Noiz sortua: 2020-02-26 00:30:00

Krisian garairik okerrenean

Beste bi hautagai ofizial eginda, hiru alderdikide lehiatuko dira Alemaniako CDUren presidente berria aukeratzeko primarioetan. Alderdiak barne prozesua azkartu du, eta ezohiko kongresu batera deitu du apirilaren 25erako: trantsizioarekin jarraitu ala hausturaren alde egin erabaki beharko dute.
Kramp-Karrembauer zen —ezkerrean, zutik— CDUren datozen urteetarako gidaria, baina ezin izan du kontrola bereganatu, eta Merkeli —eserita— aldrebestu egin zaio trantsizioa.
Kramp-Karrembauer zen —ezkerrean, zutik— CDUren datozen urteetarako gidaria, baina ezin izan du kontrola bereganatu, eta Merkeli —eserita— aldrebestu egin zaio trantsizioa. JENS SCHLUETER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2020ko otsailak 26
Europako potentzia ekonomikorik handienaren alderdi indartsuenak desegonkortasun politikoa du gustuko azkenaldian; hori, edo ezin dituela gatazkak eragotzi. Annegret Kramp-Karrembauerren dimisioarekin, Batasun Kristau-Demokrata (CDU) eremu ezezagun batean sartu da, aspaldian lehenengoz kontrolik eta aurretiazko plangintzarik gabeko epe bati egin behar diolako aurre: zeregina ez da erraza, eta presioa nabarmena da, prozesu horretatik aterako denak eragin handia izango baitu Alemaniako eta Europako Batasuneko politikagintzan.

Dena dago erabakitzeke Angela Merkel kantzilerraren alderdian. Lidergorik gabe, eta identitate krisi batean murgilduta, CDU batuko duen figura politiko baten bila hasi dira berriz ere; Kramp-Karrembaurrek zuen zeregin hori, baina urtebeteko epean ez da gai izan alderdiaren kontrola bereganatzeko, horretarako gaitasunak erakutsi zituen arren. Turingian gertaturikoak lehertu du egoera, eta agerian utzi du jada jarduneko presidente denaren ezina. Politikoki, gainera, alderdiak bi mehatxuri egin behar die aurre: alde batean, eskuin muturrekoak gero eta boto gehiago biltzen ari dira; eta, bestean, joera berean daude Aliantza 90/Berdeak-eko ekologistak. Zer esanik ez koalizio gobernuaren egoera ez dela osasuntsua, eta Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) buruzagitza berriak —ezkertiarra— adostasuna hausteko tentazioa izan dezakeela.

Dena den, datozen hilabeteetan ez dago soilik CDUren etorkizuna jokoan: Merkeli zapuztu egin zaizkio despedida kalkulatua eta alderdiarentzat prestatu zuen trantsizioa. Profil moderatu bat nahi du CDUren buruzagitzan, egungo sektore ofizialista ordezkatuko lukeena; horregatik aukeratu eta sustatu zuen Kramp-Karrembauerren hautagaitza.

Orain, pieza hori gabe, sektore eskuindarrak espero ez zuen beste aukera bat eskuratu du alderdiaren kontrola bereganatzeko, eta, hortaz, eskuin muturrarekin aliatzeko aukerari atea irekitzeko. Friedrich Merz da hori egiten saiatuko den hautagaietako bat: CDUren parlamentuko taldeko presidente izandakoa Merkelen etsai politikoa da, eta alderdiaren buruzagitza eskuratzen saiatu zen 2018ko primarioetan —atzo egin zuen ofizial bere hautagaitza—. Gutxigatik ez zuen lortu, Kramp-Karrembauer 25 botoren diferentziarekin gailendu baitzitzaion; bien arteko tarteak, hortaz, agerian utzi zuen oraindik bizirik dagoen barne zatiketa.

Merz aukeratzeak, gainera, are gehiago utziko luke kolokan Alemaniako Gobernua, SPDk ez baitu begi onez ikusten eskuin muturrarengana hurbiltzea.

2018ko prozesua trantsizioa izan bazen, aurtengoa haustura izan liteke, eta horretan ere eragina izango du Batasun Sozial Kristaua (CSU) aliatuaren iritziak. Markus Soder CSUren buruzagi eta Bavariako presidenteak presa sartu zion CDUren jarduneko presidenteari hil honen hasieran: «Egoera larria da, eta azkar konpondu behar da. Ez da jokoetarako garaia».

Moderatuak, galduta

Kramp-Karrembauerren dimisioak ezustean harrapatu zuen Merkelen sektorea, eta oraindik ez du aukerarik izan erreakzio koordinatu bat antolatzeko. Hori bai, Armin Laschet Ipar Renania-Westfalia landerreko presidenteak atzo bere hautagaitza ofizial egiteak lasaitua eman dio sektore moderatuari, presidentegai sendo bat izango dutelakoan.

Hautagaitza horrek, gainera, bultzada garrantzitsua jaso du, Laschetek Jens Spahn Osasun ministroa alboan zuela egin baitzuen atzoko agerraldia; Spahn 2018ko barne lehiako hirugarren hautagaia izan zen, eta gazte kontserbadoreak erakartzeko gai dela uste dute alderdian. Beraz, Ipar Renania-Westfaliako presidenteari babesa emanda, Alemaniako kantzilerraren sektoreak lasaitua hartu du; bestela, Merzen ordez, nahiago du hirugarren hautagaia, Norbert Rottgen beteranoa.

Baina, finean, Merkelek eta bere aliatuek atzerapauso bat eman dute trantsizio adostu eta lasaitu baten prozesuan, eta 2018ko abenduan daude berriz, primarioen bezperan. Oraingoan, ordea, egutegia estuagoa da, soilik urte eta erdi geratzen baita hurrengo hauteskunde federaletarako.

Horrek ere azaltzen du barne lehia hain azkar egin nahi izatea; alderdiaren jarduneko presidenteak urte amaieran egin nahi zuen, baina Hanburgoko emaitza eskasek iritzia aldarazi diote.

Apirilaren 25ean egingo dute ezohiko kongresua, eta une erabakigarria izango da CDUrentzat. Orain arteko bidearekin eta erabakiekin hausteko aukera handiak dituzte eskuindarrek, eta ez diote atea hain erraz itxiko mugarri bat ezartzeko ezusteko aukerari. Zalantzarik gabe, hitzordu horretan gertatuko denak oihartzun handia izango du herrialdean, eta datozen urteetako joeretan eragingo du. Nola ez, Merkeli modu bateko edo besteko agurra emateko balioko du.

Albiste gehiago

Apirilaren 2an eguneratua, 13:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.022 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 555 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.459 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Gizon bat, Zagreben. ©ANTONIO BAT / EFE

Sakelakoen kokapena jasoko du Madrilek

Berria

Telefonica, Orange eta Vodafone konpainiek euren sareak erabiltzen dituzten sakelakoak non dauden kontrolatuko dute, eta informazioa Madrilgo Gobernuari emango diote. Koronabirusaren aurkako borrokan, populazioaren inguruko mugimenduei buruzko datuak biltzea da asmoa, Madrilen arabera, eta, gaineratu duenez, ikerketak ez ditu “gizabanakoen mugimenduak atzemango”, baizik datu “anonimoak eta multzoka”.

Murga, Urkullu eta Beltran de Heredia, diputazio iraunkorrean telematikoki azalpenak ematen. ©/ Irekia

Oposizioak «gardentasun falta» egotzi dio Urkulluri

Irati Urdalleta Lete

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Argudiatu du «osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean jasotako informazioan oinarrituta» jokatu dutela.

Donostiako ospitaleko langile batzuk, mobilizazio batean ©Jon Urbe (Foku)

Osasuna bermatzen ez duten enpresak, fiskaltzara

Jokin Sagarzazu

LABek langileen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzala eskatzeko. Ohartarazi du oinarrizko zerbitzu batzuk «kolapsoan» daudela. ELAk, berriz, materiala bermatzeko eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ander Perez Zala

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna