Greba kopuruak nabarmen egin du gora 2018an

Xabier Martin -

2019ko martxoak 13
2018ko urtarriletik azarora areagotu egin zen greba kopurua (%11,3) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita greba horietan parte hartu zutenen kopurua ere (%0,75); halaber, lan egin gabeko lanaldien kopuruak gora egin du joan den urtean (%17,8).

Lan Harremanetarako Kontseiluaren arabera, hirugarren sektorean pilatu zen greba gehien: 140. Grebaren baten eraginpean egon ziren 40.343 langile, eta jardun gabeko lanaldiak 67.614 izan ziren. Industrian, 73 lanuzte egin ziren, eta 4.982 langile izan ziren haien eraginpean; lan egin gabeko lanaldiak, berriz, 27.582 izan ziren. Eraikuntzan hiru greba erregistratu ziren. Lanuzte horiek 69 langile hartu zituzten eraginpean, eta 86 lanaldi galdu ziren.

2018an, 222 hitzarmen erregistratu ziren, eta itun horiek 88.160 langile hartu dituzte eraginpean. Negoziazio kolektiboak bost urtean izandako emaitzarik hoberenak lortu ditu joan den urtean. Sektoreko 21 hitzarmen erregistratu ziren Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, eta akordio horiek 67.211 pertsona babestu dituzte. Baina itun horien erdiek baino gutxiagok jaso dituzte kontziliazio neurriak.

Kontziliazioa ahaztuta

Kontziliazio neurriei dagokienez, ez da ikusten aurrerapen esanguratsurik berritutako itunetan. Indarrean dauden 717 hitzarmen kolektiboetatik soilik %45,2k (324 itun) ezartzen dituzte neurriak lan bizitza eta familia bizitza bateragarri egiteko. Neurri gehienak lotuta daude edoskitzearekin eta familia ugariekin.

Estatalizazioari dagokionez, eragina duten Espainiako eremuko 95 hitzarmen jaso ditu 2018an; 58.134 langileri eragin diete akordio horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna