Bermeon bizi izandako gazte saharar bat hil du Marokok eraso batean

Mohamed Jalil Bushab brigadista aztertzailea zen. Harekin zihoan beste brigadista bat ere hil dute. Mohi oso ezaguna zen Bermeon

Mohamed Jalil Bushab, haurra zenean, Bermeon, 2005 inguruan. BERRIA.
gotzon hermosilla
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Bermeon (Bizkaia) atsekabeturik hartu dute albistea: Marokoko armadak hegazkinez egindako eraso batean brigadista saharar gazte bat hil zuen Mendebaldeko Saharan, Mohamed Jalil Bushab, herrian oso ezaguna zena, han bolada luzeak eman zituelako. Beste brigadista bat, Rageb Laarusi Charki, zauritu egin zuten, eta handik gutxira hil egin zen zauri horien eraginez.

Umetan, Mohamed Jalilek eta Saib bere anaiak parte hartu zuten Mendebaldeko Saharako haurrek udako oporrak Euskal Herrian emateko programan. Jalil 2001ean iritsi zen estreinako aldiz Bermeora, 7 urte zituela, eta Ojinaga familiaren etxean hartu zuten. «Oso ume berezia zen, zoragarria», esan du haren harrera-aita Josu Ojinagak. Bermeon oso ezagun bilakatu zen, ezizena ere jarri zioten, Mohi, eta haren adibideak akuilatuta, hurrengo urteetan Bermeoko familia gehiagok erabaki zuen ume sahararrak etxean hartzea.

Bost urtez egon zen Mohi Bermeon udak pasatzen, eta beste bi urtez haren anaia Saib. Hura «esperientzia ahaztezina» izan zela dio Josu Ojinagak: «Ume sahararrak hartu dituzten Bermeoko familien artean oso giro ona izan dugu beti, elkartea ere sendoa izan da, eta esan genezake Mohi, bere izaera apartagatik, horren suspertzailea» izan zela.

Joan den larunbatean izan zuten gertatutakoaren berri, Mendebaldeko Saharatik iritsitako telefono dei baten bitartez: «Ezusteko handia izan da denontzat. Ez genekien frontean zegoenik ere». Saib anaia Ojinaga familiaren etxean egon da azken bolada honetan, agiri batzuk lortzeko, eta boluntario izateko Mohiren nahiaren jakitun bazen ere, hark ere ez zekien anaiak borroka guneetatik hain gertu ziharduenik. Antza denez, brigadista aztertzailea zen, eta Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko hesiaren egoera behatzea zuen eginkizun.

Larunbatean ekitaldia

Mohiren lagunek eta Sahararen aldeko elkartasun taldeek ekitaldia egingo dute datorren larunbatean Bermeoko Lameran, 13:00etan. Horrekin, gazte saharar zendu berria gogoratu gura dute, baina, aldi berean, Mendebaldeko Saharan pairatzen den egoera ere salatu nahi dute.

«11 hilabetez isildua izan den gerra bat dago han», azaldu du Ojinagak. «Marokok inposatutako isiltasuna hedabide boteretsu guztiek onartu dute, eta badirudi gerra existitu ere ez dela egin».Gatazka armatuak egoera okerragotu du, baina lehenagotik ere oso larria zen: «Herri hori berrogei urtez abandonatuta egon da, baina bere duintasuna du, eta etorkizun bat eduki beharko luke».

Mohamed Jalil Bushalek 28 urte zituen, ezkonduta zegoen, eta hogei hilabeteko seme bat zeukan. Orain, haren anaia beharrezko izapideak egiten ari da, ahalik eta lasterrena sorterrira itzuli ahal izateko. Bermeon ez daukate ahazteko bi anaiek, eta herritik igaro diren gainerako haur sahararrek, utzitako lorratz sakona: «Ahaztezina izan da, eta ez soilik umeak gure artean eduki ditugulako», adierazi du Ojinagak. «Horri esker, egoera berri bat ezagutu dugu, injustiziaz jositako errealitate batera ireki gara, eta han, Mendebaldeko Saharan, bere txirotasuneanjende duin eta benetan handia ezagutu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.