Barrenetxearen estatu kolpea

Ezustekoa emanda irabazi dio Urrizari finalean (30-27), eta lehen aldiz jantzi du buruz buruko txapela

Endika Barrenetxea irabazi izana belauniko ospatzen, partidako azken tantoa egin ondoren. MAIALEN ANDRES / ORIAMENDI.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Bere burua luze eginda lurrera bota, eta dejadarekin arriskatuz egin zuen azken tantoa Endika Barrenetxeak. Ordubetetik gorako final oso gogor baten hondar pilotakada ikusgarria izan zen. Txapa gainean jo zuela ikusi bezain laster belauniko jarri zen, eta ukabila estutu zuen amorruz. Estatu kolpea eman berri zuen Galarretan. Leher eginda zegoen, eta berehala gerturatu zitzaion Javi Urriza besarkada ematera. Bere burua gotorki defendatu arren, tronutik bota zuten, eta Kutxabank torneoko txapeldun berriari eginiko aitortza keinua izan zen. Buruz buruko azken zazpi finaletatik sei irabazitakoa zen, azken hirurak jarraian, baina atzo berak dastatu zuen porrotaren garratza, eta ikusteko dago azken txapelketa duen —38 urte ditu—.

Erremontea ez dela buruz buru jokatzeko diote Galarretako zale klasikoek. Beste garai eta molde bateko pilotariak izango zen. Urriza eta Barrenetxearen ahal fisiko eta teknikoarekin, gozamena da bi pilotariak 54 metroko pilotalekuan gora eta behera korrika ikustea. Biak ala biak erremontistak dira, baina maratoilari ere izan zitezkeen. Atzo behintzat biek maratoi bana jokatu zuten, saskia eskuan jantzita. Barrenetxea hobeto aritu zen lehen tantoetan, eta 3-7 aurreratu zen, sakearekin asko asmatuta. Sakea ezinbestean zukutu beharra zeukan ezustekoa eman ahal izateko.

Urriza, baina, lehiakorra da, eta piloteoan ez du parekorik. Defentsatik eraikitzen du jokoa, bote lasterra eta bote gora erabiliz, eta zazpinakoa jarri zuen. Urriza gailendu zen, eta 8-3ko partziala lortu zuen gero (15-10). Ordurako biak arnasestuka zeuden; tanto gogor asko egon ziren, baita korrikaldi luzeak ere.

Barrenetxeak une larriak pasatu zituen, baina gorputzari buelta eman, eta tanto batera gerturatu zen (20-19). Jazarpen proba hasi zen orduan: 22-21, 23-22, 25-24... Barrenetxea tanto batera gerturatzen zen, baina ez zuen aurkaria pasatzea lortu. Bolada horretan, bi falta egin zituen saketik.

Urriza, baina, hezur-haragizkoa da, eta haren huts baten bitartez egin zuen Barrenetxeak hogeita seinakoa. Partida erdi aldeko txakalaldia pasatuta, gazteak freskoago zirudien, eta premia gehien zuenean atera zituen bere bi sakerik onenak. Biak paretan itsatsi zituen, eta Urrizak ezin izan zituen bueltatu (28-26). Hazita zegoen, eta ikusleak alde. Urrizak beste huts bat egin zuen 29-26koan, eta, txapeldun ohia 29-27 gerturatu zen arren, azken piloteoa Barrenetxearen aldekoa izan zuen. Txapelduna bera harritua zegoen azken txanpan hain maila onean arituta: «Azken hamar tantoetan hankak ez nituen nabaritzen. Zirrararen eta jendearen babesaren eraginez, nekea desagertu egin da. Etxekoei eta preso daudenei eskaintzen diet txapela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.