Ipar Mazedonia: itxura ona eman nahi du

Goran Pandev. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Finlandiarekin batera, Eurokopa batean debuta egingo du Ipar Mazedoniak. Bi milioi biztanle pasatxo besterik ez du, Euskal Herriak baino milioi bat gutxiago. Sekulako balentria egin zuen Eurokoparako sailkatuta, baina ez da egindakoarekin bakarrik konformatzen. Ezohiko moduan sailkatu zen: sortu berri den Nazioen Ligaren bidez lortu zuen, Kosovori eta Georgiari irabazita. Multzoko talderik ahulena dirudien arren, edonori irabazteko gai dela erakutsi du. Martxoan, 1-2 irabazi zion Alemaniari, orain dela hogei urte selekzioa osatu zutenetik estreinako aldiz. Badu zeri heldu.

Igor Angelovski da hautatzailea. Ez da oso teknikari ezaguna nazioartean, bere herrialdean jokatu eta entrenatu baitu soilik. Haren selekzioko ibilbidea ez zen oso ondo hasi. Emaitza kaskarrak izan zituen lehenengo neurketetan, eta taldeari neurria hartzea kostatu zitzaion. Behin martxa hartuta, ordea, bikain ari da lanean.

Taldeko izarra eta liderra Goran Pandev da. Ipar Mazedoniako jokalaririk onena da, herrialdearen izena Europako zelai entzutetsuenetara eraman duten bakarrenetakoa. Hogei denboraldi baino gehiago daramatza goi mailako futbolean, gehienak Italian (37 urte ditu). Txapeldunen Liga irabazitakoa da, 2010ean, Jose Mourinhoren Milango Interrekin. Hain zuzen, hark sartu zuen Eurokoparako sailkatzeko balio izan zuen gola. Nazioarteko txapelketa garrantzitsuetan taldeari falta zaion esperientzia ematen saiatuko da. Enis Bardhi da beste jokalari aipagarria. Levanteko erdilariak sekulako jaurtiketa dauka. Espezialista da faltak botatzen, baina jokoan ere urrutitik jaurtitzeko gai da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.