Gehiegi estutzen duen soka eteteko egitasmoa

Arabako Mahastiak sor-marka berria eratzeko prozesua aurrera doa erakundeetan. Arabako Errioxako upategi txikiek ez dute beren izaera galdu nahi Errioxaren marka gidatzen duten upategi handien aurrean.

Langile bat mahats bilketan. Z. K. / EFE.
xabier martin
Gasteiz
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Denek egiten dute ardoa, baina ez dute denak negozio eredu berean jarduten. Eta botiletan itsatsitako etiketak ez du desberdintasunik islatzen: Errioxa, kito. Arabako Errioxako 40 upategitik gora euren negozioaren bideragarritasuna kolokan jartzen ari den zezena adarretatik heltzea erabaki zuten uztailean, eta Arabako Mahastiak sor-marka berria eratzeko urratsa egin zuten. Errioxaren izendapenaren aterkipetik ateratzea beldur ematen die denei, baina aterki horren azpian gehitxo bustitzen hasi dira ardoaren konpainia handiek Errioxan ezarritako negozio eredu berdintzaileak eraginda.

Ataka handia dute aurrez-aurre ABRA elkarteko upategi txikiek; Arabako Errioxako upategien gehiengoa dira (113 upategi), baina ekoizpenean portzentaje txikiagoa dagokie. Errioxan geratzea ez zaie komeni sor-marka horrek upategi handien interesak lehenesten jarraituko duenez, baina sor-markatik joateak arrisku handiak hartzea dakar. Izan ala ez izan, horra hor auzia.

«Luze gabe Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari igorriko dio Arabako Mahastien dosierra, hark BOEn argitaratzeko, eta han espero ditugu lehen oztopoak», esan dio BERRIAri Ines Baigorri ABRAko zuzendariak. Sor-marka berria gelditzeko interes handiak daudela dio, baina «denbora kontua» dela helburua lortzea, upategiek proiektua burutzeko «borondate argia» dutelako.

«Errioxa izendapenean borondatez daude upategiak, noski, baina han eskualde bakoitzaren desberdintasunak estaltzeko erabakia dago. Ardo bera egiteko planifikazioa dago; 20 upategik egiten dute ekoizpen osoaren %70, atera kontuak». Negozio eredu horretan prezio jakin batzuk dituzte ardoek, Arabako Errioxako upategi txikiek ezarri nahi dituztenak baino merkeagoak inondik ere. Zer gertatzen zaie beste era batera aritzen direnik? «Nire negozio eredu eta ahaleginarekin bat datorren salneurria eskatzen badut etiketak desberdintasun hori islatu behar duela argi eta garbi eta gaur egun ez duela desberdintzen; aitzitik, denak berdintzen gaitu, bakoitzak duen negozio eredu eta ardi motaren gainetik». Finean, upategi txikiak, ardogintza gizarte oso baten ardatz gisa ulertzen duten horiek, ezin dira lehiatu negozio euskarri horretan, eta horregatik ekin diote Arabako Mahastiak sor-marka eratzeari. «Bezeroaren aurrean ez badugu identifikazio argirik besteengandik desberdintzeko, horrela zaila da zure bizimodua, eta atzetik datozenei utzi behar diezun hori bideragarria izatea. Negozioa ez bada errentagarria, ez dago zer eginik».

Beste tresna bat gehiago

Baina Arabako Errioxako upategi txikiak ausartuko ote dira inoiz Errioxa sor-markatik ateratzen? Galdera hori han eta hemen dabil auzi hau ezagutzen dutenen artean. Alegia, Arabako Mahastiak errealitate bat denean, sor-marka berriari lotu eta Errioxarena utziko dute?

«Bai, batzuek uzteko asmo irmoa dute, eta ez dira gutxi. Agian zigilua lortzeak luze jo dezake, baina hura martxan dagoenean hainbat upategi hara joango dira», dio segurtasunez Ines Baigorrik. Kontua da upategi txiki batek ardo ondua 12 eurotan saltzen badu eta bezeroak 4-5 eurotan sor-marka bereko etiketa daraman beste bat badauka aurrean, zaila dela hari erakustea zergatik balio duen batek 12 eta besteak 4. Horregatik ikusi dute batzuek beste sor-marka, beste etiketa bat eratzeko beharra. Arazoa ez baita bezero partikularra bakarrik, esportatzaileak baizik. «Batzuk oso profesionalak dira, eta ulertzen dute etiketa bera duten bi ardoen artean alde izugarria dagoela, eta prest daude alde hori pagatzeko, baina gero eta zailagoa da». Are gehiago, Baigorrik dio esportatzaile batzuek sor-markaren logoa kentzeko eskatzen dietela, ardoa haiek nahi duten mailan kokatu eta saldu ahal izateko.

Hala ere, Arabako Mahastiak beste tresna bat izango da upategien esku, hari lotzeak ez baitu derrigor ekarriko Errioxa sor-marka uztea mahastiak dituztenentzat. Legeak baimentzen du sor-marka batean baino gehiagotan izena emanda egotea; kontua da mahatsa upategian sartzean sor-marka batentzat izan beharko duela nahitaez. Hau da, mahatsen jabeek beren mahatsa upategi desberdinetara bidali ahal izango dute sor-marken baldintzak betetzen dituzten bitartean. Batzuek bi sor-marken ardoa egiteko aukera ez dute baztertu. Denak daude zer etorriko den zain, adi-adi, beren negozioa ahalik eta hoberen kokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.