KRITIKA. Antzerkia

Platanoak nagusi

United Fruit Companyren inperio kapitalista aztertzen du antzezlanak. AGRUPACION SEÑOR SERRANO.
Agus Perez.
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun

'Kingdom'

Konpainia: Agrupacion Señor Serrano. Egileak: Alex Serrano, Pau Palacios, Ferran Dordal. Bideo programazioa: David Muñiz. Bideo sorkuntza: Vicenç Vilaplana. Musika: Nico Roig. Eremu eszenikoa eta maketak: Alex Serrano, Silvia Delagneau. Jantziak: Silvia Delagneau. Antzezleak: Diego Anido, Pablo Rosal, Wang Ping-Hsiang, David Muñiz, Nico Roig. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abenduak 5.

Txundituta utzi gaitu Agrupacion Señor Serrano konpainiak Kingdom lanerako planteatu duen eremu eszenikoak. Bilboko Arriaga antzokiak agertoki zabala dauka, eta hiru mahai lerro paralelok bete dute eszena, ez erabat baina ia-ia punta batetik bestera zihoazenak. Lehenengoan era guztietako jakiak eta edariak zeuden, eta haren ezkerreko puntatik teklatuetan zuzenean jo eta musika zatiak jaurti ditu Nico Roig musikariak. Erdikoaren edukia beranduago jakin dugu eta atzekoaren mutur batean bateria bat zegoen eta bestean irudien ediziorako lan-postua eduki du platanoz jantzita zihoan David Muñizek.

Panorama horrekin, zalantzan egon naiz ea gaurko emanaldiari antzerki ala performance deitu behar ote nion. Azken finean, performanceak artista edo artisten kutsu pertsonal handiagoa dauka, eta kasu honetan hobeto legoke antzerki dokumental izendapena baliatzea, emanaldiak hartu duen kutsua kontuan hartuta. Esango dute gero kritikariok ez dugula geure burua nekatzen!

Kataluniako konpainia hau oso gutxitan dator gurera, eta ikusi genuen lehen —eta orain arte azken— aldian Bilboko BAD jaialdian izan zen, 2013an, Brickman Brando Bubble Boom izeneko lanarekin. Orduko hartan ustezko Sir John Brickman baten eta Marlon Brandoren figurak uztartu zituzten: Brickman —adreiluen gizona ingelesez— XIX. mendearen amaieran hasi omen zen dirutza egiten etxegintzaren inguruko maileguak sustatzen, eta Brandoren bizitzarekin konparatuz hainbat gogoeta plazaratu zituzten kontsumo gizartearen eta botere ekonomikoen gainean. Oraingo honetan United Fruit Companyk platanoen inguruan eraikitako inperio kapitalista eta politikoa aztertu dute, eta kontrasterako King Kongen figura erabili, matxismo atabikoak gidatzen duen kapitalismoaren ikono bihurtuta.

Beren ohiko estiloari jarraituz, bikaintasun osoz uztartu dituzte azalpen historikoak, analisi ekonomiko-politikoak, dantzatik hurbileko jarduera fisikoa, objektuen erabilera, errealismo handiko dioramak, zuzeneko musika eta zuzenean hartutako edo editatutako irudiak. Dena perfekzio osoz prestatuta eta egina —zehaztasun matematikoarekin—, eta dena erritmo egokian, ezertan tematu gabe, ezer ere luzatu gabe, ideia gabezia larria ez delako talde sortzaile honen gaitza.

Horren guztiaren atzean, noski, dokumentazio lan sendoa dago, eszenan agertzen diren agerkariak, datuak, mapak eta planoak, agiriak eta garaian garaiko objektuak esanguratsuak izan daitezen, eta azken eszenan agertutako zortzi kulturisten dantzak ezin hobeto adierazi du proposamen aurreratu honen sakoneko mezua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.