Australiako suteek kolokan jarri dute Scott Morrison lehen ministroaren gobernua

Morrisoni «Zer moduz Hawaiien, lagun?» galdetzen dion kartel bat, joan den ostiraleko protestetan.
Morrisoni «Zer moduz Hawaiien, lagun?» galdetzen dion kartel bat, joan den ostiraleko protestetan. STEVEN SAPHORE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2020ko urtarrilak 15

Scott Morrison Australiako lehen ministroa ez da salbatu herrialdea kiskaltzen ari diren suteen sugarretatik. ScoMo ezizenaz ezaguna den buruzagiak Hawaiin (AEB) amaitu nahi izan zuen 2019. urtea, familiarekin oporretan; bitartean, ordea, Australia inoizko suterik gogorrenak pairatzen ari zen, eta Morrisonen bidaiak herritarren haserrea eragin zuen. Kritikek itzultzera behartu zuten lehen ministroa. Kezka agertu zuen berehala, baina egun batzuk geroago Bronteko hondartzan (Sydney, Australia) igerian agertu izanak ez zuen askorik lagundu haren aurkakoen samina apaltzen.

Ika-mika artean bizitzera ohituta dago ScoMo; 51 urteko politikari kontserbadore hori 2018. urtean heldu zen kargura, ekologismoaren aurkako diskurtso gogor bati esker. Morrison kristau protestantea eta gizon sinestuna da, eta homosexualen ezkontzen aurka egiteagatik bilakatu zen ospetsu diputatu zenean, baita immigrazioaren aurkako politikak aplikatzeagatik ere —2013 eta 2014 artean Migrazio ministro izan zen—. Estilo zuzen eta eztabaidatsu horrek lehen ministro bilakatu zuen; orain, baina, nahiko lan izango du herritarren babesa berreskuratzeko, Ozeaniako herrialde handienak azken urteetan bizi izan duen krisirik larrienean.

Hala erakusten dute azken egunetako protestek. Ostiralean milaka pertsona bildu ziren hainbat hiritan, gobernuari suteen aurkako ekintzak eskatzeko, klima larrialdiaren aurkako neurriak exijitzeko, eta, bide batez, Morrisonen dimisioa galdegiteko. Mundu mailan jarduten duten Extinction Rebelion eta Students for Climate mugimenduek antolatu zituzten manifestazioak hiriburuetan; herri txikiagoetan mobilizatu ziren baserritarrak, berriz, ScoMo-k galdu duen babesaren erakusgarri dira.

Gobernuak herrialdearen aberastasuna kudeatzeko duen modua ere jarri dute ezbaian protestek; armada izan da erakunderik seinalatuena. Gaur egun, Australiak urtean 35.000 milioi euro inguru bideratzen ditu gastu militarrera, manifestarien arabera, «existitzen ez den aurkari bati aurre egiteko». Orain, berriz, larrialdiari aurre egiteko baliabide falta duela erakutsi du Australiak, eta, besteak beste, Kanadako eta AEBetako erreskate taldeak ari dira suteetan laguntzen.

Egoera oso larria da, eta konponbideak jartzeko ezer gutxi egitea egotzi diote gobernuari. Dagoeneko gutxienez 27 pertsona hil dira urrian hasi ziren suteen ondorioz —horietatik hiru, suhiltzaileak—; mila milioi animalia inguru ere bai; 2.000 etxe eta lau milioi hektarea baino gehiago erre dira —ia bi aldiz Euskal Herriaren azalera—; eta suteen ondorioz nabarmen handitu da atmosferara isuritako karbono dioxido kantitatea. Australia hego-ekialdean 200 sute aktibo daude; Hegoaldeko Gales Berria eskualdean, 139; horietatik 69 kontrolatu gabe oraindik. Milaka pertsona euren herrietan harrapatuta daude, hainbat errepide moztuta daudelako, eta asko etxeetatik atera behar izan dituzte: Victoria eskualdeko Mallacoota herrikoak, adibidez.

Aldaketa?

2020. urtea hastearekin batera, bere ideietatik asko aldendu gabe, Morrisonek hainbat keinu egin dizkie aldaketak eskatzen dizkiotenei. Edo saiatu da behintzat. Lehen ministroak bisita egin zien suteen aurkako brigadei, eta suteek gogor jo duten Cobargo hirian (Hegoaldeko Gales Berria, Australia) ere izan zen. Mugimendu horiek, ordea, ez dituzte sortu lehen ministroak behar zituen irudi positiboak: hainbat suhiltzailek uko egin zioten lehen ministroa agurtzeari, eta Cobargoko herritarrek agiraka egin zioten. Komunikabideei eginiko adierazpenetan, suhiltzaileek egotzi zioten ez dakiela zer den bizitzen ari direna. ScoMoren jarrerak eta sua eragiten ari den kalteak klima larrialdiaren inguruko kontzientzia areagotu du Australian; hilabete batzuk lehenago —2019ko maiatzean—, Morrison boterera heldu zen ekologismoaren aurkako programa batekin.

Erantzuna ikusirik, ez da hori izan Morrisonek egin duen ekintza bakarra: joan den larunbatean iragarri zuen suteen aurka egiteko aurrekontua handituko zuela, baita Australiako eta Zeelanda Berriko armadak mobilizatuko zituela ere. Horretaz gain, suteen ondorioetatik berreskuratzeko agentzia nazional bat sortuko duela iragarri zuen, eta eztabaida sortu duten adierazpen batzuk ere egin zituen: «Nik eta nire gobernuak beti onartu dugu klimatologiak eta suteek klima larrialdiarekin duten lotura».

Ikatzaren boterea

Orain arte ez du egin aitorpen hori Morrisonek, eta hondamendi naturaltzat jo ditu suteak. Sua hasi eta gutxira zera esan zuen: «Emisioak murrizteko politika gogorragoak ezartzeak enplegua galtzea ekarriko luke». Klima larrialdiarekiko jarrera horretan alboan izan ditu herrialdeko komunikabide nagusiak, Rupert Murdoch handikiak kontrolatzen dituenak. 2018. urtean gobernura heldu zenetik, ikatzaren industriaren aldeko jarrera sutsua erakutsi du Morrisonek —Australia munduko ikatz esportatzaile handiena da—; besteak beste, oraindik diputatu zenean, ScoMok ikatz zati bat atera zuen Australiako Kongresuko agerraldi batean; «ikatzak ez du minik egiten», esan zuen. Lehen ministroaren proiektu izarretako bat da Queensland eskualdean ikatz meategi bat zabaltzea, Indiako Adani Taldeak kudeatuko duena. Munduko meategi handienetako bat izango da. Gobernu kontserbadoreak martxan mantentzen ditu ikatzarekin funtzionatzen duten zentral elektrikoak, Parisko Akordioan konpromisoa hartu zuen arren 2030erako isuriak %26-28 artean murrizteko. Adituen arabera, egungo garapenarekin ez du beteko helburu hori.

Australiako biztanleriaren zati handiena hego-ekialdean biltzen da; bertan daude Melbourne, Sydney eta Canberra hiriburua. Azken biak ke hodei etengabe batek estali ditu azken egunetan, eta Canberra munduko hiririk kutsatuena izatera heldu da; ehun metro eskasera ikusteko arazoak izan dituzte bertako biztanleek. Larrialdi egoera ezarrita dago Hegoaldeko Gales Berrian, eta ez da gutxiagorako: urtarrilaren 4an 48,9 graduko tenperatura erregistratu zen Penrithen, Sydney erdigunetik 100 kilometrora dagoen herri batean.

ScoMori amaitzen ari zaio duen berme politikoa. «Ez da eztabaidarako garaia, ekintzetarako garaia baizik», esan zuen joan den astean. Interes ekonomikoak alde batera utzi eta suteak itzaltzekoa bai, bederen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

510 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban eta Gipuzkoan, aldiz, igo egin dira.

Rafael Bengoa, artxiboko irudi batean ©Gorka Rubio / Foku

«Mikrokonfinamenduak» ezartzearen alde dago Bengoa

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak aztarnari falta dagoela azpimarratu du. Uste du agerraldiak egotea herritarren portaeraren eta administrazioaren kudeaketaren ondorioa dela.

Bilboko Birjinetxe zentroa. Bertara eraman dituzte positibo eman diuten egoiliarrak. ©Raul Bogajo/FOKU

Gallartako zahar etxe batean 16 positibo atzeman dituzte

Berria

Hamaika egoiliar eta bost langile kutsatu dira.

Nekane Murga Osasun sailburua, atzoko agerraldian. ©Miguel Toña / EFE

Etxeratze agindua, zalantzazko muga

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzak etxeratze agindua izan du hizpide; hau da, herritarrei eskubidea kentzea ordu jakin batetik aurrera kalean ibiltzeko. Adituek ez dute argi horretarako eskumenik ba ote duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna