xabier martin
GEURE KONTU

Zurekin segitzeko arnasa hartuta

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
If perfume denden katea Douglasi saldu ondoren, Eroskik bukatutzat jo zituen desinbertsioak; iazko urriak 31 zituela esan zuen, ozen, Agustin Markaide presidenteak; zorra berregituratzeko negoziazio saio betean ari ziren artean, eta, asteon bankuekin erdietsitako akordioari erreparatuz gero, esan daiteke nekez lortuko duela kooperatibak zorraren konpromisoak betetzea aktibo gehiago saldu gabe. Hala ere, albiste ona da Euskal Herriko kooperatiba handienarentzat eta han aritzen diren 34.000 langileentzat; 10.000 inguru langile bazkideak dira. Izan ere, Markaideren taldeak match ball bat gainditu du, eta kooperatiba gisa bizirik irauteko partidan jarraitzeko aukera izango du datozen urteetan.

Azken finean, Eroskik beste bost urterako arnasa lortu du, bankuekin 1.540 milioi euroren zorra birfinantzatuta. Egia da 2024. urte arteko itun berriak ez duela derrigortzen negozioak saltzera, baina kooperatibak onartu du aukera hori mahai gainean dagoela. 2019ko uztailera arteko berregituraketa sinatu zuenean, 2014an, Elorriok esan zuen «eredu kooperatiboan jarraitzea» zuela helburu; SA bihurtzeko mehatxua hor zegoen. «Ez dugu asmorik kanpoko kapitala sartzeko», jakinarazi zuen. Orain, ez da urrun ikusten kanpoko kapitala, taldearen negozio arrunta ez diren adarretarako behintzat.

Izan ere, baliteke datozen urteetan operazio berriak iristea Caprabo saltokien, Forum kirol denden, gasolindegien, Eroski Bidaiak-en, edota optika denden inguruan. Bat da Elorriok argaltzearekin jarraitu nahi ez izatea, eta bestea hartzekodunekin konpromisoak betetzeko amore eman behar izatea; hein batean behintzat, negozio arrunta ez diren ataletarako «bazkide berriak» bilatzea baita iradokitakoa. Alegia, aparteko diru sarrerak bilatu ditzake Eroskik, adibidez Forumen zati bat salduta.

Ez da txikia kooperatiba egiten ari den penitentzia 2007an 1.300 milioi euroren truke Capraboren %75 erosi ondoren. 2012an beste %25a erosi zuen; eta muturreko egoera iritsi zen, zorraren bolak Mondragon taldeko kooperatiba handiena aurrean eramateko moduko neurria hartu zuelako; Fagor Etxetresnena hondamendi handia izan bazen, zer izango zen Eroskirena... Baina 2010az geroztik, 1.800 milioi euroren zorra kitatu du enpresak, horietatik 731 milioi azken lau urteetan. Zor gehiena aktiboak salduz kendu du: ehunka saltoki saldu dizkie Dia eta Carrefour lehiakideei; If lurrin dendak Douglasi; saltoki ez errentagarriak itxi ditu; eta merkataritza gune askoren jabe izateari utzi dio.

Itunera ekarri behar ditu beste bankuak

Agustin Markaidek sarritan esan die bankuei negozio errentagarria dutela Zurekin modeloari esker, eta zorra zintzo pagatzeko gai direla. Bost urtean 300 milioi euro kitatzea, eta 2024. urteko amaierarako pasiboa 1.200 milioi inguruan uztea nahi zuen; bankuek ez diote halakorik eman. Itunak bitan banatzen du kooperatibaren zorra. Batetik dago zor amortizagarria: mila milioi euro. Euriborra gehi %2,5eko interesa ordaindu beharko die urtero bankuei zor horren truke. Bost urte ditu Eroskik kopuru hori ordaintzeko. Bestetik, bullet deitutako zorra du, 540 milioi eurokoa —%0,5eko interes finkoa du, gehienez—. 2024an ordaindu beharreko zorra da hori, baina Eroskik ez du baztertu kitapenak epe luzeagoa behar izatea berriro, ezta bankuek ere, jakina.

Ituna, dena den, zorraren %75a duten hartzekodunekin egin du Eroskik, Santanderrekin (500 milioi), BBVArekin (345 milioi), Caixabankekin (250 milioi), Sabadellekin (150 milioi) eta Bankiarekin (140 milioi). Orain, akordiora ekarri beharko ditu gainontzekoak: Kutxabank, Laboral Kutxa, ING, Bankoa eta Liberbank. Ez dira espero zailtasun handiak euskal finantza elkarteekin. Finean, euskal ekonomian pisuzko eragilea da Eroski, enplegu iturri oparoa.

Hamabi urte joan dira Capraboren jatorrizko bekatuak Eroskiren amesgaiztoa eragin zuenetik, eta urte mordoa beharko dira oraindik hura eta higiezinekin lotutako beste bekatu batzuk garbitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.