Galizia, suari loturiko lurraldea

Tamalez, Galiziako lurrak kiskalita ikustea ohiko bilakatu da azken urteetan, dela nahita piztutako suteengatik, dela berez sortutakoengatik. Ingurumenaren babeserako taldeak, ordea, kexu dira Xuntak ez dituelako beharrezko neurriak hartzen, ez suak saihesteko, ezta erretako lurrak berreskuratzeko ere.

Eliza bat eta inguruko mendiak erabat erreta, O Barrio herrian, Ourensen. BRAIS LORENZO / EFE.
Ourense
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Galizian baso suteak sarri gertatzen diren arren, aurtengo uda bereziki konplikatua izaten ari da. Copernicus sateliteak uztailaren 26an argitaratutako datuen arabera, ordura arte hilabete horretan 36.762 hektarea erre ziren —sute gehiago izan dira azken bi asteetan, eta batzuk piztuta daude oraindik—. Suterik larrienetako bi izan dira Folgoso do Courelekoa (Lugo) eta Carballeda de Valdeorraskoa (Ourense). 13.612 hektarea erre ditu Do Coureleko suteak, eta 12.735 Valdeorraskoak; Galiziaren historian erregistratutako handienak izan dira. Ehunka pertsona atera behar izan dituzte beren etxetik.

Atzo, berandu arte, sute handi itzaltzeko ahaleginetan ari ziren suhiltzaileak. Soilik horiek 2.040 hektarea erre dituzte. Hiru dira sute nagusiak: Veringoa, Ourensen; Caldas de Reisekoa Pontevedran; eta Cureskoa, A Coruñan. Veringoa, gainera, nahita piztua izan zela uste du Xuntak, hamar gunetan eta aldi berean piztu zelako.

Natura Historiako Galiziako Elkarteko bi kiderekin hitz egin du BERRIAk —ez dute beren izena eman nahi izan—, eta, haien esanetan, uda hau berezia da. Orain arte, sute gehienak nahita piztutakoak izan diren arren, aurten bestelako arrazoiak egon dira atzean. Uztailaren 14an, ia Galizia osora heldu zen ezohiko ekaitz bat sortu zen, eta hark eragindako tximistek piztu zituzten suteetako asko.

Dena den, Xuntaren arabera, aurten ere izan dira nahita piztutako suak. Elkarteko kideen esanetan suzale kopurua oso txikia da; aldiz, bestelako arrazoiak leudeke nahita piztutako suteen atzean.

Galizian, eta batez ere Ourensen, basoak garbitu eta abereentzako larreak egiteko erabili izan dira suteak historikoki. Azken urteotan praktika hori mugatzen ari den arren, mendez mende mantendu den jarduera bat da.

Baso politikak

Urteak pasatu ahala, geroz eta jende gutxiago bizi da Galiziako nekazaritza eremuan. Huste prozesu horrek ondorio garbia du: inork ez ditu zaintzen baso eta larreak. Horri gehitu behar zaio lur eremuak gero eta zatituagoak daudela. Horrek ere zailtzen du zaintza, jabe asko baitaude, eta horietatik askok ez baitute inongo kontakturik lursail horiekin.

Bestalde, Galizian gehien zabalduta dauden espezieak dira, oraindik ere, eukaliptoa eta pinua. Ziztu bizian hazten dira, eta errentagarritasun handia dute. Elkarteko kideen esanetan, badago pisuzko arrazoi bat bi espezie horiek landatzeko: lurra oso hondatua dago. «Gure lurrak ez du behar adina indarrik. Haritzak landatzen hasiko bagina ere, ez dago horiei eutsiko dien lurrik». Baso suteak maiz gertatzen direnez, lurra hainbatetan erreta eta higatua dago gune askotan.

Hala ere, ofizialki araututakoa baino eukalipto gehiago dago egun. Elkarteko kideek nabarmendu dute, Xunta bera dela zer eta non landatu erabakitzen duena, baita egindako lana gainbegiratzearen arduraduna ere: «Baina arauak ez dira betetzen; ikuskaritzak egon badaude, baina hauek arinak dira». Lur jabeek oztopo gutxi dute nahi dutena egiteko, eta salaketa gehienak ingurumenaren babeserako taldeek egiten dituzte. «Ingurumenari dagokionez, huts egindako administrazioa da Galiziakoa», diote bi adituek. Batez ere, azken urteotan indartu den joera da, eta traba administratiboak ere badaude: «Epeak aldatzen dituzte ikerketek aurrera egin ez dezaten».

Datuak ezkutuan

Galiziak baditu suak borrokatzeko baliabide nahiko, baina suteak «ohiz kanpo» zabaltzen direnean, sistema erori egiten da. Hori gertatu ohi da une berean hainbat sute handi pizten direnean. Uztail honetan, gainera, Xuntako suhiltzaile talde profesionalak langile oso gutxirekin aritu dira lanean zenbait kasutan. Elkarteko kideek azaldu dute urtero milioika euro inbertitzen direla suteak itzaltzeko bitartekoetan, baina sakoneko aldaketarik gabe, baso politika egokirik gabe, eta prebentzio politika eraginkorrik gabe, inbertsioak alferrekoak direla.

Erretako lur hedadurari dagokionez, kontsultatutako aditu guztiak bat datoz honetan: ezberdintasun handia dago datu ofizialen eta errealitatearen artean. «Orain arte, eta bereziki satelite teknologia indarrean sartu arte, datu errealak ezkutatu egiten zituzten. Hori, ohiko praktika bat izan da urte askoan. Orain zailagoa da, baina hala eta guztiz ere saiatzen dira», salatu dute.

Sua igaro ondoren, lurra kiskalita geratzen da. Elkarteko kideenarabera, duela gutxi arte «ez zen ezertxo ere egiten» lur horiek berreskuratzeko. Eremua bere horretan uzten zen, eta ez zen neurririk hartzen artzaintza eta bestelako jarduerak debekatzeko. Hala ere, gune jakin batzuetan hasiak dira lurraren higadura gutxitzeko neurriak hartzen. «Baina toki askotan ez dira ondo ari lanean, eta ez dugu aparteko emaitzarik espero».

Galizia lehorte luzea ari da sufritzen. Tenperaturetan eta prezipitazioetan aldaketak gertatzen ari direla diote adituek: «Aurten,ez du ia euririk egin, eta horrek basoko landareriaren estresa eragiten du». Ondorioz, sua oso azkar hedatzen da zenbait eremutan, eta hektarea asko kiskaltzen ditu laster batean. Hori gertatu da uztail honetan izandako hainbat sutetan. «Galiziako administrazioa klima larrialdiaren gaia erabiltzen ari da bere erantzukizuna eta axolagabekeria ezkutatzeko. Diote guztia dela klima larrialdiarenondorio, eta ezin dutela gehiagorik egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.