Oraingoari eutsi, baina irauliz

Norman Foster arkitektoak handituko du Bilboko Arte Ederren Museoa. 2.250 metro koadro berritu, eta beste 5.140 gehituko dituzte. Luis Maria Uriarte arkitektoarekin gauzatuko du Fosterrek proiektua

Airean igeri. 5.140 metro koadroko egitura bat eraikiko dute eraikin zaharraren gainean. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
«Bilboko Arte Ederren Museoaren bizitzan kapitulu berri bat idazten du honako egitasmo honek». Etorkizuneko museoak izango duen itxura erakusten duten irudiei begira baieztatu du hori Miguel Zugazak, museoaren zuzendariak. 2017an, museoaren gidaritza hartu eta berehala, azpimarratu zuen Zugazak beharrezkoa zela erakundea zaharberritzea, eta norabide horretan hainbat urrats egin ditu ordutik. Aldaketarik ikusgarriena, baina, etortzeko dago, atzo jakinarazi baitzuten museoa berritu eta handitzeko lanak Norman Foster arkitektoaren esku utziko dituztela (Manchester, Erresuma Batua, 1935). Luis Maria Uriarte arkitekto laudioarrarekin batera ondu du Fosterrek Agraviti proiektua, eta Zugazaren hitzetan, «etorkizunera begira» jarriko du museoa.

Iraganetik geroaldira egin du Zugazak. «Lehia irabazi duen proposamenak guztiz errespetatzen du gaur egungo egitura. Eraikinak dituen balioak errespetatuz, etorkizunean kokatzen du, eraikin zaharraren gainean ezarritako galeria baten bidez». Zehazki, oraingo eraikinaren 2.250 metro koadro berrituko ditu proiektuak, eta beste 5.140 gehituko dizkio. 18.658.200 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta 2022. urtearen amaierarako bukatu nahi dituzte.


5.140 metro koadroko egitura bat eraikiko dute eraikin zaharraren gainean. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA

Museoa handitu eta eraberritzeko 57 egitasmo aurkeztu dituzte orotara lehiaketara, eta horien artetik sei talde iritsi dira azken fasera: Nieto-Sobejanoren Bikoitz egitasmoa; Rafael Moneoren Zigzag; Ute Big taldearen Botxo; Snohetta Oslo eta Foraster taldeen Efecto Mariposa; Kazuyo Sejuma eta Ryue Nhisizawa taldeek, eta Iñaki Aurrekoetxea, Asier Aurrekotxea eta bazkideekin ondutako Parke Ederren Museoa; eta, azkenik, Fosterren eta Uriarteren Agravitas. Hilaren 29tik aurrera, sei egitasmoak jarriko ditu ikusgai museoak.

Zugazaren hitzetan, «aho batez» hartu dute epaimahaikideek Fosterren eta Uriarteren lana aukeratzeko erabakia. Epaimahaiak atzo bertan eman zion hartu duten erabakiaren berri museoaren patronatuari —Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza—, eta jendaurrean azalpenak eman zituzten ondoren. Zugaza: «Teknologikoa da itxuraz, ikuspegi humanista du, eta jasangarria ere bada. Kalitate arkitektonikoa, hiriarekiko sentsibilitatea eta erantzukizun soziala biltzen ditu proposamenak».


Museoa handitzeko eta eraberritzeko 57 egitasmo aurkeztu dituzte. MIGUEL TOÑA / EFE

Eraikin «adimenduna»

Zuzendariaren arabera, museoaren «ikusgaitasuna» handituko du Fosterrek ondutako proiektuak, baita eraikinaren «funtzionaltasuna» hobetu ere. «Gaur egungo azpiegituraren gainean igerian egongo den areto handiarekin identitate berri bat hartuko du museoak, eta, era berean, ibilbideak eta espazioak hobetuko ditu: sarrera nagusia berriz kokatuko da sorreran ezarritako tokian; lehen soilairu osoa bateratuko du; eta, gainera, museoaren Arriaga plaza atrio handi bat bihurtuko da».

Museoaren eraikin zaharraren ate nagusia, Euskadi plazara begira dagoena, itxita dago gaur egun, ondoren eraikitako kristalezko eraikin modernoan baitago sarbidea. Hori da, besteak beste, handitze lanekin aldatuko den elementu nagusietako bat. Euskadi plazarekin lotuko da museoa, eta trafikoan ere aldaketak eragingo ditu. «Casilda Iturrizar parkea handitzen du egitasmo honek: gaur egun Euskadi plazan dagoen biribilgunea parkearekin lotuko du». Biribilgune izateari utziko dio, beraz, eta trafikoan ere aldaketak eragingo ditu. Alameda Zumarkalera bidea ere gertuago izango du museoak. «Guggenheim museotik hurbilago izango gara».

Eraikina «adimenduna» izango dela azpimarratu du Zugazak. «Aireztatze sistema eta argi naturalaren erabilera ahalbidetuko du, eguzki energiaz hornitzeko bideak izango ditu, eta euri ura ere jasoko du. Beraz, mantentze kostuak gutxitzeaz gain, eraikuntzak ingurumenean izango duen inpaktua murriztuko da».

Foster eta Uriarte arkitektoek hamabost hilabeteko epea dute orain proiektua idatzi eta txostena museoaren patronatuaren esku uzteko. Behin betiko egitasmoa aurkeztuta, hamasei hilabeteko tartean egingo dira eraikuntza lanak. Beraz, dena ondo bidean, 2022. urtearen bukaerarako irekiko ditu ateak museo berrituak. Zugazak azaldu duenez, lanek iraun bitartean itxita egongo da museoa. Horregatik, gaur egungo eraikinaz kanpoko beste espazio batzuk egokituko lituzke museoak, eta erakusketak bertan antolatu.


Atzo, agerraldia egin zuen patronatuak. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Laugarren eraldaketa

Museoaren laugarren aldaketa izango da orain egingo dutena. 1945. urtean sortu zen gaur egungo museoaren eraikin zaharra dena, eta urte gutxiren buruan hainbat obra eskuratu zituen, dohaintzen eta erosketen bidez. Txiki geratu zitzaien sorrerako azpiegitura, eta, 1970eko hamarkadan, eraikin berria gehitu zioten horregatik. Alvaro Libano eta Ricardo Beasco arkitektoek egin zuten gaur egungo museoaren eraikin moderno gisa ezagutzen den kristalezko eraikina: 1971n inauguratu zen.

Zugazaren ardurapean egin zen museoaren bigarren eraberritzea. 1996ean hartu zuen gidaritza, eta 2001. urtean hartu zuen pinakotekak gaur egun duen itxura. Orotara, 6.450 metro koadro gehitu zitzaizkion museoari, eta 15 milioi euro inbertitu zituen patronatuak lanetan. Madrilgo Prado museoaren zuzendari jarri zuten gerora Zugaza, 2002tik 2017. urtera bitarte. 2017an hartu zuen berriz museoaren gidaritza, eta eraikin zaharreko 31 areto berritzea izan zen egin zuen lehen gauzetariko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.