Bi muturren artean erdibituta

Presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute gaur Tunisian.

Ben Aliren osteko trantsizioaren azken urratsa izan behar luke gaurkoak, baina herrialdea polarizatuta dago
Beji Caid Essebsi, hauteskundeak irabazteko faboritoa.
Beji Caid Essebsi, hauteskundeak irabazteko faboritoa. MOHAMMED MESSARA / EFE

Samara Velte -

2014ko abenduak 21
Tunisia erabat polarizatuta heldu da trantsizio nazionalaren amaiera behar zuen unera. Herritarrek gaur aukeratuko dute datozen bost urteotan agintean egongo den presidentea, Zine el Abidine Ben Ali boteretik kendu eta ia lau urtera. Botere norgehiagokek eta sektarismoek, ordea, erdibituta daukate herrialdea.

Joan den hileko lehenbiziko itzulian muturreko bi hautagai irten ziren garaile. Alde batean, Beji Caid Essebsi faboritoa, Nida Tunis koalizio sekularreko burua; bestean, Moncef Marzuki, trantsizioan behin-behineko presidente aritu dena. Bere burua sozialdemokrata gisa definitu arren, kutsu eskuindar eta erlijioso nabarmena du Marzukik, eta herrialdeko alderdi islamista nagusien babesa dauka; tartean, Ennahda alderdiarena, zeina Ben Aliren gainbeheran nagusitu zen.

Zentroko eta ezkerreko indarrak lehiatik kanpo geratu ziren lehenbiziko itzulian. Haietako batzuek Essebsi babestu dute bigarrenean, baina errezelo handia eragiten duen pertsona da: Ben Aliren garaitik botereguneen inguruan ibili ohi da era batera edo bestera, uneko interesen arabera. Haren alderdia sortu zutenen artean Ben Aliren alderdiko kide ohiak ere badaude. 2011ko protestetan, ordea, erregimenaren disidente gisa agertu zen berriz jendaurrera. Islamisten aurkari batzuek ere haren alde egin dute, besteak beste, Xukri Bel Aid ezkerreko militantea zenaren alargunak eta hainbat intelektualek. Parlamentuan ere gehiengoa du; horregatik, «diktadurarako itzulera» ekartzea leporatzen diote aurkariek.

Sumatu daitekeen gatazka

Ben Aliren kontrako matxinadaren ondotik, bitan banatu ziren haren aurkako indar politikoak. Ennahda alderdi islamistak posizio zentrala hartu zuen, eta erabakigarria izan da azken hiru urteotako prozesu politikoaren urrats nagusietan. Baina aurki sortu zen gatazka ezkerreko alderdi laikoekin eta Ben Aliren zenbait jarraitzailerekin. Iazko udan krisi politikoa piztu zen, muturreko talde islamistek ezkerreko bi kide ezagun hil zituztenean. Batasun nazionaleko prozesu bat hasi zuten, baina urriko hauteskunde parlamentarioek berriro banatu zituzten alderdi politikoak. Emaitzak agerian utzi zuen polarizazioa: Nida Tunisek eta Ennahdak 86 eta 69 eserleku lortu zituzten hurrenez hurren; bien artean, parlamentu osoaren bi heren baino gehiago.

Orain presidentetzarako hautagairik ez aurkeztea erabaki du Ennahdak; dioenez, ez du polarizazioa gehiago larritu nahi. Ofizialki jarrera neutrala agertu du, baina haren jarraitzaile gehienek Marzukiren alde bozkatu zuten lehenbiziko itzulian, eta ezaguna da behin-behineko presidenteak islamistekin duen harremana; Ennahdaren babesik gabe, nekez lortuko zituen boto guztien ia %40 aurreko bozketan. Marzukik %33 lortu zituen.

Bi alderdiak joera neoliberalekoak dira. Ben Jaafar Batzar Konstituziogile Nazionaleko presidenteak ere iragarri du ezkerreko eta zentroko alderdiek ez dutela aukera handirik hemendik aurrerako paisaia politikoan: «Tunisian ez dago justizia sozialeko etorkizunik. Duintasunaren Iraultzan jardun zutenen esperantza hautsi egingo da, eta babes handiena behar duten talde baztertuak harrapatuta geratuko dira bi muturren artean». Essebsik irabazten badu, bi alderdi nagusien arteko talka gertatuko da: «Nida Tunisek are indartsuago helduko dio aginteari; izan ere, parlamentua, gobernua eta presidentetza izango ditu bere mende». Ennahda azken urteotan erabakigarria izan den alderdia oposiziora igaroko litzateke: «Horrek arazoak eragingo ditu legebiltzarrean, eta, ziurrenik, baita krisi konstituzional bat ere».

Hauteskunde kanpainako azken asteotan giroa aski gaiztotu da Tunisian. Talde jihadisten mehatxuak ere jaso dituzte alderdi eta erakundeek, eta gobernuak 36.000 soldadu eta beste hainbeste polizia mobilizatu ditu gaur bozketa zaintzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna