Noiz sortua: 2020-02-06 00:30:00

Asiako erraldoiaren indar erakustaldia koronabirusarekin

Txinako Gobernuak milaka osasun langile mobilizatu ditu koronabirusagatik, eta herritarrak lasaitu nahi ditu promesa batekin: bere gain hartuko dituela gastu guztiak. Aringarria da, gizarte segurantza eraikitzen ari diren herrialde batean.

Bi asteko tartean bi erietxe berri eraiki dituzte Wuhan hirian, Hubei eskualdean.
Bi asteko tartean bi erietxe berri eraiki dituzte Wuhan hirian, Hubei eskualdean. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Zigor Aldama -

2020ko otsailak 6

Erietxera joatea ez da esperientzia atsegina Txinan. Gaixo gutxi dauzkaten ospitaleak ez dira oso fidagarriak, eta baliabide ugari eta langile onak dituztenak, berriz, gainezka egoten dira, eta kontsultetara elkarri bultza eginez joaten da jendea. Tentsioa hain da handia erietxeetan, ezen mediku izatea lanbide arriskutsu bilakatu baita Txinan. Medikuen ia %60k diote mehatxuak eta irainak jasan dituztela, eta %13k, eraso fisikoak pairatu dituztela —zenbaitetan, labanekin, aizkorekin edota sableekin—. Wuhango koronabirusak eragindako izurrian ere jasan behar izan dituzte irainak eta kolpeak. Sare sozialetan zabaldu dute kasurik ezagunena: itxaroten aspertu, eta medikuei eta erizainei eztulka hasi zen gaixo bat.

Hein handi batean, gertatutakoak erakusten du nola dagoen osasun zerbitzua munduan biztanle gehien dituen herrialdean: herritarren %60k aurrezkien %60 xahutzen dituzte bizitzako azken 28 egunetan. Medikuen fakturetan dago horren arrazoia.

Asiako erraldoian gizarte segurantza azkar zabaltzen ari den arren —1.400 milioi herritarretatik %90rengana iristen da—, sistema ordainketa partekatuan oinarritzen da oraindik ere. Nagusiki gaixotasunen %80 ordaintzen dira modu horretan. Gaitz larrienen kasuan eta baliabide gutxien dituzten herritarrenean, segurantzatik kanpo geratzen den %20 horrek gaixoaren eta haren familiaren porrota eragin dezake.

Horren adibide da Liu abizena duen gizon baten kasua. 2018an, Wuhango erietxe publiko batean ospitaleratu zuten, miokardio infartu batekin eta arteria koronario bat itxia zuela. 79 egunen ostean, jarraitutako prozeduren eta tratamenduen faktura 1,6 milioi yuanekoa zen (207.000 euro). AEBetan, kopuru hori askoz ere handiagoa izango zatekeen, baina, batez beste 10.000 dolarreko errenta gainditu berri duen herrialde batean, kopuru horren %20 bera ere aurre egin ezinekoa izan daiteke. «Lehentasuna haren bizia salbatzea zen. Ebakuntzak baino lehen ere prest geunden diru asko ordaintzeko, baina inoiz ez genuen pentsatuko horren garestia izango zenik», adierazi zuen haren alabak Herriaren Egunkaria-ren arabera. «Prezioa araudiaren araberakoa da», erantzun zuen mediku batek.

Konpromisoa

Testuinguru horretan, eta ikusita izurria zabaltzen ari dela oraindik, jendea gaitzaren beldur da: ez hil daitezkeelako bakarrik, baizik eta baita ospitaleratzeak ekar dezakeen prezio altuagatik ere. Gobernuak jokaldi ona egin du esanez tratamenduarekin lotutako gastu guztiak ordainduko dituela. Ziurra da, gainera, aldez aurretik ordainduko duela eta egin beharreko tramiteak gutxituko dituela. Alor ekonomikoan, neurri horrek herritarrak lasaitu nahi ditu, eta, ikuspegi politikotik, ondo pentsatutako erabaki bat da; izan ere, Alderdi Komunistaren zilegitasuna herritarrei ongizatea emateko duen gaitasunaren araberakoa da.

Harrigarria da, noski, mailua eta igitaia astintzen dituen herrialde batean osasun zerbitzuak erabat publikoak ez izatea. «Esan daiteke Europa komunistagoa dela horretan. Baina kontuan hartu behar da Txinak hainbat berezitasun dituela: lehenik eta behin, garapen bidean dagoen herrialde bat dela; bigarrenik, 1.400 milioi biztanle dituela; eta, hirugarrenik, kotizazioen eta zergen bitartez jasotzen den diru kopurua herrialde garatuetan biltzen dutena baino askoz txikiagoa dela», ohartarazi du Shanghain Ruijin erietxeko mediku batek —ez du izena esan nahi—.

Munduko Bankuaren arabera, Txinak 6.000 milioi yuan baino gehiago (780.000 euro) bideratzen ditu osasun zerbitzuetara: BPG barne produktu gordinaren %5 inguru. AEBek bideratzen dutenaren herena baino gutxiago. 550 euro dira pertsonako. Gutxi, adituen arabera: «Txinak osasun zerbitzuetan egiten duen inbertsioa txikiegia da oraindik, eta beharrezkoa da hura handitzea osasun zerbitzuak guztientzat doakoak izan daitezen eta eremu pobreenetako osasun azpiegiturak hobetu daitezen. Erietxeen kudeaketa ere hobetu behar da, baita tresneria ere. Eta, batez ere, erietxerik txikienetan daukaten langile kopurua handitu, haietan inbertsio gutxiago egiten dituztelako eta, ondorioz, ez dutelako kalitatezko tratamendurik eskaintzen», zerrendatu du Wu Jingleik, Shanghaiko Osasunerako Herri Batzordeko eta Familia Antolakuntzarako zuzendariak.

Wuk nabarmendu du langile kualifikatuak lurralde osora zabaldu behar direla, nekazaritza eremu askotan osasun langileek ez baitituzte beharrezko ikasketak. Egiaz, %10ek ez dute unibertsitateko titulurik. Erietxeen finantzaketa ere jarri du mahai gainean; izan ere, asko botiken salmentaren menpe daude, eta horrek bultzatzen ditu gaixoei sendagai gehiegi ematera. «Herritarren beharretan oinarritu behar da osasun erreforma, ez erietxeen behar ekonomikoetan».

Egoera horren arazoak argi geratu dira 2019 nCoV koronabirusaren izurriarekin. Hubei eskualdeko osasun sistemak gainezka egin du. Ziurrenik, gauza bera gertatuko zen antzeko egoeran dagoen munduko beste edozein herrialdetan ere, baina Asiako erraldoiaren herritar kopuruak larriagotu egin ditu ondorioak. Zabaldutako irudietan, gaixoak agertu dira ilara luzeak egiten, oherik gabe geratu diren erietxeetan, eta osasun langileak, akituta eta baliabiderik gabe, negarrari emanda. Osasun langile batzuek zabor zorroekin egin behar izan dituzte babeserako jantziak, eta uretarako betaurrekoak jarri begiak babesteko. Hori nahikoa ez, eta erietxe batzuek uko egin diote gaixo gehiago hartzeari, haiek sartzeko tokirik ez zeukatelako.

Erietxeak eta baliabideak

Hori bai, eskualdearen zati handi bat berrogeialdian jarri ostean, Txinak artilleria astuna atera du kritikei aurre egiteko. Agintariek herrialde osoko 6.000 mediku eta erizain bidali dituzte Wuhanera, eta 5.000 ohe gehiago jarri dituzte erietxeetan. Horrez gain, amaitu berri dituzte mila ohe baino gehiagoko bi erietxe, hamar egunean eraiki dituztenak. Munduko bigarren potentziak indar erakustaldia egin du, herritarrei eta munduari frogatzeko egoera aintzat hartzen duela, eta, batez ere, birusari aurre egiteko gai dela.

Hala ere, egoerari aurre egiteko neurriak berandu hartu izana egotzi diete agintariei, eta Wuhango alkate Zhou Xianwang bera dimisioa emateko prest agertu da. «Ez dugu behar bezala jokatu izurrite honetan. Uste dut halako krisi bati aurre egiteko gaitasuna hobetu behar dugula», aitortu zuen CCTV telebistari emandako elkarrizketa bakan eta harrigarri batean. Zhouk aitortu zuen hasieran informazioa ezkutatu zutela, baina nabarmendu zuen gobernuaren baimena behar zuela informazioa zabaltzeko. Lehen egun haiek oinarrizkoak izan ziren koronabirusa zabaltzeko, hiria ixterako bost milioi pertsona atera zirelako Wuhandik.

Edonola ere, gaur egungo Txinak zerikusi gutxi du 2002 eta 2004 artean SARS birusari aurre egin behar izan zion harekin. Jadanik ez da gauzak merke ekoizten dituen herrialde hura, baizik mota guztietako osasun baliabideak ekoizteko gai dena. Ez alferrik, gaixoek 2019 nCoV birusa duten argitzeko erabiltzen diren tresnak herrialdearen ipar-ekialdean egiten dituzte. Ikerketan eta garapenean gehien inbertitzen duten munduko herrialdeetan bigarrena ere bada, eta Txinako zientzialariek bat egin dute AEBetakoekin txerto bat aurkitzeko lanetan. Joan den astean, Hong Kongeko Unibertsitateko talde batek iragarri zuen jadanik sortua duela, baina ohartarazi zuen balitekeela probak egiteak —animaliekin lehenik eta gizakiekin ondoren— urtebete ere jo jotzea.

Hala ere, gobernua ohartu da lorpen horiek guztiak ez direla aski gizarte segurantza herrialde osora hedatzeko gai ez bada, edo gutxienez herritarren oinarrizko beharrak asetzeko adina zabaltzen ez bada. Oraingoz, koronabirusaren izurriak mugarri interesgarria ezarri du, eta alderdiak iragarri du handitu egingo dituela gehien irabazten dutenen kotizazio oinarriak eta gutxien irabazten dutenen estaldura.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna