AEBek 2019a bukatu baino lehen ireki nahi dute Jerusalemgo enbaxada

Pence presidenteordeak Israelgo Parlamentuan berretsi du Jerusalem hiriburutzat hartzeko erabakia. EBk adierazi du ez duela bat eginen

Zerrenda Bateratuko diputatuak bidali zituzten, atzo. ARIEL SCHALIT / EFE.
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
AEBek epea paratu diote iazko abenduan jakinarazitako erabakiari. Mike Pence presidenteordeak atzo Israelgo Parlamentuan adierazi zuen 2019a bukatu aitzinetik mugitu nahi dutela Israelgo enbaxada Jerusalemera. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ezin kontentuago hartu zituen Penceren solasak: «Ez da egundaino Amerikako presidenteorderik izan herri juduarekin halako konpromisorik hartu duenik». Pence Jerusalemen zegoen bitartean, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko burua Bruselan zegoen, eta, han, Federica Mogherini EB Europako Batasuneko diplomazia arduradunak ziurtatu zion EBk Jerusalem onartuko duela «bi estaturen hiriburu partekatu gisa bakarrik».

Trumpek erabakia jakinarazi zuenetik, manifestazioetan eta bertzelako ekintzatan Israelgo indarrek gutxienez hemezortzi palestinar hil dituzte. Atzo ere protestak egin zituzten AEBen erabakiaren aurka, baita Israelgo Parlamentuaren barrenean ere. Zerrenda Bateratuko diputatuak Penceren agerraldiari boikot egiten saiatu ziren, eta ganberatik kanporatu zituzten. Zerrenda Bateratua Israelgo hirugarren indarra da —120 diputatutatik hamahiru—, eta arabiarren alderdiek eta ezkerreko indarrek osatzen dute.

Pencek erreferentzia bibliko anitz erabili zituen atzoko hitzaldian, eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeak kritikatu zuen hitzaldi «mesianikoa» egin izana. «Estremistei egindako opari bat izan da. AEBetako administrazioa arazoaren parte dela frogatu du».

UNRWA, finantzaketa bila

Jerusalemgo hiriburutzarekin batera, Trumpek UNRWA errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentzia paratu du jomugan, funtsak kenduko dizkiola erranda. Pierre Krahenbuhl UNRWAko komisario nagusiak adierazi du finantzaketarako «aliantza berriak» egiten saiatuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.