Uxue Arzelus Lasa.
Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Kaosaren babesean

2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Las buenas intenciones'

Zuzendaria: Ana Garcia Blaya. Herrialdea: Argentina.Iraupena: 86 minutu.

A rgentinan gaude, 1990eko hamarkadan. Amandak 10 urte ditu, eta gazteagoak diren bi anai-arreba: Manu eta Lala. Gurasoak bananduta daude, eta, aitarekin daudenean, haurrak du haien ardura; izan ere, aita ez da ardurak izatearen oso zalea. Hala ere, haurrak zoriontsuak dira aitarekin; bere lagun Ernesto eta haren disko dendarekin, etxean egiten dituzten kontzertu akustikoekin baita futbol zelaira joan eta blai bukatzen dutenean ere. Horregatik, amak eta haren bikotekide berriak Paraguaira bizitzera joan behar dutela kontatzen dietenean, Amandak kezkak izango ditu.

Istorio autobiografiko bat aurkeztu digu Ana Garcia Blaya argentinarrak. Bere familiarekin eta batez ere aitarekin (Javier Garcia Blaya musikaria zena) zuen harremana kontatu nahi izan du film txiki baina indartsu honetan. Horretarako, etxean egindako bideoak tartekatu ditu; batzuetan filmeko aktoreekin grabatutakoak, baina askotan bere haurtzaroko grabaketak zirenak. Istorioari kutsu familiarra ematen dion baliabide bat bada ere, filmak bere horretan funtzionatzen du, bere txikitasunean da handi.

Samurra da Garcia Blayaren filma. Goxoa. Aita desastre hutsa bada ere, haurrekiko duen maitasunak konkistatu egiten zaitu, eta bere kaosean etxeko babesa ekartzen du gogora. Umorez eta musikaz beteriko filma da; futbol eta udako bainuez; eta tabakoz, tabakoz beterikoa. Lehen sekuentziako detaile batek aurkezten digu ikusiko duguna: Amanda aitaren etxean esnatzen da, bere anai-arrebekin egin du lo egongelan, eta janzten ari dela ez du bigarren oinetakoa topatzen. Beraz, oin batean deportiba eta galtzerdi luze batzuk jarri eta bestean txankleta bat janzten du. Ez da perfektua, ez da ohikoa, baina berea da, eta gustura dago horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.