Jon Andoni del Amo. EHUko ikerlaria

«Internetetik musika eskuratzeko moduak askoz indibidualagoak dira»

Euskal Herriko gazteen eta musikaren arteko harremana aztertu du Jon Andoni del Amok bere doktore tesi lanean; 1980ko hamarkadatik musikak izan duen balioaren eraldaketa nabarmendu du.

MARISOL RAMIREZ / APR.
gorka erostarbe leunda
2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Iazko abenduaren 23an aurkeztu zuen Jon Andoni del Amok (Durango, 1974) Party & Borroka. Jóvenes, música(s) y conflicto(s) en Euskal Herria: transformaciones identitarias a comienzos del siglo XXI tesia. Bikain cum laude emaitza eskuratu zuen, eta nazioarteko aipamena ere badauka. Egun ikerlaria da EHUn, ikus-entzunezko eta publizitate sailean, NOR ikerketa taldean.

Rockak indar handia izan du Euskal Herrian. Galtzen ari al da?

Bai, izan du, duda barik. Eta, egia da, azken urteotan gain behera doa. Bi ildo nagusi egon dira Euskal Herriko rock musikan: bata, haize instrumentuak sartzen dituena, ska-punketik datorrena; bestea, hardcore-metala. Biek galdu dute indarra, lehenengoa jai giroetan oraindik mantentzen bada ere. Bigarrenean nabarmenagoa da, kontzertuetan Berri Txarrak salbuespena izanik.

Zenbaitek dio egungo gazteentzat rocka zaharkituxea geratu dela, musika klasikotzat hartzen dutela ia... Hainbesterainokoa al da?

Bai, baliteke. Euskal rocka 90eko hamarkadaren amaieratik hasi zen sormen agorpenaren seinaleak ematen. Mende berriaren hasieran jai giroa, martxa hasi zen aldatzen, musika hasi zen aldatzen, drogak ere aldatu ziren... Dena den, inoiz baino gazte gehiago (eta ez hain gazte) dabil rocka egiten, eta inoiz baino hobeto. Gazteek musika formazio hobea daukate; errazagoa da instrumentuak lortzea, baita grabatzea ere. Areto gehiago daude, gainera, eta askoz hobeak. Izugarrizko kalitatea dago gaur egun, horrek rockari askotan berehalakotasuna kentzen badio ere. Baina nahiz eta jende gehiago ibili rocka egiten, entzule gutxiago dago; nabarmena da kontzertuetan. Rockaren hedapenak behera egin du, eta egungo gazte askorentzat zaharkituta geratu da; aurrez ikusteko modukoa da, eta bestelako jai giroak nahiago dituzte.

Gazteak ez du bizi rocka garai batean bezala, eraldaketarako tresna moduan eta ezaugarri identitario gisara?

1980ko eta 1990eko hamarkadetan hala gertatu zen: rocka berebiziko tresna izan zen eraldaketarako eta identitateak (bir)sortzeko. Batez ere punka, gauzak orain eta hemen esateko ezin aproposagoa baitzen. Eta premia asko zeuden esateko, oihukatzeko, abesteko... Egun, aldaketak daude bi zentzutan. Batetik, agian ez dago hainbesteko premiarik, egoera sozioekonomikoa, soziokulturala eta soziodemografikoa diferenteak baitira, baita babes soziala ere (instituzionala edota familiarra); baita krisi garai honetan ere. Bestetik, eta garrantzitsuagoa dena, beste adierazpide batzuk daude; musika, neurri handi batean, desbalorizatu egin da eraldaketarako tresna edo ezaugarri identitario moduan. Hori gertaera orokorragoa da: mendebalde osoan eman da, ez Euskal Herrian soilik. 60ko hamarkadan eraldaketa eta identitatearen arteko uztarketa oso estua izan zen; identitateak kontzienteki politizatu ziren, eta mugimendu sozial eta politikoak ohartu ziren dimentsio kulturalaren garrantziaz. Euskal Herrian hauek prozesu inportanteak izan dira oso: euskal kantagintza berria eta komunitate nazionalista eta antierrepresiboaren (bir)sortzea 60ko hamarkadan, euskal rock erradikala eta eztanda kontrakulturala 80ko hamarkadan, eta kontrakulturaren egonkortzea 90eko hamarkadan.

1980ko hamarkadatik aurrera hasi zen musika hori balio galtzen?

1980ko hamarkadatik aurrera musika eta, orokorrean, kulturaren papera konplikatu egin da. Alde batetik, supermerkatu kultural kapitalistaren logikak, erabili orduko botatzekoak, desbalorizatu egiten ditu produktu kulturalak eta musika bera. Bestetik, mugimendu sozial eta politikoek arlo kulturalari emandako garrantzia askotan estetizazioa izan da; estetikara mugatu da: kultura edo musika politizatu beharrean, musika eta politika bera despolitizatu egin dira. Punka izan zen inflexio puntua, porrot politikoen adierazpena eta aldi berean garaipen kulturala; baina punkak, dena den, dimentsio biak zituen, esan eta egin. Azken krisi ekonomikoan, Euskal Herritik kanpo batez ere, argi ikusi da: protestak eta aldarrikapenak ez dira bide kulturaletatik bideratu, musikaren bitartez, baizik eta sare sozialetatik, mobilizazio sozialetan (15M, Occupy...) edo zuzenean tresna politikoen bitartez (Syriza, Podemos...). Eta politizatu diren identitateak ere bide politikoetatik egin dira: nazioa (Katalunia, Eskozia...) edo herria (herria vs kasta, %99 vs %1). Euskal Herrian bide berezi batetik adierazi da: bide politikoen desblokeoarekin batera, urteotan musika, identitatearen eta hizkuntzaren artean estu eraiki dugun lotea zabaldu egin da, txosnetan patxanga entzuten da. Musika ez da bizi eraldaketarako edo identitaterako tresna moduan; horretarako bide argiagoak egon badaude, politikoak; musika ondo pasatzeko baliabide bat baino ez da.

Hala ere, rockera lotuta soilik ez, 80ko hamarkadako rockari eta haren aldaerei lotuta ez al da jarraitzen maiz?

Hori ere gertaera orokorragoa da, mendebaldeko kulturakoa. Simon Reynoldsek, AEBetako musika kritikariak, Retromania-z hitz egiten du: zelan pop kultura atzera begira dabilen azken urteotan, sorkuntza aldetik agortuta, iraganeko soinuak eta estiloak behin eta berriro errepikatuz. Euskal Herrian 80ko hamarkada garrantzitsua izan zen. Punkaren eztandarekin batera komunikazio sozialerako espazioak, fisikoak eta sinbolikoak, eratu ziren: gaztetxeak, txosna guneak, zenbait taberna, irrati libreak, fanzineak... Horrek guztiak indartsua egin du 80ko hamarkadaren erreferentzialtasun sinbolikoa. Baina hainbeste bider mezu berberak eta modu berean... errutinizatu egin dira. Gaur egun, eta batez ere ziklo politiko berriarekin batera, 1980ko hamarkadako rockari lotutako guneak ia desagertu egin dira, bat batean. Txosna gune eta taberna gehienetan, ia guztietan, musika bera entzuten da egun: komertziala.

Musika elektronikoa, rave kultura eta dj-ak bihur al litezke garai bateko rockaren funtzio bertsukoak?

Hori modu naturalean gertatu da hainbat lekutan. Ingalaterran, Manchesterreko Factory zigiluaren eskutik, kasu. Ingalaterrako rave mugimendua autoantolaketaren praktika argia izan zen, baita horren eta espazio publikoaren aldarrikapena ere, Thatcherrek beraien kontra polizia bidali zuenean. Hor dira Frantzia aldeko free parties delakoak ere edota Amsterdam edo Berlinen zirkuitu autonomo, kontrakultural edo okupatuak, oso indartsuak. Horietan modu natural batean konbinatzen dira rocka eta musika elektronikoa, batez ere drum&bass-a, minimal edo dubstep bezalako estiloak.

Euskal Herrian, berriz, musika elektronikoaren gaineko aurreiritzi inportanteak izan ditugu, klasekoak (barriobajeros), nazionalak (españoles) eta drogei lotutakoak. 80 eta 90eko hamarkadatik datozen zirkuitu kontrakulturalak rockari estu lotuta egon dira eta soinu elektronikoak gaizki ikusiak izan dira. Hala ere, egon dira musika elektronikoa lantzen ibili diren pertsona eta kolektiboak, Xabi Erkizia edota Bergarako Kogollos Party Krew kasu; eta rave-ak antolatzen oso aktibo ari den Bilbo aldeko More Jaia kolektiboa. Azken urte hauetan dj-ak eta musika elektronikoa arazo barik sartzen ari dira gaztetxeetan eta txosna guneetan, oraindik kostata bada ere.

1990eko hamarkadan, Public Enemyren eta Negu Gorriak-en sokari tiraka eta bertsoaren zabalpen garaian esaten zen hip-hop kulturak hartuko zuela rockaren lekukoa, baina ez da gauzatu...

Fermin Muguruzak esaten du bere sinesgarritasun profetiko osoa galdu zuela halako zerbait esan zuen momentutik... Negu Gorriak-ek berak hip-hopa nahasten zuen arrakasta handiz, baina denbora pasa zen euskaraz lehenengo rap taldea entzun arte, Selektah Kolektiboa. Hauek zabaldutako bideak jarraipena izan du, baina hedapen mugatu batean. Izan ere, raparekin ere musika elektronikoarekin bezala gertatu zen hasiera batean: ez zen oso ondo ikusia izan esparru kontrakulturaletan, nahiz eta euskaraz izan eta aldarrikapenak egin. Gaur egun egoera erabat normalizatuta dago, eta hor ditugu erreferentzia batzuk, Norte Apache edota Glaukoma; zenbait lekutako eszena, Ezkerraldekoa kasu, euskaraz eta gazteleraz, interesantea da oso.

Musika entzuteko moldeak, tempoak, ohiturak erabat aldatu dira... Dena eskura izateak ez al du benetako interes aktiboa gutxiarazten?

Internetek sakon aldatu ditu musikarekin erlazionatzeko modu sozialak. Lehen musika eskuratzeko bideak sozialak ziren gehienbat, harreman eta sare sozialak eraikitzea zekartenak: disko dendako jendea, taberna jakin batzuetako giroa, musika partekatzen zuten lagunak... Musikarekin batera, harremanak eta identitatea eraikitzen zen, afinitate taldeak eta tribu urbanoak. Internetekin musika eskuratzeko moduak askoz indibidualagoak dira. Gainera, diskoak ematen zuen narratiba ere galdu egiten da: kantu solteak dira elemento nagusi egun. Horrek guztiak bi ondorio nagusi ditu. Batetik, musikak ez dauka aurreko prozesuak eranzten zizkion elementu emozionalak, identitarioak eta sozialak. Beste era batean bizi da musika, ez hain intensoa: musika baino ez da. Bestetik, sare eta harreman sozial horiek galbahe lana ere egiten zuten, musika aukeratzeko orduan. Egun, Interneteko ozeano handi horretan bakarrik nabigatu behar da; ondorioa askotan zera da, hedabideek egiten dute iragazki lana. Paradoxikoki, nahiz eta kantu ugari eskura izan, gero eta gehiago entzuten dira kantu jakin batzuk. Musikak gehigarri emozionalak eta identitarioak ez baditu, errazena zera da, kantu ezagunak aukeratzea: klasikoak edo irrati formulan agertzen direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.