Xabi Prieto eta Carlos Martinez gaur agurtuko dira, Anoetan

Carlos Martinez eta Xabi Prieto, atzelariaren agurrean. J. C, RUIZ / FOKU.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Partida ezohikoa bezain berezia izango da gaur Anoetan. Emozio ugariz beterikoa. Eta ez da gutxiagorako, gauza ugari batuko baitira Realaren eta Leganesen arteko lehian (16:15). Garrantzitsuena, azken urteetan taldean giltzarri izan diren bi jokalari agurtuko direla: Xabi Prieto eta Carlos Martinez. Batez ere, kapitainari agur hunkigarria eskainiko dio klubak partida amaieran, eta txuri-urdinen elastikoek ere hari egingo diote keinu. Horrez gain, Imanol Alguacilek azken aldiz zuzenduko du taldea etxean, eta hark ere jasoko du zaleen esker ona. Bada, kontu horiek gutxi ez, eta Leganesen aulkian Asier Garitano eseriko da, datorren sasoian Reala zuzen dezaketen entrenatzaileetako bat. Hortaz, Anoetak ez du motiborik faltako emozioz betetzeko. «Garrantzitsuena Prieto eta Carlos Martinezen agurra izango da, baina omenaldia are politago egingo dugu Leganesi irabaziz gero», adierazi zuen atzo Imanolek.

Agurren eguna izan eta sailkapenari begira jokoan ezer ez badago ere, irabaztea besterik ez du buruan Imanolek. Hasieran pentsatu ere ez zuen egiten Xabi Prieto eta Carlos Martinez deialdian sartzerik. «Jokalari guztiak fisikoki ondo eduki banitu, haiek ez ziren deialdian egongo. Baina, Aritz Elustondok eta Januzajek arazoak izan dituztenez, bi jokalariak Anoetan izango dira». Hitz horiekin ondoriozta daiteke biekizango dutela hasieratik jokatzea. Fisikoki erdizka jokatu eta hautsita bukatzeak ez lieke gehiegi axolako, beraz.

Bi jokalari horien agurrekin, belaunaldi aldaketa goitik behera gauzatuko du Realak. Halere, Imanolen esanetan, klubak ziurtatua izango du etorkizun oparoa. «Belaunaldi gaztea bezain ona dator harrobitik, eta hurrengo entrenatzaileak lan ona egiteko baliabide guztiak izango ditu. Ez dakit nor izango den pertsona hori, Garitano edo beste bat, baina ea klubak asmatzen duen erabakiarekin. Nik nire helburua bete dut, egoera zailari buelta eman eta jokalariei zukua atera diet eta. Ea ez garen berriz egoera honetara itzultzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.