Caroline Bulsman. Genozidioaren biktimen abokatua

«Aldebakarreko justizia egin da»

Ruandarako Nazioarteko Auzitegian aritutakoa da Bulsman. Haren ustez, auzitegiak ekarpena egin zuen, baina ez zuen erantzun egokia eman, ez baitzituen hutuen aurkako krimenak aztertu, soilik tutsien kontrakoak.

Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Caroline Buisman abokatua da. Ruandako genozidioaren eta egun oposizioan dauden pertsonak defendatu ditu Ruandarako Nazioarteko Auzitegian, baita Europako eta Afrikako hainbat herrialdetan ere. Horrez gainera, Victoire Ingabireren abokatua izan da; Ingabire oposiziko kide eta giza eskubideen ekintzaileak sei urte eman zituen kartzelan. Kagamek indultua eman zion iazko irailean.

Justiziarik egin al du Ruandarako Nazioarteko Auzitegiak tutsi eta hutuen arteko gerraren ondoren herriak izan zuen oinazea sendatze aldera?

Nik ez nuke esango hutuen eta tutsien arteko gerra izan zenik. Gerra izan zen RPF Ruandako Fronte Abertzalearen —gehiengoak tutsiak ziren— eta Ruandako Gobernu, armada eta milizien artean —gehiengoa hutua zen—. Nazioarteko Auzitegiak ekarpena egin zuen, baina auzitegiaren erantzuna ez zen egokia izan, aldebakarrekoa izan baitzen. Argi daukat alde batetik herritar tutsien aurkako genozidioa gertatu zela, eta hutuen aurkako hilketak eta sarraskiak gertatu zirela RPFren eskutik. Hutuen aurkako krimenak ere aztertu beharko zituzketen, gizartearen adiskidetzea ekartzeko.

Genozidioaren aurretik gertatutakoa ere ez zuten ikertu.

Auzitegiak 1994an gertatutako krimenak aztertzea onartu zuen, baina aurretik gertatutako guztia baztertu zuen, eta gerra 1990ean hasi zen. Juvenal Habyarimana presidentearen hegazkinaren aurkako erasoa ere ikerketatik kanpo utzi zuten, eta eraso haren inguruko ebidentzia guztiak baztertu zituzten, ustez garrantzirik gabekoak zirelakoan. Aldiz, 1994an gertatu zen, eta genozidioaren lehergaia izan zen; beraz, garrantzia zuen hegazkina nork bota zuen argitzeak. Hilketa planifikatuak horren ondoren gertatu ziren; ikerketa 1994ko krimenetara mugatuz, gero Kongon gertatu ziren hilketak ere kanpo geratu ziren.

Zer dela eta mugatu zuten prozesua?

Presio politikoen eraginez. Carla del Ponte Nazioarteko Auzitegiko fiskalak FPRek 1994az geroztik Kongon egin zituen hilketak aztertzeko helburua zuen, baina bildutako froga guztiak artxibatu zituzten. Del Ponte kargutik bota zuten, eta beste fiskal bat izendatu zuten: Hassan Bubacar Jallow, eta hark hasieratik onartu zuen krimen haiek ez zituela ukituko. Ruandako Gobernuak presio handia egin zuen horretarako. Esan zuen lurraldearen mugakitxiko zizkiela ikertzaileei, ikerketa oztopatuko zuela, bainaAEBetako Gobernuaren presioa izan zen erabakigarria. Diplomatiko estatubatuarrek kendu zuten Del Ponte eta egin zuten presio Jallow izendatzeko.

Justiziaren hutsune larriak aipatu izan dituzu.

Kongoko kanpamentuetan zeuden errefuxiatu ruandarrak hil edota basoetara bota zituzten, genozidak zirela esanez, tartean inolako errurik ez zuten emakumeak eta umeak. Nazio Batuen Erakundearen babesean 2007an txosten bat atera zen hori guztia jasoz, Mapping report izenez ezagutzen dena, baina inoiz ez zuten aztertu. Beraz, justizian zulo handi bat geratu zen, eta euren pertsona maiteak galdu zituzten hutuek ez dute saminari erantzungo dion justiziarik izan. Gainera, ezin dute ezer esan, ezer esanez gero genozidioa minimizatzea eta ideologia genozida izatea edo genozidioa ukatzea leporatzen baitiete.

Prozesuak ere hutsune asko izan zituen.

Arushako auzitegian testigantza faltsu ugari erabili ziren akusazioetan. Batzuetan presoak edota genozidiotik ihes egindakoak presionatzen zituzten norbaiten aurkako akusazio faltsuak egiteko. Nabaria zen eta saiatu ginen erakusten, pertsona horiek gacaca deitutako auzitegietan eta nazioartekoan egindako lekukotzak aldatu zituztela. Beraz, Arushako auzitegitik ateratako historia ez nuke esango erabat faltsua izan zenik, baina berrikusketa behar du, bai.

Victoire Ingabire ekintzaile ezagunaren defentsa egin zenuen, Ruandako Demokraziaren Aldeko Batasunaren buruarena.

Victoire Ingabireri genozidioa minimizatzea leporatu zioten, hain zuzen ere, biktima hutuak kontuan ez hartzean adiskidetzeak zulo handia zuela salatu zuelako. Erakutsi nahi zuen hutuek justiziarik ezin zutela lortu. Horregatik bukatu zuen kartzelan. Gainera, hauteskundeetara aurkeztu nahi zuen [2010], eta erregistratzen saiatu zen, baina ez zioten utzi. Adiskidetzearen aldeko benetako borrokalaria zen. Adiskidetzeak eskatzen du historiaren alde guztiak aintzat hartzea. Hutuek euren historia, memoria eta euren esperientziak dituzte. Adiskidetzea nolabait erdiko bidea aurkitzea da, alde guztien esperientziak eta memoriak entzuteko gai izatea. Agian oraindik goizegi da, baina benetako adiskidetzea ez da gertatuko alde batekoen memoria ezabatuta dagoen bitartean. Alde biak entzun behar dira iraganeko tragedia hura gainditzeko.

Nazioarteko justiziak nola defendatu beharko lituzke estatuen gainetik gizabanakoen eta herrien giza eskubideak?

Gatazken ondoren, gerra irabazi dutenek gertatutakoaren bertsioa diktatzen dute. Ruandako arazoa hori izan zen, baina historian zehar errepikatu den arazoa da hori. Justizia lortzea oso zaila da, baina ez da ezinezkoa. Alde bien krimenen artean desproportzioa badago ere, eta alde batekoek besteek baino erantzukizun handiagoa badute ere, alde bietako ikuspuntu eta esperientzietara begiratzea beharrezkoa da. Nazioarteak ikuspuntu neutral bat hartu behar luke. Baina arazoa da nazioarteko esparrua ere politizatua dagoela. Estatu bakoitzak bere agenda dauka, eta auzitegien gainetik hartu behar diren erabakietan eragina dute: zer den epaitu behar dena, noiztik eta noiz arte eta abar. Aldez aurretik historiaren argazkia egina daukate.

Zein da irtenbidea?

Konponbidea ez da erraza. Barneratzaileak izateko ahalegina egin beharko litzateke, zerepaitu behar den, nork erabaki behar duen, nor izango den auzipetua eta abar erabakitzeko garaian. Sufrimenduaren aurrean distantzia hartzea da gakoa, ahalik eta irekien egotea alde guztien sufrimendua eta biktima guztien sufrimendua entzuteko. Distantzia emozional handiagoa har daiteke. Agian ilusioa da, baina hori da bidea, iraganeko ankerkeriak aztertzeko eta berriz errepika ez daitezen konponbideak bilatuko baditugu.

Victoire Ingabireren epaiketaren ondoren itzuli al zara Ruandara?

Soilik itzuliko nintzateke Herbehereetako bisa lortuko banu, eta hango Atzerri Ministerioaren babesarekin. Baimena izango banu, ez dut ustearriskuan nengokeenik. Iseka egingo lidakete, edo beldurra eragin, baina nire iturrien segurtasuna arriskuan jar nezake, eta arrazoi horrexegatik ez dut berehalakoan itzultzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.