilitarren presoei buruzko erabakirik hartzea, eta horrek eragina izan du ekintza paramilitarretan. «Onartezina da paramilitarismoak bizirik jarraitzea», adierazi du batzordeak bere lehen txostenean.

2013tik 2017 amaierara arte, talde paramilitarrek —errepublikano disidenteek eta unionistek— «nabarmen» ugaritu dituzte erasoak. Zehazki, tiroketen eta borroken kopurua %60 igo da, Ipar Irlandako Poliziaren datuen arabera: duela bost urte, mota horretako 64 ekintza izan ziren, eta iaz, berriz, 101.

Testuinguru horretan eratu zen, beraz, IRC. Lau mandatarik osatzen dute taldea: John McBurney abokatuak, eta Emakumeen Koalizioa alderdiaren buruzagi ohi Monica McWilliamsek —Belfastek izendaturikoak—; Irlandako Errepublikako Atzerri Ministerioko diplomazialari ohi Tim O'Connorrek —Dublinek izendaturikoa—, eta 2003tik 2007ra AEBen Ipar Irlandako mandatari izandako Mitchel Reissek —Londresek izendaturikoa—.

Hasiera Berria Akordioa

IRCren eratzea 2015ean adosturiko Hasiera Berria Akordioaren ondorioetako bat izan zen. Testu horren helburua da Ipar Irlandako politika eta gizartea «normalizatzeko pausoak ematea», hango alderdi guztien laguntzarekin.

Batez ere, sistema politikoan, errepublikanoen eta unionisten arteko botere partekatuan jartzen du arreta, baina akordioaren xedeen artean dago paramilitarismoari eta krimen antolatuari aurre egiteko planak garatzea ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna