KRITIKA. Donostiako 56. Jazzaldia

Bi hirukote bikain Jazzaldia agurtzeko

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Brad Mehldau Trio eta Bill Frisell Trio



Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: uztailaren 25a.

Azken kontzertuan, gurekin ditugu bi hirukote bikain; hasteko, piano jotzailearena: Brad Mehldau (pianoa), Larry Grenadier (kontrabaxua) eta Jeff Ballardek (bateria) osatua.

Mehldau jauna serio eta kamerarik gabe dago oholtza gainean. Kontzentrazio handia eskatzen duen musika egitera etorri zaigu. Zorrotza eta sakona da bere proposamena. Show-rik gabe, hiru musikariek apenas begiratzen dioten elkarri; aitzitik, elkar ulertze handia erakusten dute. Dezibelio gutxiko musika dugu, exhibizionismorik gabea. Emaitza, berriz, handia.

Jeff Ballard esku hutsik, makilarik gabe hasi da bateria jotzen Paul McCartneyren Great Day konposaketan. Bikain, sortzaile sendo eta zehatz eman dituzun kolpe guztietan, Ballard jauna. Larry Grenadier kontrabaxuan, irmo; solo ederrak eskaintzen ditu Ode-n eta I concentrate on you-n; ondo baino hobeto erritmo konplexuak aise eramaten. Oso adierazkor; sotil, betiere.

Mehldau jaunak apaindura gehiegirik ez duen musika eskaintzen digu. Bere ezker eskuarekin akordeak eramateko era magikoa da, sotila eta apala. Ez dugu bere pianoan doinu forte edo fortissimo-rik entzungo; aitzitik, bai piano eta pianissimo. Hausnarketa sakon baten ondorioz jotzen du, eta sentiberatasun izugarria du. Ahaztuko ez dugun kontzertua izan dugu Mehldau jaunaren oparia.

Ondoren Bill Frisell dugu. Kontzertu berezia eta etenik gabekoa izan da. Hasieratik, jarraian datoz gaiak, bata bestearen ondotik; batzuetan, ez dakigu amaitzen ari den, edo ideia berri batekin hasi den. Gitarra bakarra dugu gure aurrean, eta bat baino gehiago entzun izan direla esango nuke. Bi musikari gaztek laguntzen diote: Thomas Morganek kontrabaxuarekin sendo, atsegin; Rudy Roistonek bateriarekin zuzen, zorrotz eta esku zabal. Frisellek proposatzen duena zalapartatik at dago, gitarraren melodiak entzungo ditugu era apal batean, saltoka bezala; jazza eta bluesaren doinuak era original batean entzuteko parada dugu. Kontzertu honetan ere dezibelioak ez dira batere altuak izan, bolumena erdi maila batean mantentzen da une oro; akaso, kontzertuaren bukaeran gitarraren nota garbiak pittin bat zikindu, distortsionatu dira, baina orokorrean, gitarra garbi eta dotorea entzun dugu. Oso atsegina, Bill Frisell hirukotearen lana.

Atsegin handiz gozatu dugu Jazzaldiko Trinitate plazako kontzertuekin. Jaialdi bikaina aurtengoa ere, maskarak direla medio: neurriak baldintzatutako guneetan egon gara ikusleok, patxadaz gozatzen. Dena neurtuta, baina gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.