Motza, bizia eta estua

Gaur abiatuko da KAE 1 liga, Pasai San Pedron (12:15). Hamabi talde ariko dira lehian, eta, aldez aurretik, ez da faborito nabarmenik ikusten. Hamalau estropada dituzte.

Behetik gora, San Juan, Zumaia, Orio B eta Deustu, iaz, Getarian, KAE 1 ligako estropadan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hasterako ez da bukatuko KAE 1 liga, baina hortxe-hortxe. Gaur hasi eta abuztuaren 21 arte, hamalau estropada baino ez dituzte izango hamabi taldeek. Motza bada. Bizia ere bai, ondorioz. Eta estua ere bai, faborito argirik ez baita ikusten beste guztien gainetik nabarmentzeko.

Pasai San Pedron gaur bertan (12:15, ETB1) hasi beharko zuten gauzak argitzen, lehiaketa ofizialaren hasiera delako, baina eremuaren bihurrikeriak ez du aterako argazki zehatza, ziurrenik. Bost luze eta sei ziabogako lana daukate aurretik arraunlariek. Indartsuenentzat pagotxa. Trainerua sei aldiz bizitu beharrak aginduko du. Eta ziabogek. Ondo eman behar. Baina nekea etsai, lanen zehaztasuna doitzeko. Nahiz eta denak erraldoien pare egon, hasiera delako. Beroa ere deabrua gaur, eguerdi alderako aldaketa iragarrita dagoela baztertu gabe. Konturik zehatzena hauxe da: txanden banaketa. Aurrenekoan joango dira Camargo, Orio B, San Juan eta Zumaia; bigarrengoan Castro, Deustu, Pedreña eta San Pedro; eta hirugarrengoan Arkote, Busturialdea, Hondarribia B eta Zarautz.

Asier Puertas (Orio, Gipuzkoa, 1975) da bigarren urtez segidan zarauztarren entrenatzaile eta, aldez aurreko kontuetan, faborito multzo oparoko kideetako bat. «Aurrean ibili nahi dugu, ohorezko txandan. Behin hor gaudela, beste borroka batzuetan sartu nahiko genuke». Orion taldekide izan zuen Puertasek Gorka Etxeberria (Orio, Gipuzkoa, 1977), eta Arkoteko entrenatzaile izango da hirugarren urtez. Plentziako trainerua ere faboritoen multzoan ei dago. «Ahal den ondoena ibili nahi dugu, banderen lehiatik gertu. Gero, lehiak jarriko gaitu bakoitza bere lekuan».

Batak bestearen taldea aipatu du kontrario zuzentzat; baita beste batzuk ere. Berberak esan dituzte: San Juan eta San Pedro. Pedreña eta Zumaia tentuz zaintzeko taldeak izango direla ere bat datoz. Azkenean, talde bakoitzaren neurriak emango du bere maila. Puertasek honela marraztu du berea: «Arin samarra da taldea, baina orekatua». Izan du azken orduko aldaketarik: Aitzol Garro patroiak ezin izan du segitu, eta haren ordez Iker de la Linde ekarri dute Hondarribitik, utzita —jokin Gijarro zumaiarrak beteko du haren zuloa Hondarribian—. «Ez da egokiena liga hasi baino bi aste lehenago etortzea patroi berria, baina ezagutzen dugu elkar, eta badaki zer nahi dudan», esan du Puertasek.

Etxeberriarentzat, bere taldea ere arina da: «Iaz baino indar gutxiago daukagu, baina pisuaren eta potentziaren ratioan hobeto gaude»

Argazki zehatza abuztuaren 21ean, eta garailea izango du ligak. Baina ez da igoko zuzenean Eusko Label ligara. Ohi bezala, kanporaketa jokatu beharko du. Zuzenean beste liga batera joango dena azken sailkatua izango da, eta haren gaineko biek kanporaketa jokatu beharko dute KAE 2 ligako bigarrenarekin eta hirugarrenarekin. Zarautz edota Arkote zulo horretan ibiltzea zeruak eta lurrak bat egitea baino zailagoa litzateke.

Ondo hasi «beharra»

Orioko bi entrenatzaileak bat datoz egutegia laburra dela nabarmentzerakoan: «Aukeran estropada gehiago nahi, baina hauxe dago». Estropada gutxi izatearen ondoriorik agerikoena hauxe da, eta horretan ere iritzi bera dute biek: «Ondo hastea funtsekoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.