Etxeko lanak, beste baterako

Limako klimaren goi bileran ez dute lortu gas kutsakorrak murrizteko akordio esanguratsurik.

Herrialde aberastuen eta hazteko bidean daudenen arteko desadostasunek trabatu dute bilkura
Hil plantak egin dituzte bilkuraren egoitzaren aurrean, Liman, gas isurketak murrizteko neurriak eskatzeko.
Hil plantak egin dituzte bilkuraren egoitzaren aurrean, Liman, gas isurketak murrizteko neurriak eskatzeko. P. AGUILAR / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 14
Ez dute helburua bete. Ez dago akordio esanguratsurik. Liman CO2 eta beste gas kutsakorren isurketak murrizteko bildutako 196 herrialdetako ordezkariak esku hutsik itzuliko dira etxera. Aurretik ere zaila ikusten zen klima aldaketari buruzko akordio erabakigarriak lortzea. Negoziatzaileek hamabi eguneko bilkuran adostu beharra zuten azken urteetan ezinezkoa izan zaiena. Halere, Peruko ordezkariak —bilkuraren antolatzaileak— talde guztiekin biltzekoak ziren atzo gutxiengo akordio bat adostu ahal izateko. Lerrook idazteko orduan, oraindik ez zegoen adostasunik.

Abenduaren 1ean hasi zuten COP20 izeneko bilera, eta ostiralean zuten bukatzekoa. Baina atzo arte luzatu behar izan zuten, adostasun faltagatik. Akordio zabal bat lortzeko ezintasuna agerian, nola edo halako gutxiengoko testu bat hitzemateko estutu dituzte negoziatzaileek azken orduak. Erlojuaren kontra, zirriborro bat plazaratu dute, baina ez da kontsentsu nahikorik egon. Oro har, herrialde aberastuek ontzat eman dute testua. Ez, ordea, ekonomikoki hazteko bidean daudenek eta txiroenek.

Parisen hurrengo urtean hitzartu behar duten protokoloaren zutabeak ezartzekoak ziren Liman. 2015ean bilduko dira berriro, Parisko bilkura baino lehen, jarrerak gerturatzeko itxaropenarekin. Kyotoko protokolo zaharkitua ordezkatu behar du Parisko itunak. Izan ere, agintariek ezin dute zientzialarien datuei izkin egiten jarraitu denbora luzez. Industrializazioaren aurreko garaitik 0,8 gradu igo da munduko tenperatura erregai fosilen erabilerak eragindako gasen isurketaren ondorioz. Tenperatura beste bi gradu ez igotzeko erronka betetzeko, 2020a baino lehenago hasi beharko lukete gas emari kutsakorrak murrizten.

Herrialde aberastuek eta ekonomikoki hazteko bidean daudenen arteko desadostasunek trabatu dituzte negoziazioak. Azken horiek historikoki besteek baino askoz gutxiago kutsatu dute, baina azalean sufritu dituzte klima aldaketaren ondorioak. Horregatik, ekonomia handienei exijitzen diete gas isurketen inguruko konpromiso handiagoak hartzeko, eta beroketa globalaren ondorioei aurre egiteko finantza laguntza emateko. Herrialde aberatsak, ordea, uzkur agertu dira isurketak murrizteko behar diren aldaketa teknologikoak finantzatzeko.

Goi bilkuran plazaratutako zirriborroa bidegabetzat hartu dute herrialde txiroenek eta hazteko bidean daudenek, berme nahikorik ez duelakoan. Desberdintasun tratu bat eskatzen dute. Txina, India, Brasil eta Afrikako herrialdeak daude bloke horretan, besteak beste. «Ardura komunak baina desberdinduak. Hori da gure marra gorria», azaldu du Antonio Marcondes Brasilgo ordezkariak. Malaysiakoak ere bide beretik jo du. «Zuetako askok kolonizatu gintuzuen. Horregatik egon behar du desberdintasun bat».

Ardura desberdinduak

Azken egunetan hainbat mandatarik negoziazioak desblokeatzeko ahaleginak egin dituzte, AEBetako Estatu idazkari John Kerryk, kasurako. Munduko kutsatzaile nagusienen artean bigarrenak dira AEBak, Txinaren atzetik. «Inork ez luke salbuespen txartela izan behar», esan du Kerryk. Era berean, hazteko bidean dauden herrialdeei haien ardurei buruz ohartarazi die. «Egun, haienak dira gas isurketen erdiak. Beharrezkoa dute haiek ere ekitea».

Bilkuraren beste helburuetako bat zen herrialdeek aurkezten dituzten datuak neurtzeko sistema bateratu bat erabiltzea. Baita bakoitzaren erabakiak betetzen ote diren neurtzeko sistema ezartzea ere. Baina Indiak, esaterako, ez du hori onartzen, subiranotasuna urratzen duelakoan.

Ordezkari guztiek nabarmendu arren kontsentsua lortzearen beharra, zaila dirudi bi blokeak ados jartzea. Zantzu txarra hurrengo urteko Parisko bilkurarako. Txinako ordezkaritza agertu da eszeptikoen. «Kale itsu batean gaude».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna