Imanol Magro Eizmendi.
GEURE KONTU

Hipoteken dirua behar du gizarteak

2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Gabonak salbatzea» da pandemiaren bigarren olatuko mantretako bat. Lelo kontsumista traza osoa du, baina egia da orain dardarka dauden dendari asko —ostalariek egoera zailagoa dute— urte amaierako kanpainaren zain daudela 2020ko hondamendiaren ondorioak leuntzeko. Kontsumismoa bainoago, ohiko kontsumoa behar dute, familiena, eta kontsumo hori sustatzen duen erregaia dirua da. Egia sinple bezain biribila da hori. Etxe askotan, ordea, ez dabiltza bisigutarako, baina ezta ere eztulka dabilen garbigailua aldatzeko, zapatak erosteko edota dentistarengana joateko. Litekeena da gizartearen zati handi bat aurrerantzean uzkurrago ibiltzea gastu bat egin ala ez erabakitzean. Bai behintzat laguntzen ez bazaio.

Familia eta norbanakoei arnasa emateko bi bide nagusi daude: bat dirua banatzea da, eta bestea gastuak murriztea. Ekuazio erraza da. Ez dira diru laguntza publiko masiboak egiteko garairik onenak, eta kultura bonoak bezalako sistemak motz gelditzen dira. Hori dela eta, gastuen murrizketaren bidea urratzea aztertu beharko litzateke, familien, eta negozioen zein haien jabeen gastu finkoak aztertuz. Eta gastu horietan zein izan ohi da handiena? Hipoteka mailegua. EAEn, 636 euro da batez besteko hilabeteko ordainketa, eta Nafarroan, 578 euro. Neurri asko proposatu dira, baina badirudi hipoteka maileguen luzamendua tabu bat dela agintarientzat, nahiz eta horrek diru freskoa sartuko lukeen etxe askotako patriketan.

Galdera zuzena da: abenduan hala nahiko luketen etxeetan 578 eta 636 euro artean sartuko balira, aldartea aldatuko al litzateke? Eskaintza ez da hilabete hori barkatzea, errekargurik gabe atzeratzea baizik. Hamabost urteko mailegua duten askok hamabost urte eta hilabete batekoa onartuko lukete orain arnas pixka bat hartzeraren truke—EAEn batez beste 26 urterako maileguak eskatzen dira—. Eta ez bakarrik abenduan, zergatik ez atzeratu 2021eko ordainketen herena edo laurdena? Udaberrian, Espainiako Gobernuak hipoteken moratoria lege bat adostu zuen bankuekin, eta 226.285 maileguri aplikatu zitzaien, eskatu zutenen %83. Asko al dira? Ez dirudi. 2019an guztira eskatu zirenen erdia lirateke, baina kontuan hartu behar da 2007az geroztik 7.840.565 hipoteka mailegu onartu direla Espainian.

Akordio hark baldintza gogorrak ezartzen zituen moratoria lortzeko; edo, beste modu batera esanda, oso muturreko egoerentzako zen bakarrik. Kontsumoaren bitartez merkataritza eta beste sektore batzuek salbatzeko, baina, eskailera ekonomikoan maila bat edo bi gorago daudenei lagundu behar zaie, beheko klaseari eta ertainari. Haiei zuzenduriko moratoria bat probatzeko garaia da. Lortzeko erraza eta arina izango den atzerapena, burokrazia eta milaka agirien hesia ezarri gabe. Telefono dei bat eta ezer gutxi gehiago. Bankuak badu bezeroen kontuen berri, ez ditu ziurtagiri bila erotu behar.

Maileguen atzerapena alokairuetara zabal daiteke, baina konplexuagoa da, egon baitaude alokatua duten jabetzaren diruaren premia duten jabeak. Esplora daiteke, baina milaka jabek milaka kasuistika dituzte. Hipoteken kasuan inbutua txikiagoa da, bankuak ez dira hainbeste. EAEn, esaterako, hipoteka maileguen %45 Kutxabankek eman ditu. Banku horrek aurtengo uztailean iazko hilabete berean baino %24 hipoteka mailegu gehiago sinatu ditu, eta ekainean %9,9 gehiago. Iaz 352 milioi euroren irabaziak izan zituen, eta aurtengo lehen seihilekoan 137. Iaz tarte berean irabazitakoa baino %30 gutxiago da, baina itxialdi betean zegoen gizartea, eta, gutxiago irabazi arren, 187 milioi bideratuditu hornidutera. Gauzak hala ikusita, eutsiko al lioke mailegua duten bezeroetako askok —ez du zertan guztiek— 2021eko ordainketen %25 atzeratzea?

Pandemia sakrifizio handi garaia izan da: erakunde publikoek egin dituzte, negozio txikiek, ostalariek, langileek, adinekoek... eta orain bankuen txanda iritsi da. Diru kopuru handi bat tokiz aldatzea da azken finean: bankuen funtsetatik negozioen kutxetara. Behin han, erakunde publikoetara, zergen bitartez, eta bankuetara itzuliko da. Bankuei proposatu behar zaie, eta, ez badute nahi, behartu. Salbuespen egoerek ezohiko neurriak eskatzen dituzte. Horretarako daude legeak, biztanleak babestu eta auzolanaren sakrifizioa banatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.