SOSLAIA. Josu Jon Imaz

Repsoleko lehena itzalean

Jon Fernandez.
2015eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Karrera meteorikoa egiten ari da Josu Jon Imaz (Zumarraga, Gipuzkoa, 1963). Zazpi urtean, EAJko presidente izaten hasi, eta Espainiako petrolio multinazional handieneko buru bihurtu da. Expansión ekonomia kazeta espainiarrak aurreratu duenez, hilaren amaieran Repsolen botere betearazleak Imazen esku lagako ditu Antoni Brufau petrolio konpainiako presidenteak.

Katalanak euskaldunari emango dio, praktikan, Repsolen gidaritza. Baina itzalpeko lehena izango da Imaz, Brufauk presidente karguari eutsiko baitio. Expansión-en arabera, katalana ez da arduratuko konpainiaren egunerokoaz: soilik epe ertain eta luzerako estrategiaz, administrazioaz, eta akziodunekin eta intereseko taldeekin izan beharreko harreman instituzionalaz arduratuko da. Zumarragarra, beraz, enpresaren jardunaz eta finantzez arduratuko da.

Hilaren 25ean egingo du Repsolek ohiko kontseiluaren bilera. Egun horretan egingo dute ofizial Imazen izendapena, eta apirilaren 30ean biltzar nagusian berretsi beharko dute erabakia.

Imazek ez du politikaren eta enpresa handien arteko ate birakariez berba egiten, eta berak izandako kargu politiko ugariak ere urrun ikusten ditu. «Baliteke nire irudia nire jardun publikoaren garai horri lotuta egotea oraindik, baina ezin da ahaztu sektore pribatuan egin ditudala nire bizitzako 28 urte», esan zien iazko apirilean Repsoleko akziodunei konpainiako bigarren izendatu zuten biltzar nagusian.

Zientzia Kimikoetan doktore egin zen Imaz EHUn, eta 2004an Xabier Arzallusen ondorengo EAJko presidente bihurtu aurretik, Eusko Jaurlaritzako eleduna eta Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburua izan zen, eta EVE eta SPRIko presidentea. Euskadi Buru Batzarreko presidentetza utzi eta berehala bihurtu zen Petronorreko presidente (Repsol taldekoa da), 2008an. 2011n Aop Espainiako Petrolio Produktuen Operadoreen Elkarteko presidente aukeratu zuten, hurrengo urtean Repsolgo Industria eta Energia Berrien arloko zuzendari izendatu zuten, eta iazko apirilean konpainiako bigarrenaren kargua hartu zuen, aholkulari nagusi kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.