Askatasunaren bila, literatura aurkitu zuen

Gioconda Belli idazleak errepasoa eman dio bere ibilbideari 'Rebeliones y revelaciones' liburu berrian. Bere beste lan askotan bezala, emakume izatearen eta konpromiso politikoaren auziak gurutzatu ditu.

Ane Eslava.
Iruñea
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Gordetako memoriei buruz hitz egiten duen liburu bat da; galdu arren, zentzua eta arrakasta duten borrokei buruz hitz egiten duena; zenbait arrakasta ezin direlako epe laburrean neurtu». Gioconda Belli (Managua, 1948) idazlearen azken lanean irakur daitezke hitzok. Haren bizitzaren eta obraren zertzelada batzuk bilduz, autobiografiaren, saiakeraren eta antologiaren arteko liburu bat ondu du. Rebeliones y revelaciones (Erreboltak eta errebelazioak) du izena, eta Txalapartak argitaratu du. Iruñean aurkeztu dute lana aste honetan.

Urte berezi batean publikatu dute idazlearen azken lana; izan ere, Txalaparta argitaletxeak 30 urte beteko ditu aurten, eta denbora hori igaro da Belliren La mujer habitada (1988, Emakume habitatua) nobela entzutetsua argitaratu zutenetik ere. «Liburu hau berezia da, idazlearen azken 30 urteotako ibilerak, bizipenak, borrokak eta literatura jaso dituelako», adierazi du Jon Jimenez Txalapartako editoreak.

Rebeliones y revelaciones atzera begirada bat da: egindako bidearen errepasoa. Liburuaren 235 orrietan, beste behin ere, bi auzi gurutzatu ditu idazleak: emakume izatea eta konpromiso politikoa. Belliren bizitzan eta lanean erdigunean egon diren gaiak dira biak.

Izan ere, haren amak feminitatea bizitzeko modu berezi bat transmititu zion Belliri, eta horrek eragin handia izan zuen harengan. Honela adierazi du liburuan: «Aurrera egiteko eskatzen zion adimenaren eta bere garaiak ezartzen zizkion mugen artean harrapatuta, hark bizi ezin izan zuena nik bizi nezan hezi ninduen amak». Bere oroitzapenik garrantzitsuenetako bat harekin bizi izandako une bat dela kontatu du idazleak Iruñean: «Amak, egun batean, laster hilekoa izango nuela kontatu zidan. Oso modu berezian azaldu zidan, oso modu ederrean».

Bestalde, Bellik oso lotura sendoa izan du beti Nikaraguarekin. Honela definitu du herrialdea bere azken lanean: «Emakume izena duen nire maitea: Nikaragua». Preseski, Belli emakume gisa ahalduntzen ari zelarik, Nikaraguan iraultza sandinista loratzen hasi zen, eta horrek ere zipriztindu zuen sortzailea. «20 urte nituela, sandinista ugari ezagutu nituen, eta Somozaren diktadura garaitzeko aukera zegoela ikusteak beste botere mota bat sentiarazi zidan; politikoki ahaldundu nintzen».

Laura Mintegi idazleak idatzi du Rebeliones y revelaciones-en hitzaurrea, eta Belliri nahiz beste emakume batzuei gertatu zitzaiena esaldi batekin deskribatu du liburu aurkezpenean: «Herrialde bat eraikitzen ari ziren, eta, aldi berean, euren buruak eraikitzen ari ziren». 1970ean, Bellik FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistarekin bat egin zuen.

Haurra zenetik literaturarekin harreman estua izan bazuen ere, boteretze bikoitz hori izan zen poesia idaztera bultzatu zuena. 1970ean eman zion hasiera bere ibilbide literarioari, El Gallo Ilustrado, Prensa Literaria eta Nicaracuac aldizkarietan olerkiak publikatuz. Azkar lortu zuen aitorpena: 1972an publikatu zuen bere lehen liburua, Sobre la gramapoesia bilduma (Askimotzaren gainean), eta Mariano Fiallos Gil saria jaso zuen hari esker.

Iraultzailetzat hartu zuten Belliren obra hasieratik, emakumearen gorputzaz eta sexualitateaz taburik gabe hitz egiten zuelako. «Inkongruentea iruditzen zitzaidan emakumea desira objektu gisa hartzen zuen kultura batek desegokitzat jotzea emakumeek ere desiratzea. Hortaz, erabaki nuen begiratua izatetik begiratzera igarotzea, eta hori askatasun ekintza izugarria izan zen niretzat», azaldu du bere azken lanean.

Liburuaren azalak ere emakume baten irudia erakusten du; biluzik, oinez eta irudi gorri batek inguratuta. Emakume horrek Belli bera irudikatzen du, Maite Mutuberria azalaren egileak adierazi duenez. «Irudiak gorputza erakusten du: gorputza lurralde gisa eta muga gisa; emakumearen gorputza, sua, odola, sortzea, hazia».

Objektutik subjektura

Belliren idazkera apurtzaileak ez zituen soilik laudorioak jaso; kritika anitz ere eragin zituen. Bere «sexualitatearen subjektu» izateagatik jaso zuen gaitzespena, haren ustez. «Hasieran ez nituen ulertzen nire lanen kontrako kritikak, baina pixkanaka-pixkanaka ulertu nuen kritikatzen zutena zela gauza horiek nik esatea; emakume batek, alegia. Baina aurrera jarraitzea erabaki nuen, emakumea ikusteko modu hori aldatzeko». Erabaki hori iraultzan parte hartzea baino «are iraultzaileagoa» izan zela adierazi du idazleak.

Bitarte horretan guztian, FSLNko batzorde politiko-diplomatikoko kide eta ezkutuko mezulari izan zen Belli, eta Europan eta Hego Amerikan barna ibili zen, sandinismoaren ideiak zabaltzen. Poliziaren jazarpena zela eta, Nikaraguatik alde egin behar izan zuen, eta Mexikon eta Costa Rican erbesteratu zen. Iraultzaren garaipenarekin herrialdera itzuli eta sandinisten ordezkari izan zen Alderdi Politikoen Nazio Batzordean.

1988an, arlo politikoa utzi, eta bere lehenengo nobela argitaratu zuen: La mujer habitada (Emakume habitatua). Obraren arrakasta izugarria izan zen, eta bere ibilbideko lanik esanguratsuena bilakatu zen. Eleberrian bi kontakizun gurutzatzen dira; garai ezberdinetan askatasun bila dabiltzan bi emakumeren istorioak dira. Zortzi hizkuntzatara itzuli dute lana, eta milioi bat ale baino gehiago argitaratu dituzte.

Horren ostean, beste zenbait eleberri idatzi zituen. Sofía de los presagios (1990, Iragarpenen Sofia), Waslala (1996),El país bajo mi piel. Historias de amor y guerra (2001, Herria nire azalpean. Maitasun eta gerra istorioak) eta El país de las mujeres (2010, Emakumeen herrialdea) dira esanguratsuenak.

Belliren lanetan protagonista gehienak emakumeak dira, eta erreferentzia gisa izan dituen idazle emakumezkoak ere agertu ohi dira: Germaine Greer, Simone de Beauvoir, Virginia Woolf... Gainera, liburuen eskaintzetan ere, emakumeen izenak maiz irakur daitezke.

Zoriontasuna helburu

70 urteko emakumea da Belli egun, baina berak «gazteria pilatua» duela dio, umoretsu. Gauza asko aldatu dira urteotan: garai batean ezagutu zuen Nikaraguak ez du zerikusirik egungoarekin. Herrialdean FSLN alderdiak agintzen badu ere, Daniel Ortega presidentearen politikek herritarren haserrea eragin dute. Hala ere, Bellik ez du itxaropena galdu: «Hori da iraultza hartatik geratu zaiguna: itxaropena. Espiritu menderakaitza dugu, eta ez dugu beste diktadura bat onartuko».

Egun, bere jomuga zoriontasuna dela dio, eta «zorionismoa» du bizi filosofiatzat. Horrekin lotuta, zaintza lanen garrantzia nabarmendu du: «Botere ereduak aldatuz, zoriontsu egiten ez gaituen bizimodua aldatu behar dugu: zaintzaren etika feministan oinarrituz, zaintzaren boterea sortu behar dugu».

Bere lanaren oihartzunaren jakitun da Belli, eta idazten duenari esker jasotzen duen erantzuna eskertu nahi izan du Iruñean egindako egonaldian: «Idaztea aurkikuntza prozesu bat den moduan, norberak idazten duen horrek izan dezakeen erantzuna ere aurkikuntza izugarria da; ikustea zeure bakardadean idazten duzun horrek horrenbesteko eragina izan dezakeela besteengan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.