LEKU-LEKUTAN

Berlinen barna (Gironatik New Yorkera?)

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko apirilak 8
Alfred Hitchcockek suspensea eta whodonit-a bereizteko darabilen formula ezaguna da: whodonit-a azken unean hiltzailea zein den dioskun istorioa litzateke; suspensean, aldiz, protagonistak baino datu gehiago ditugu, eta horrek sortzen du ezinegona. Bonbaren adibidea darabil Hitchcockek: bikote bat solasean erakusten badu eta bat-batean bonba bat lehertzen bada, ezustean harrapatuko gaitu. Aldiz, hasieratik mahaipeko bonba erakutsita, ezinegona nagusituko da, pertsonaiak lasai asko berbetan dabiltzan artean ikusleak badakielako zer dagoen gertatzear. Jose Antonio Agirre lehendakariak horretatik asko daukan liburu zirraragarria utzi zigun erbestealdian. Belgikan familiarekin oporretan dagoela, esaterako, eta naziek Frantzia inbadituko duten zurrumurruak aipatzean. Irakurleak badaki handik gutxira zer gertatu zen, eta lehendakariari hori bera salatu gura lioke, «segi berehala Ingalaterrara». Baina ez zen joan, eta itsasoko bidea itxi egin zen handik gutxira. Mozorrotuta, Berlinen espainiar diplomatiko frankista batekin daukan afaria ere ez sinestekoa da. Kontakizunean zehar, etengabe dabil Companysen memoria orririk orri. Inork irakurri ez balu, Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz Erein argitaletxean dauka.

Konplotak ikustea atsegin du jendeak, baina determinismorik gabe, atzo Carles Puigdemont argi mintzatu zen: atxilotu zutenean, familia Bruselara iritsi berria zen Aste Santuko oporrak elkarrekin emateko, eta Puigdemonten asmoa ere, noski, haiekin elkartzea zen. Gertatutakoa ez zegoen inon idatzita; baina orain jokaldia erabat aldatu da. Barregarria ere izan da asteon Europako Batzordeko bozeramailea entzutea, berriz ere Kataluniako gatazka politikoa Espainiaren barne auzia dela esaten, lau estatutako justizia gaia aztertzen ari denean, beste hiruzpalautan agerraldiak eginda, eta iritzi publikoa deitzen den horren agendan gaia etengabe dagoela.

Espainian jarrera historikoa ari da nagusitzen: «Mundua (Europa) gure aurka dago». Ez daude ohituta bakardade horretara, eurek estatu baten abantaila eta pribilegio guztiak izan eta independentistek horiek guztiak falta izan arren. Belgikan hasitako abentura berehala amaitzekoa ei zen. Gero flandriarrak eta Belgika oro har gutxiestea etorri zen. Suitza, Danimarka eta estatu txikiak estatu serioekin alderatzea hurrena. Baina Alemaniak bizkarra ematen dizunean, ez duzu gehiago nora begiratu laguntza eske. Kontua da Berlinek, berez, ez diola oraingoz bizkarra eman Madrili. Gurako lukete Varsovian edo Budapesten Alemaniak Espainiarekiko izan duen kondeszendentzia.

Brexit-a gauzatzeko urtea baino gutxiago falta, Italian gobernurik ezin eratu, Hungarian Orban berrindartuta gaur itxura guztien arabera eta Alemanian bertan AfD geroz eta lotsagabeago aurpegirik xenofoboena agerian uzten, Espainiako krisi sistemikoak arazo txikia zirudien Europatik begiratuta. 2014an ondo antzean bideratu zuten errege aldaketa, eta bipartidismoaren lekuan ñabardura gehiago dakarten lau alderdik betetzea jokaleku nagusia, oso ohikoa da herrialde askotan. Estatu normalek arazoei aurre egiteko joera dute. Sistemari oro har, eta lurralde-egiturari erronka indartsu bat datorkionean, politikoki jokatu, herritarrek botoekin legitimatutako estatu izateak ematen dizkizun abantailez baliatu, eta auzia konpondu. EBko estatuek ez dute nahi kide baten baitako sezesiorik, baina geroz eta bakartuago dago Madril, inork ulertzen ez duen dogmatismo errepresibo batean kateatuta.

Independentisten Jordi Sanchezen aldeko hautua horri lotuta ei dago: NBEren esanei entzungor, Madrilek berriz ere lehendakari izatea galaraziko dion ustea, munduaren aurrean nabarmen geratuz. Arranguren zakurako beste tanto bat lortzea garrantzitsua izan daiteke taktikoki. Baina Alemanian Madrili ez eze, Bartzelonari ere mezu argia helarazi diote: taktikak utzita Puigdemont hautatzea dute bidea, Madrilen oldarra orain arteko gogorrena izango dela jakinda ere. Geroz eta nabarmenago ari baita geratzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna