Absolbitu egin dute Bilboko Hontzak konpartsako kidea

Txosnako dekorazioarekin erlijio sentimenduak iraintzea leporatu zioten konpartsari, baina epaileak ondorioztatu du ez zutela horrelako asmorik
Adierazpen askatasunaren aldeko protesta, epaiketa egunean.
Adierazpen askatasunaren aldeko protesta, epaiketa egunean. M. RAMIREZ/ FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko urtarrilak 12
Zigorrik ez diote ezarri Bilboko Hontzak konpartsari joan den urteko Aste Nagusian txosnan jarritako dekorazioagatik. Bilboko epaitegiak errugabetu egin du konpartsako kide Galder Anton. Abenduan epaitu zuten, dekorazioarekin erlijio sentimenduen aurkako delitua egin izana leporatuta. Epailearen arabera, ez da frogatu «erlijio sentimenduak mindu, gutxietsi edo beheratzeko asmoa zutenik». Fiskalak 1.400 euroko isuna eskatua zuen.

2017ko Aste Nagusirako atondu zuten txosnan, Kristo gurutziltzatua jarri zuten horman, haren gorputz atalak zatituta. Carnicerías Vaticanas leloa zuen (Vatikanoko harategia). Okela zatiz betetako harategi baten itxura zuen txosnak. Mezu hau ere jarri zuten: «Hartzazue ta jan, nire gorputza da ta». Hautsak harrotu zituen dekorazioak, eta hiru salaketa jaso zituen konpartsak, erlijio sentimenduen aurka egin zutela leporatuta: Bilboko Elizbarrutiarena, Falange Vasco-Navarra elkarteko buru Jose Ignacio Irustarena, eta Andaluziako (Espainia) gizon batena. Ertzaintza joan zen irudia kentzera. Zentsuratua leloa idatzi zuten konpartsan.

Bilboko auzitegiak artxibatu egin zuen auzia, baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen, eta Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, onartu. Abenduaren 18an epaitu zuten Anton, dekorazioa erabaki zen bileran parte hartu zuen konpartsako zuzendaritzako kide bakarra zelako. Epaitu zuten bitartean adierazpen askatasunaren aldeko elkarretaratzea egin zuten Bilboko Auzitegiaren atarian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna