Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Hasteko, anabasa

Alexander Kristoffek irabazi du Tourreko lehen etapa, esprintean, eta elastiko horia jantzi du. Eroriko ugari izan dira, eta horrek baldintzatu du txirrindularien jarduna

Hasteko, anabasa.
ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak eragindako aldaketen erruz, ezohikoa espero zen aurtengo Tourra. Lehen etapa hala izan zen; ez koronabirusarengatik, baizik eta eguraldi txarragatik, eta horrek eragindako etengabeko erorikoengatik. Gutxi izan ziren hotelera zauri edo kolperik gabe joan ziren txirrindulariak. Anabasa horretan, Alexander Kristoff (UAE) nagusitu zen Nizako helmugako esprintean. Frantziako Tourrean laugarren garaipena zuen atzokoa. 33 urterekin abiadura puntu bat galdua zuen norvegiarrak. Baina atzo bera baino bizkorragoak diren txirrindulariei hartu zien aurre: Peter Sagani (Bora), Elia Vivianiri (Cofidis) eta Giacomo Nizzolori (NTT). Hala, lehen elastiko horia jantzi zuen. Faboritoen artean kaltetuena Thibaut Pinot (FDJ) izan zen. Helmugarako hiru kilometro falta zirenean izandako erorikoan min hartu zuen, eta taldekideen laguntzaz helmugaratu zen.

Nizan hasi eta buka, 156 kilometroko etapa zuten aurretik txirrindulariek. Hiru itzuli eman behar zizkioten zirkuitu bati. Eguneko zailtasuna Rimiezeko gaina zen. Hasiera batean, etapak lasaia izan behar zuen. Baina ez zen hala izan. Mugitua eta arriskutsua izan zen eguna hasieratik, euriak errepidea busti baitzuen.

Aldi honetako lehen ihesaldia hiru txirrindularik osatu zuten: Fabien Grellierrek (Direct Energie), Michael Scharrek (CCC) eta Cyril Gautierrek (Vital Concept). Gehienez, hiru minuturen aldea izan zuten. Atzean, ia bihurgune bakoitzean eroriko bat zegoen. Lurrean amaitu zuten txirrindularien zerrenda bukaezina zen. Tartean izan ziren, besteak beste, Julian Alaphilippe eta Sam Benett(Deceuninck), Miguel Angel Lopez (Astana) eta Imanol Erbiti (Movistar), Omar Fraile (Astana) eta Mikel Nieve (Mitchelton).

Egoera are gehiago korapilatu zen Rimiezeko lehen jaitsiera sigi-sagatsuan. Azkenean, 98. kilometroan amaitu zen hiru iheslarien ahalegina. Jumbo Vismak hartu zuen lasterketaren aginte makila.

Mantsoago joateko eskariakizan ziren hainbat txirrindulariren artean, errepidea gero eta labainkorrago zegoelako, eta eztabaida izan zuten Astanako eta Jumboko ziklistek, Jumboko abiadura mantsotu zutelako.

20 kilometro falta zirenean amaitu zen lasaitasuna, eta esprinterren taldeak hasi ziren agertzen. Hiru kilometro falta zirenean izandako erorikoa eta gutxira Bennett urrutitik saiatu zen, baina Mad Pedersen (Trek) izan zen esprinta jotzen aurrena. Kristoffek, ordea, zuloa ikusi zuen eskuinetik, eta handik sartuta lortu zuen garaipena.

Aberasturiren bigarrena

Bestalde, Jon Aberasturik (Caja Rural) sasoiko bigarren garaipena lortu zuen atzo. Hungariako itzuliko lehen etapan gailendu zen, esprintean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.