Felipe Juaristi.
Patxi Ezkiagaren heriotza. IRITZIA

Ezkiagaren jainkoa

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Idazlea

Bizitza den bezalakoa da, ez luke inork zalantzarik izan behar. Baina bizitza den bezalakoa izan dadin bakoitzak beretik jarri behar du. Batzuek munduari jira eta buelta egiten diote, beren burua ezagutzeko. Beste batzuek etxe bat ona zutitzen dute eta gero altzariz betetzen, bertako guztiak aisa eta eroso egon daitezen. Maitasun kontua da. Borgesek gogoratu zigun bezala, bere lorategia zaintzen duenak mundua zaintzen du eta, modu batez, bera salbatzen. Zuzena da, egunero azokara etxerako barazkiak eta bestelako jakiak erostera joatea bezala. Egiten duena egiten du, ez beraren kariaz, edo beraren apeten edo interesen pisuaren pean; nahi duelako eta maite duelako baizik. Maitatzeko modu asko daude munduan, eta ez dira denak berdinak. Gorrotatzeko ere modu ugari dago bazterretan. Baina badakigu maitatzen duenak gorrotatzen duena bera ere salbatzen duela. Egia da maitasuna baloratuegia dagoela, baina ez sakonean gordetzen duenagatik, azalean erakusten duenagatik baino. Azalak errealitate bat erakusten digu.

Patxi Ezkiagak poesia maite zuen, baina poesia harentzat dena zen. Poesia harentzat jainkoa zen, eta jainkoa harentzat poesia ere bazen. Natura poesia zitzaion, eta poesia naturaren emaitza, arboletako sagarrak bezala: eskuz hartu eta ahoz gozatzekoak. Jainkoa toki guztietan ikusten zuen, eta toki guztiek jainkoa ekartzen zioten gogora. Idazten zuena, eta asko idatzi zuen, jainkoari eskerrak ematekoa zen. Poesia prosaren aldean goi mailakoa baldin bada, horrelako kontuei esker da (prosagileek ere badakite). Patxi Ezkiagak hitz bakoitzean, esaldi bakoitzean, poema bakoitzean transzendentzia bilatu nahi zuen. Esan dezadan bila zebilen hori ez zela mundu honetakoa, nahiz eta poeta mundu honetan bizi den eta gozatu eta sufritu, mundu honetan egiten duen. Hitz bakoitza zitzaion aldare, eta aldare bakoitza jainkoarenganako eskailera maila bat. Poesia harekin batzeko modua zitzaion.

Poeta zen. Gizakia zela jakinda, haratago joan nahi zuen. Denok bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.