Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera

Fisikoki, emozionalki, mugaraino

14-15 orduko lanaldiak egunero, ekilibristarena egin behar familia kontziliazioari ahal bezala eusteko, presio mediatikoa... Erresilientzia eta sendotasun ariketa bat izan da epaiketa defentsarentzat.

Igor Susaeta.
Madril
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Aldaketa fisiko batzuk pilatutako nekearen adierazle izan daitezke. Adibide bat: Jordi Cuixartek betaurrekorik gabe hasi zuen Kataluniako buruzagi subiranisten kontrako epaiketa, baina azken asteetan betaurrekoak jantzi ditu. Aurreko lau hilabeteotan Kataluniako buruzagi subiranisten kontra EspainiakoAuzitegi Gorenean egindako epaiketako 52 saioetan, akusatuen defentsako abokatuak eseri dira Omnium Culturaleko lider kartzelatuaren ezkerrean. Legelariek ere akituta bukatu dute epaiketa. Alboratu behar izan dute haien bulegoetako egitekoa, ekilibristarena egiten aritu dira familiako kontziliazioa nola edo hala orekatzeko, eta egunerokoak, 14-15 orduko lanaldiek, fisikoki eta emozionalki eragin die. Prozesuaren zurrunbiloak mugaraino eraman ditu. BERRIAk haietako biren sentipenak jaso ditu amaitu ondoren.

Haientzat, erresilientzia, erresistentzia eta sendotasun ariketa bat izan da epaiketa, hertsiki zuzenbideari dagozkion kontuetatik haratago doan erronka bat. Eta, hala izan zitekeela susmatuta, izan zen hasi aurretik laguntza profesionala eskatu zuenik ere; aholkulari batekin jarri zen harremanetan.

Madrilen bizi izan dira astean zehar. Defentsa «ez hain oldarkorra» planteatu behar zutenek hotel batean ostatu hartzea erabaki zuten, baina gehienek apartamentuak izan dituzte bizileku. Esku artean zuten arduraren tamaina kontuan hartuta, etxe batean zeudela sentitzeko beharra zuten: ordenagailuarekin, inprimagailuarekin, bisitan joaten zirenean senideei tokia egiteko bigarren logelarekin... Irakurri behar izan dituzten folioen kopuruaz galdetuta, algaraz erantzun dute; hobe dela ez jakitea zenbat. Eta aztertu eta estudiatu beharreko gertakariek, deklarazioek, dokumentuek, bideoek osatutako armiarma sarean kateatzen zirenean, hartu gitarra, lotu anplifikagailura, eta akorde batzuk jo, askatzeko.

Epaiketaren korapiloa deslotzeko jada lanean behar dutenak epaimahaiko magistratuak dira. Defentsaren abokatuek beren egitekoa beteta, kontent dira, oro har. Iruditzen zaie kontrarioari arazoak eragin dizkiotela, ahulguneak topatu dizkiotela; aurre egin diotela, partida ondo jokatu dutela.

«Luzitu» gabe

Baina bada Gorenetik etsipen puntu batekin alde egin duenik ere, lanaren ikuspegitik epaiketa «injustua» izan dela iritzita; ordu asko pasatu dituztela agertokiak prestatzen, eta ordu horiek guztiek ezin izan dutela, galdeketa luzeen edo zorrotzen bidez, esaterako, epaiketan «luzitu», Manuel Marchena epaimahaiburuak ez duelako halakorik ahalbidetu. Letradun horrek berak dioenez, epaiketa batean zuzenbideaz ikasi ohi du. Gorenak Kausa Berezia. 20907/2017 izendatutakoan, aldiz, desikasi egin duelakoan dago, Espainiako Estatuan epaiketak egiteko arauak aldatuz joan baita Marchena. Gainera, «aspergarria» izan dela uste du: eztabaida filosofikoek eta kontzeptualek ardaztu beharko zuketela, eta gertakarien epaiketa bat egin dela.

Streaming bidez eman dutenez, asperdura uneak igarri ahal izan dira. Ordea, ohartu ere ez omen ziren egin kamerak zeudenik ere; are, gehienek «hedabideen blokeo bat» egin dutela, irudirik-eta ez jasotzeko. «Community manager bat izan dut hori guztia alde batera uzteko», adierazi du abokatuetako batek. Hori bai: asko «harritu» da, txarrean, zenbait hedabidek izandako jarrerarekin. Suminduta dago, hartu dituztelako abokatu batzuen keinuak, hitzak, eta «ikuskizun bat» sortu dutelako ezerezetik, horrekin azalak osatu dituztelako, asmatuz defentsen arteko borrokak, akusazioen eta defentsen artekoak, «pertsonen artekoak».

Eta abokatuak ere pertsonaia ia mediatikoak bihurtu direnez, ahalegina egin dute seme-alabak «input-etatik» babesteko, ahalik eta modurik naturalenean bizi dezaten. Baina zaila izan da. Seme-alabez mintzo dira. Tira, azken epaiketatik haratago, pentsatzen dute kontziliazioa zaila dela haien lanean, «euste hormak» eraiki behar izaten dituztela lanak egunaren 24 orduak jan ez ditzan; ez daitezen, orain bezala fisikoki eta emozionalki mugaraino iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.