Imanol Garcia. Osasunako jokalaria

«Esperientzia eta gazteon grina uztartuko ditugu sasoi honetan»

Osasunako ordezkari guztien diskurtsoari jarraikiz, Imanol Garciak ez du uste Lehen Mailara igotzea izan behar denik helburua. «Ez dugu berriz presiopean egon nahi».
IÑIGO URIZ / FOKU

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko abuztuak 19
Etxera bueltan da Imanol Garcia (Ezkirotz, Nafarroa, 1995), urtebetez Vila-real B-n jokatu ostean. Han eskarmentua pilatu zuen Espainiako Bigarren B Mailan, eta orain Osasunaren lehen taldean garrantzitsu bihurtzeko erronka du. Taldeari oreka ematea izango da haren zeregina. Hasierako hamaikakoan sar daiteke gaur, Mallorcaren aurka sasoiko lehen lehia jokatzeko.

Gaur ekingo diozue denboraldi berriari, Mallorcaren zelaian. Nola iritsiko zarete estreinako partidara?

Sasoi-aurrean behar bezala egin dugu lan, eta hori da garrantzitsuena. Ondo sentitu gara Bigarren B Mailako eta Lehen Mailako taldeen aurka. Ongi egokitu gara talde teknikoak ekarritako ideia berrietara, eta jokalariok nahikoa denbora izan dugu elkar ezagutzeko. Gure onena emateko moduan gaude.

Zazpi partida jokatu dituzue denboraldi-aurrean, eta emaitzek ez dute aparteko distirarik izan: bi garaipen, hiru berdinketa eta bi porrot. Dena den, taldeak irudi ona eman du, ezta?

Hala da, eta hori da garrantzitsuena liga hasi aurreko lagunartekoetan. Sentipen onak izan ditugu. Agian, hobeki lehiatu gara Lehen Mailako taldeekin. Partida txukunak osatu ditugu Huescaren, Realaren eta Eibarren aurka. Ordea, Bigarren B Mailako taldeen kontra gehiago kosta zaigu zelaian gustura aritzea eta golak sartzea.

Jagoba Arrasateren lemapean ariko zarete denboraldi honetan. Nolako entrenatzailea da?

Pertsona oso naturala da. Gugandik espero duena hasieratik utzi digu garbi, eta uste dut jokalariok ondo ihardetsi dugula. Guztiok gaude pozik udan eginiko lanarekin. Orain lehiatzeko unea iritsi da, eta uste dut talde teknikoak ekarritako ideiak zelaian islatuko ditugula pixkanaka.

Orain arte ikusitakoagatik, presio aurreratua eta joko bizia dira entrenatzaile berriak ezarri nahi dituen premisa nagusiak. Eroso sentitzen zarete jokamolde horrekin?

Bai. Garrantzi handia ematen dio baloia aurkariaren zelaian lapurtu eta bertikala izateari. Horrez gain, zelaiaren azken laurdenean lasai jokatzea nahi du, burua galdu gabe. Jokamolde malgua ezarri nahi du: partidak une bakoitzean eskatzen duenera egokitu behar dugu.

Euskarri gisa, zer egiteko izango duzu zuk haren eskeman?

Orain arte euskarri bikoitzean kokatu nau, 4-4-2 eta 4-2-3-1eko sistemen barruan. Taldeari oreka ematea egokituko zait, jite defentsiboko erdilaria naizen heinean. Horrez gain, aurkariak goian estutzen eta taldea atzean sartzea saihesten ahaleginduko naiz.

Zelai erdian zulo handia handia gelditu da Lucas Torro Eintracht Frankfurtera joan ostean. Haren ordezko izatearen presioa sentitzen duzu?

Ez dut uste haren ordezkoa naizenik, jokalari ezberdinak baikara. Egia da hutsune garrantzitsua utzi duela Torrok, baina udan iritsi garenok badugu maila taldeari behar duena emateko.

Asko aldatu al zara kanpoan urtebete igaro eta gero?

Kanpoan jokatzeak ikuspegi zabalagoa ematen dizu. Vila-realen filosofia ezberdina dute, eta ederra izan da hori bertatik bertara ezagutzea. Horrez gainera, igoera fase bat jokatzeak hazten laguntzen dizu; baita etxetik kanpo bizitzeak ere. Uste dut orain futbolari eta pertsona hobea naizela.

Orain bi sasoi egin zenuen debuta Osasunaren aurreneko taldean, Lehen Mailan. Esperientzia gazi-gozoa izan zen, ezta?

Guztiz. Ederra izan zen talde nagusian debuta egitea, areago Lehen Mailan izanda, baina talde moduan asko sufritu genuen. Dena den, aurreko sasoian Osasunak lortu zuen denboraldi traumatiko hartatik altxatzea, nahiz eta azkenean igotzeko lehiatik kanpo geratu. Orain, berriz ondo sentitzea dagokigu.

Anaia Unairen aldamenera itzuli zara. Hark aurrerapauso handia eman zuen iragan sasoian. Eredu ona da zuretzat.

Defentsa golegile gisa jardun zuen: sendo aritu zen atzean, eta, horrez gain, lau gol sartu zituen. Gainera, lider izaera ere erakutsi zuen. Asko pozten nau anaiak izandako hazkundeak.

Harrobiko gazteek zeresana eman dezakezue denboraldi honetan. Lehen taldearen dinamikan zabiltzate zu zeu, Barja, Olabide, Perea, Juan Perez…

Lehen taldeko futbolariak gara; hori bai, gauzak oso ondo egin behar dira teknikariaren konfiantza lortzeko. Lehia handia dago taldean, eta garesti egongo da hamaikakoetan sartzea.

Talde polita duzue. Gazteok eskarmentu handiko jendea izango duzue alboan.

Garrantzitsua da gazteei aukerak ematea, baina baita elitean zaildutako jendea edukitzea ere. Alde horretatik, esperientzia eta gazteon grina uztartuko ditugu sasoi honetan. Talde orekatua dugu, eta uste dut denboraldi polita osa dezakegula.

Edonola ere, aurreko sasoian ez bezala, zeuen burua ez duzue jotzen Lehen Mailara igotzeko hautagaitzat. Zergatik?

Nire ustez, Lehen Mailatik datozen taldeak dira faboritoak. Guk epe laburreko helburuak jarri behar ditugu. Noski, sasoi amaieran sailkapenaren goialdean egon nahi genuke, baina ez dugu berriro presiopean egon nahi. Geure burua igotzeko hautagai gisa aldarrikatzeak uste baino kalte handiagoa eragin diezaguke.

Eta zuk zer helburu izango duzu?

Ahalik eta minutu gehien jokatu nahi dut. Bigarren Mailan sekula ez naiz aritu, beraz, txapelketa ezagutzea eta jokalari gisa haztea lirateke helburuak. Gustatuko litzaidake gaur bertan hastea minutuak pilatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna