GEURE KONTU

Harrotasuna eta zoria

Juergen Jakubeit Prosper-Haniel meategiko aldageletan, itxieraren bezperan. F. VOGEL /EFE.
Irune Lasa.
2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Glueck Auf (zorte on)», meatzari alemaniarren betiko agurrarekin diosala egin, eta harrikatz puska beltz distiratsua Franz-Walter Steinmeier Alemaniako presidentearen eskuetan utzi zuen. «Egun zaila, ezta?», galdetu zion agintariak. «Oso egun zaila», erantzun zion Juergen Jacke Jakubeitek. Meatzari beteranoak eztarrian zuen korapiloa bistakoa zen telebistak egin zion lehen planoan. Jackek dozena erdi lankide zituen alboan, horietakoren bat malkoei eutsi ezinean, Steinmeierrek «hau harrikatz zati bat baino gehiago da, hau historia da» esaten zuen bitartean. Ez zen gutxiagorako. Alemaniako lur azpiko azken ikatz meategiaren behin betiko itxiera zen, non eta bere meategi eta industriarengatik ezaguna den Ruhr eskualdean.

Prosper-Haniel meategiaren abenduaren 21eko itxiera «aro baten amaiera» da. Eta sinbolismoz, emozioz eta harrotasunez betetako ekitaldiekin agurtu eta omendu dituzte 200 urtean Europako motorraren erregai nagusia eman duten antrazita meategiak eta haietan, lur azpian milaka metrora, bizia jokoan lanean aritutakoak.

Espainian ere urtea amaitzearekin batera itxiko dira lur azpiko ikatz meategi gehienak. Han ez dirudi agur zeremoniatsurik eta omenaldirik izango denik. Aldiz, aste honetan, Aragoiko, Asturiasko eta Gaztela-Leongo erkidegoetako presidenteek ikatzezko ahalik eta meategi eta zentral gehien zabalik mantentzeko eskatu diote Trantsizio Ekologikorako ministroari, nahiz eta nahiko argi dagoen meategi horienak egin duela.

Izan ere, Europako Batasunak 2007an esan zuen laguntza publikoei esker irauten zuten ikatz meategiak itxi egin behar zirela 2018 amaitzerako —batez ere Alemanian, Espainian eta Errumanian zeuden halakoak—. Europako lur azpiko meategi gehienak ez ziren errentagarriak orduan, eta egoera okertu besterik ez da egin lignito ikatz merkeago eta zikinagoaren lehiarekin eta batez ere Errusiatik, Australiatik, AEBetatik datozen inportazio merkeagoekin. Dirutza joan da azken urteetan meategiei eustera edo eskualdeko ekonomiak eraberritzera. EBko azterketa baten arabera, 1989tik 2017ra Alemaniak 40.000 milioi eurorekin lagundu du sektorea, eta Espainiak 28.000 milioi euro erabili ditu.

Diru publikoaren erabilerak lur azpiko ikatz meatzaritzaren etorkizuna auzitan jarri bazuen, klima aldaketaren aurkako trantsizio energetikoaren apustuarekin, berez, Europan ez zaie asko falta aire libreko lignitozko ikatz meategiei ere. Baina hor gehiago kostatzen ari zaio, adibidez, Alemaniari. Urte amaierarako zuen aurreikusia ikatza erabat uzteko planaren aurkezpena, baina, oraingoz, otsailera arte itxaron beharko da, besteak beste, jarduera ekonomiko hori galduko duten eskualdeak nola konpentsatuko dituzten ezagutzeko.

Auzi zaila da azkenean. Halabeharrez, aro bat atzean utzi eta aro berri bat hasi behar baldin badute, behin meatzariek erretiroa hartzean zein izango da eskualde horietako belaunaldi berrien zoria? Abenduaren 21eko Alemaniako ekitaldia ixteko agintari eta meatzariek aho batez kantatu zuten Steigerlied abestiak ere aipatzen du zoria. Meatze baliotsua topatu izanaren zori ona, bizia eraman dezakeen zorigaiztoko eztanda edo lur jauzia...

XXI. mende honetan, aro berrian, trantsizio eta birmoldaketa orok bidezkoa, justua izan beharko luke aurpegia belztuta jardun diren belaunaldi horiekin guztiekin. Zoriaren mende ahalik eta gutxien utzita, bermea izan beharko lukete euren historiaz bezain harro egoteko aurrean duten etorkizunaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.